BI logela nagusi, komun handi bat, igogailua, sukalde eta egongela argitsua, alde zaharretik gertu: 280.000€. Auzo berri batean kokatuta, hiru logela, sukalde eta egongela bateratua, bi komun eta terraza: 340.000€. Logela eta egongela bateratua, sukaldea patiora, garajea, eta komun argitsua, eraikuntza berria: 250.000€. Horrelako deskribapenak dituzten arkitekturak interesatzen zaizkizue, eta azken aldian baita niri ere. Egunero erabili behar ditugunak, beharrezkoak, eskuragarri ez direnak. Egiten diren arkitektura kritiken ehuneko handi bat, eta baita sarituak ere, etxebizitzak dira.

Arrazoi desberdinak medio etxeak egitea eta norberak bat edukitzea beti goraipatua izan da. Bakoitzak bere habitat propioa eduki behar du, jabetzan, eta babesleku jakin bat edukitzera bideratzen dira politikak eta heziketa, bestelako etxebizitza ereduek kabida korapilatsua edukitzera bideratuta.

Ikus daiteke tipologia aldetik ez direla asko aldatu azken hamarkadetako etxeak. Egia da zure amamaren eta amaren etxeen artean diferen-tziak daudela, aldaketa txikiak, detaile minimoak. Eredu errepikakorrak egiten dira, kopiaren kopiak. Espazio horiek okupatzen dituzten gorputzak eboluzio jarraikor batean gaude, bizitzeko eta erlazionatzeko era berriak jorratzen ari gara. Haatik, etxeen planteamenduetan eta espazioetan hori ez da ikusten. Begiratu, orain arte egin ez baduzu, etxeak saltzen dituzten webguneak edo higiezinen publizitatea.

Etxeen erreprodukzio jarraikor horretan ez da beharrezko denbora hartu pertsonen nahi, desira eta behar berriak zeintzuk diren identifikatzeko, ezta galdetzeko ere. Zergatik errepikatzen dira mota berdineko unitate bizigarriak? Zer dago etxebizitza "politika" horien atzean? Zergatik ematen zaio etxebizitza eredu horri horrenbesteko garrantzia? Hurrengo elementu hauek erabakigarriak dira gure etxeen azpiegituren konfigurazioa ulertzeko.

Bat. Higiezin merkatu bat dago. Negozio erraldoi bat. Fabrika bateko produkzio katea balitz egiten dira etxeak, eredu bat hartu eta aldaera minimo batzuk egin, behin eta berriz erreproduzituz. Produkzio masaren logikan eraiki dira eta erabiltzaileak ez dira aintzat hartzen. Etxeak oinarrizko eskubide bat izan beharko luke, eta ez da horrela. Espekulatu egiten da, arrazoi asko medio: boom urbanistikoa, turismo masiboa, bigarren etxebizitzak, diru sarrerak€ Eskaintzak gainetik begiratuta errealitateak beste gauza bat adierazten du: prezio garestiak eta kalitate baxukoak, bai berriak eta baita bigarren eskukoak ere.

Bi. Arlo sozialean erreparatuz, familia eredu baten (heteronormatibo) erreprodukziorako lanabesa dira (feat. Paul B. Preciado). Salgai dauden etxeak ikusiz, orokorrean, guraso eta bi seme-alabentzat diseinatu dira. Izan ere, nukleo-unitate familiar hori sustatzen da. Errealitateak eta datuek, aldiz, bestelakoa adierazten dute. Gero eta jende gehiago bizi da bakarrik eta bizikidetza unitate berriak sortu dira: gastuak elkarbanatzen dituztenak, seme-alaba gabeko bikoteak, monogamiatik kanpoko erlazioak, bakarrik bizi direnak, komunitatean bizi direnak, lagun pisuak€

Hiru. Jabetza pribatua. Gure gizartean etxeak jabetzan edukitzea sustatu da eta horren adierazle dira gure auzoak eta bizitzak. Berdin dio nolako etxeak behar ditugun eta zein preziotan, jabe izan behar gara eta hori erakutsi digute umetatik. Alokairuak gero eta garestiagoak dira, hipoteka bat baino gehiago, eta hori dela-eta jende askok erostea erabakitzen omen du. Etxebizitza sozialaren ehunekoa Europako beste herrialdeekin alderatuta, hutsaren hurrengo da.

Orrialde honetako argazkietakoa 21 urteko etxe eguzkitsua da, kalera ematen duten hiru logela handi, bi bainugela, tamainako sukaldea balkoiarekin, egongela argitsua jangelarekin lotua, garbiketa gela txiki bat patioarekin, herriaren erdigunean kokatuta, bi kotxerentzako garajea igogailuarekin konektatua eta guztira 113m2, 100m2 erabilgarri. Orain bertan bizitzera sartzeko moduan. Merkatuko balioa: 365.000€. Aipatutako hiru puntuak betetzen ditu. Jabeei etxea handi gelditu zaie, urteak baitira seme-alabak joan direla, eta espazio asko soberan dute. Bestetik, leihoak ez dira ondo ixten, etxe-tresna elektrikoek arazoak ematen dituzte eta komunak ez daude prestatuta pertsona helduentzako. Lurra leku batzuetan altxatzen da.

Horrelakoak ikustean zalantza eta galdera asko sortzen zaizkit. Zergatik ez bizitza fase bakoitzerako unitate bizigarri desberdin batean bizi? Noizko etxebizitza tipologia moldagarriak? Zergatik eraikitzen dira berriak etxe hutsez ingururatuta bizi garenean? Noizko etxebizitza politika publiko, sozial eta komunitario berri baten birplanteamendua? Jabetza pribatua noiz arte? Etxebizitzak duinak eta eskuragarriak izan behar dira, eta balkoia izan ala ez, edo nolakoa den, gerora pentsatuko da.