Musikari elkartearen zuzendaritza berria iragan urriaren amaieran aurkeztu zuten Donostian. Eneritz Dueso, Olatz Salvador, Izaro Andres, Lide Hernando, Idoia Hernandez, Miren Narbaiza eta Garazi Esnaola osatzen dute talde berria. Bakoitzak bere esperientziatik eta ibilbidetik, Euskal Herriko musikarien alde egiteko apustua hartu dute.

"Ez da kasualitatea", adierazi du Eneritz Duesok (Irun, Gipuzkoa, 1993) elkartearen zuzendaritza berria emakumez osatuta egotearen arrazoien inguruan. Otsailean Euskal Herriko emakume musikarien topaketak egin zituzten Gernikan, eta biltzarrak 100 emakumetik gora bildu zituen arren, "asko falta ziren" Duesoren arabera. Bertan sektorean aritzen diren andrazkoen sarea osatzen hasi ziren, eta beraz, hautagaitza aurkeztu behar zutenerako "fresko" zegoen haien arteko harremana: "Izan zitezkeen gizonak bakarrik, edo talde misto bat, baina gure artean jada hainbat kezka elkarbanatzen ari ginen". Hala ere, zehaztu nahi izan du generoaren gaia beste alor batzuetan sakonago landu dela eta ez dela izango lan zentraletako bat, kezketako bat den arren. "Emakumeak garen aldetik, halabeharrez azalduko da gaia. Zuzendaritzan bertan gu geu egoteak, asko eragin dezake gerora etorriko diren musikarientzako erreferentzia gisa".

Zazpi emakumek osatutako taldea izanik, "autoexigentziaz" mintzo da Dueso. Izan ere, haren arabera, emakumeek bide edota lan bikoitza egin behar izaten dute leku berera heltzeko, eta berezko lanaz gain, lana egiteko gai direla erakutsi ere egin behar dute.

Aldiz, arrazoi nagusia konfinamenduak eragindako frustrazioak bultzatu zuela azpimarratu du Miren Narbaizak (Eibar, Gipuzkoa, 1986). Bat egiten dute etxealdiak sektorean aritzen direnen baldintza txarrak are gehiago okertu zituela, eta egun zuzendaritza osatzen dutenen artean ezinegona partekatzen hasi ziren, beraz, aukera ona ikusi zuten Musikariren bitartez musikaren munduan egon zitezkeen beharrei erantzuteko: "Elkartea espazio aproposa izan daiteke musikarion egoera hobetzeko pausoak emateko", Narbaizak.

Langile aitortza erronka nagusi

Hain zuzen ere, hiru erronka nagusi izango dituztela iragarri dute: lan hitzarmen kolektiboa, kontratazioen erregulartasuna eta Musikarien Estatutua. Bakoitzaren esperientzietatik abiatuta, egoera nolakoa den aztertu nahi du Musikariko gidaritza berriak, eta aurkitu dituzten "frente irekiei" gutxinaka heltzen joatea da asmoa, betiere, musikariek langile gisa duten errekonozimendua aitortzea izanik helburu nagusia. "Gure lana baloratzerako orduan pedagogia asko dago egiteko", azaldu du Narbaizak. Ildo beretik erantsi du lan handia dagoela oholtzan ikusten denaren atzean: estudioko lana, entseguak, bulego lana€ eta hori ere lan gisa aitortu beharko litzatekeela uste du.

Halaber, musikariak kontratatzerako orduan irregulartasun asko daudela salatu dute biek ala biek: "Orokorrean ez dira langile kontratuak egiten, espektakuluak baizik", hala bada, musikariek bere gain hartu behar dituzte gastuak, bai emanaldietakoak,baita autonomoen kuota ere. Gaineratu dute horretarako diru sarrera jakin bat izan behar dutela bermatuta, eta, gehienetan, ez dela hala izaten. "Musikatik bizi nahiko lukete askok, baina zientzia fikzioa da hori talde gehienentzat" esan du Narbaizak traba ekonomikoak direla eta. Hala bada, elkarteak musikariek bizi duten egoeraren "bozgorailu" ere izan nahi du, euren jardunaren gaineko kontzientzia zabaldu nahian.

Musikarien Estatutua

Musikarien Estatutu bat osatzeko lanean ari da aspaldi sektorea Espainian, eta epe luzera planteatzen duten proiektua den arren, Musikari elkarteko zuzendaritzako kideek ere aurretik egindako lanari eutsiko diote. Legearen aurrean musikariak lagunduko dituen estatutua litzateke proiektua, "Lan espezifiko honetan, baldintza espezifikoak behar direla aitortzen duena", Duesoren hitzetan. Musikari bakoitzak eskaintzen duenaren arabera baldintzak asko aldatzen direla gaineratu du, eta berak udazkenetik udaberrira aretoetan jotzeko aukera duen moduan, beste batzuek udan baino ez dute lanik egiten. Funtsean, beraz, ogasunak eta beste erakunde batzuek sektorearen aniztasuna aintzat hartu dezaten nahi dute. Hala ere, oso errotuta dauden praktika okerrak daudela gaineratu du Irungoak, eta legerik egongo balitz ere, beste kontu bat litzatekeela jendeak beteko lukeen edo ez.

Frantziako eredua aipatzen du adibide gisa Narbaizak, non bertako taldeek kontzertu kopuru jakin bat egin behar duten urtean, aurrerago oholtzatik aldendu nahi badute, beste disko bat graba-tzeko adibidez, pentsio bat jaso dezaketen. Arlo horretan hutsune handi bat dagoela salatu du, eta dagoen bakarra, Musikarien Legea, "zaharkituta" geratu dela, 1985ekoa baita.

Profesionaltasuna ezbaian

Musikaren arloan profesional izatea da askoren jomuga, Miren Narbaizak, baina, zalantzan jarri du profesionaltasuna bera: "Gaur gaurkoz, profesional izateak ez du esan nahi lasai bizitzeko ematen duenik". Ez behitzat, halabeharrez. Profil desberdinak daudela azpimarratu du, musika taldeetan jotzen dutenak, irakaskuntzan ari-tzen direnak edo dezente irabazten dutenak, esaterako. Hori dela eta, zuzendaritza berriak adierazi du estatistikak behar dituela, eta asmoa duela Euskal Herriko egoera aztertzeko eta jakiteko zenbat diren musikatik bizi direnak, baina, batez ere, zer baldintzetan egiten duten lan.

Profesional izatearen beraren gaineko zalantza planteatu du Eibarrekoak, izan ere, konfinamendu osteko faseetan "musikari profesionalei baino ez zaie baimentzen entsegu lokaletara joatea". Beraz, legearen aurrean, kuota bat ordaintzen dutenak baino ez dira profesional. Errespetu falta larria deritzo horri Narbaizak, eta bere hitzetan "are gehiago baztertzen ditu pagatu ezin dutenak". Konfinamenduaren eraginez, bestalde, denbora luzez aritu dira jo gabe, eta gobernuek dirulaguntzak agindu zituzten sektorea laguntzeko: "Nik edo ingurukoek ez dugu ezer jaso", esan du eta gehitu du egoeraren nolakotasuna azaltzeko "nahiko esanguratsua" dela.

Bi-biek, Narbaizak eta Duesok, musikatik bizitzeko aukera dute. Eneritz Dueso, Eneritz Furyak ezizenez aritzen da, eta pribilegiatutzat dauka bere burua, bere lanagatik kobratzen duelako: "Agian ez nuke hala sentitu behar, hor dago koska". Mice da Narbaizaren proiektua eta bere kasuan adierazi du, musikatik bizi ahal izateko etengabeko produkzioan aritu behar dela eta ezin duela kontzertuak emateari utzi grabatzen duen bitartean, dirurik irabazi ez, eta gainera grabazioaren kostuak eransten baitzaizkio: "Lan handia egin behar izaten dut soldata bat izateko".

Ikasketa prozesuan

Bi hilabete baino ez daramate elkartearen ardurarekin, eta oraindik ere "kokatzen" eta "ikaste prozesu batean murgildurik" dabiltzala azaldu dute. Hain zuzen, aurreko zuzendaritzaren laguntza dute. "Guk musikarien errealitatea ezagutzen dugu musikariak garelako, baina legeetan galdu egiten gara", esan du irundarrak ardura berriak dakartzan lanaren inguruan. Proiektuari indarra eman nahi diote, eta aldi berean, lana banatu. Erronka gisa proposatu dute elkartearen urteetako lana bazkideei helaraztea, jendearengana heltzea eta dituzten baliabideak euren interesen alde baliatzea. Adibide gisa, Musikarien Estatutua jarri du Duesok, langileen onerako izango delakoan, bazkideei proiektuaren nondik norakoak azalduko dizkiete, modu errazago batean, ehun orriko txosten mardula bidali beharrean.

"Ahoz ahokoaren bitartez funtzionatu du beti musikaren munduak, horrek dituen alde honekin zein txarrekin. Ez gaude araututa, asko gara, eta talde oso heterogeneoa osatzen dugu eta horrek gure artean harremanetan egotea baldintza du". Narbaizak azpimarratu du sindikaturik ezak, eta orain arteko musikarien arteko saretze ezak nabarmen kaltetu duela sektorea, ez baitute modu kolektiboan euren eskubideen egiteko aukerarik izan. Elkarrekin eragiteko deia egiten dute beraz, eta arazoen aurrean elkartearen laguntzeko prestutasuna azaldu du, baita bazkide ez direnentzat ere, legeriaren eta instituzioen aurrean egon daitezkeen problematikak gaindi-tzeko eta konpontzeko asmoz.

Udaberri amaierarekin batera hasi zen, pixkanaka, agenda kulturala biziberritzen. Aretoek eta zeinbait erakundek ahalegin berezia egin dute ahalik eta eskaintza zabalena izateko, neurriak neurri. "Kontzertuetara-eta joaten ari da jendea", adierazi du Narbaizak. Tabernen itxierarekin ere lotu du, emanaldi kulturalak alternatiba gisa hartu dituztela ondorioztatuta. Hala ere, baikor azaldu da eta uste du publikoak eutsi egingo diola kontzertuen, antzerkien eta bestelako eskaintzaren joerari: "Jendeak ulertu du konfinamendutik bidaltzen ari garen mezua".