Sei laguneko neska koadrila landetxe batera joango da euretako baten ezkontza aurreko agurra ospatzeko asmotan. Txikitatik lagunak izan dira seiak, baina denboraren poderioz, bakoitzak bere bidea egin du eta festa eta lagun giroko asteburua izango zena arin bilakatuko da biluzte emozionalerako saio.

Bi urtez Euskal Herriko antzokiz antzoki ibili ostean, zinemara egokitu du Erlauntza antzezlana Mireia Gabilondo zuzendariak. Aitziber Garmendia, Sara Cozar, Getari Etxegarai, Naiara Arnedo, Itziar Atienza eta Leire Ruiz aktoreek eszenatokietatik pantaila handira egin dute salto adiskidetasunaren inguruko gogoeta sakona egiten duen "komedia mikatz" honekin.

Trapu zaharrak, esan gabeko gauzak, esandakoak, alkohola, drogak€ Gabilondoren hitzetan "komedia pertsonala" da eta jendea erraz sentitzen da identifikatuta protagonistekin eta filmeko egoera ezberdinekin. Hortik etor daiteke antzezlanak orain arte izan duen arrakasta. "Adinak markatu egiten du, eta txikitako lagunak diren neska talde bat dugu aurrean. Azkenean, bizitzaren poderioz denak bilakatzen gara heldu eta lagunek eragin handia dute prozesu horretan". Adiskidetasunari buruzko istorioa da, baina beste hainbat gai ere ukitzen ditu Erlauntza filmak: amatasunak, traizioak, bakardadeari beldurra, gaixotasuna, homosexualitatea, onartua izateko beharra€

Sei izaera ezberdin

Garmendia Leire da filmean, ezkondu egingo den laguna, Grease-eko Sandy izatetik makarra bat izatera igaroko da pelikulak aurrera egin ahala. Cozarren pertsonaiak, ordea, inozentzia handia du, gozoa da eta lagunak izugarri maite ditu, bera ezberdin sentitu arren. Atienzak sekretu bat gordetzen du eta ezin du onartu bitartean besteek horren energia positiboa izatea. Etxegaraik ez du aho-bilorik. Arnedok bizitzan trabarik ez izatea du helburu eta Ruizen pertsonaia dibertigarria da, sekulako lasaitua hartuko duena bere sekretua askatzen duenean. Zuzendariak azaldu duenez sei lagunak behartuta egongo dira gauza askori buruz hitz egitera, beti estalita egon direnak edo ez direnak mahai gainean jarri. "Etxe barruan sartuta daude eta ezin dute alde egin, horrek torlojuari buelta potoloa ematen dio beraien harremana estutzeko".

Antzezlanarekin ari zirenetik planteatu zuten Erlauntza filma ere izan zitekeela. Kepa Errasti gidoigilearekin batera zinemarako egokitzapen lanetan hasi zen Gabilondo iaz, baina bi diru-laguntzatara aurkeztu eta ezezkoa jaso ostean, gordeta gelditu zen proiektua. Aurten, konfinamendu garaian berriro ere ideiari bueltaka hasi ziren, eta azkenean La Tentación eta Anacrónicak ekoitzia heldu da zinema aretoetara.

Zinemarako egokitzapen lan horretan zuzendariak argi utzi nahi izan du diziplina bakoitzak hizkuntza bat duela, hau da zinemak bat eta antzerkiak beste bat, bakoitzak berea. Nahiz eta bietan kontatzen den istorioa berdina izan, kontatzeko modua ezberdina da. "Pelikula batean lehenengo plano batek asko adierazten du eta antzerkian agian ez da berdin sentitzen edo ikusten. Horrez gain, muntaia nola eginda dagoen ere adierazgarria da eta eragina izan dezake ikuslearengan, izan ere, zuk erabakitzen baituzu ikuslearen begirada nora doan". Filmean tonua ere ezberdina dela azaldu du Gabilondok, "benetakoagoa".

Filmaketa laburra

Konfinamendua baliatu dute filmaketa egiteko eta oso denbora gutxian egin dute, hiru astean, hain zuzen ere. Hogei lagun inguruko lantaldean aritu ziren eta lokalizazio bakarra erabili zuten film osorako, Ana Turrillas arte zuzendariak Fikan (Bizkaia) duen landetxean dago grabatuta istorio guztia. "Momentua zela pentsatu genuen, nahiz eta laguntzarik ez dugun jaso, lokalizazio bakarra izanik, posible zen egitea, eta aurrera jarraitzea izan zen gure erabakia", adierazi du Gabilondok. Gainera, zuzendaria pozik dago lagun artean aurrera ateratako proiektua delako, "profesional handiekin". Hasieran, jatorrizko musika sortzeko asmorik ez bazuten ere, azkenean Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin grabatu dute, izan ere, Fernando Velazquezek (J. A. Bayonaren A Monster Calls filmean egindako lanagatik Goya saria jaso zuen) bere burua aurkeztu zuen soinu banda osatzeko. Zuzendari laguntzailea Antton Zabala izan da eta Kepa Errasti, gidoiaren egilea.

Euskaraz eta gaztelaniaz (El enjambre) filmatu dute pelikula. Izan ere, obrarekin bi urte lanean egon ostean pertsonaiak oso barneratuta dituzte aktoreek. "Argi nuen biak jatorrizko bertsioan erakutsi nahi nituela, azpititulurik gabe, ikuslea pelikulan zentratu zedin".

Jendea zinemara joatera animatuz amaitu du elkarrizketa Gabilondok, kultura segurua dela nabarmenduz: "Oraingo egoera dela-eta zeregin gutxiago dugu eta bueltatxo bat eman eta jendea zinemara hurbiltzea plan ona dela esango nuke. Pelikula ikusteko gonbidapena luzatu nahiko nuke".