Limoi usaina, jainkoak eta itsaslabarrak Amalfiko kostaldean

Mediterraneoko eguzkipean, Italiako inguru honek gozatzeko aukera paregabea eskeintzen du, baina baita sufritzeko tartea ere

08.11.2020 | 20:00
Amalfiko kostaldea

Badira hamaika oporretan lasai eta gozatuz ibilitzeko. Mendi inguruetako itzuli atsegin bat izan daiteke hautua edo hondartza batean azala kiskaltzen egotea, buelta eta buelta. Hiri handietako hiribideetan paseatzea gustoko duenik bada edo museo garrantzitsuetan bere alderdi intelektualena elikatzen ibiltzen dena ere. Gure asmoa antzeko zerbait egitea bazen ere, sufritu eta gozatuko koktel batean murgildu gara nahi gabe Italiako Campania eskualdean.

Tirreniar itsasoari begira dagoen Salerno hirira etorri gara. Inguru honetan, beste inon baina gehiago, Italia usaindu egiten dela esan daiteke. Mundu zabalean aski ezagunak diren pizza eta espagetiak, Campania eskualdean baitaukate jatorria. Gastronomiaz gain, Salernotik bertatik Italiako ikono ezagunenetako bat ere behatu daiteke: Amalfiko kostaldea, edo bertako hizkuntzan esango luketen bezala Custiéra Marfitana. Sorrentoko penintsulako hegoaldean kokatzen den kostalde honek, Mediterraneora amiltzen den mendikate baten itxura du. Urertzean, ozta-ozta lehorrean mantentzen diren herriak daude, zein baino zein politagoa.

Kostalde honetako herriak ezagutzeko bi aukera daude, errepidez edo itsasoz. Itsasontzi bidezko lotura nahiko ona dute herri gehienek, txikiak izanda ere, turismoak jendetza mugitzen baitu alde batetik bestera. Ez naizenez itsas gizona eta zorabioak herrien edertasunaz jabetzeko aukera zapuztu ez diezadan, autobus bidez mugitzea erabaki dugu. Inozoak gu!

Amalfiko kostaldeko lehen perla bezala ezaguna den Vietri sul mare izan da gure lehen geldialdia. Alde zaharreko kaleetan, herri honek aintzinatik ezaguna egin duen zeramika lan koloretsuak ikusteko aukera eskaintzen digu. Horrez gain, hemendik aurrera izango dugun masifikatutako turismo guneetarako prestatu gaitu: ilarak edozertarako, salneurri puztuak, jendetza edozein txokotan eta bultzadak han-hemenka.

Berriz ere autobusa hartu eta mendebalderantz doan errepidean aurrera jo dugu, itsasbazter honi izena ematen dion Amalfira joateko asmotan. Bidean baina, damutu egin gara. -Baina nori bururatu zitzaion itsaslabar hauetan errepide bat eraikitzea!- Itsasoari so egoteko une lasai bat izan behar zuena, beldurrezko film baten errusiar mendiko eszena bat bilakatu da. Gure autobusarekin aurrez-aurre topo egiten duten turista koitaduek, izu aurpegia jarri eta euren autoen bolantea estutu egiten dute. Autobus gidaria aldiz, algara batean, O sole mio txistuka eta bere atzekoari "turista koldar hauek€" esaten ibili da bihurgunez-bihurgune. Hipertentsioa dutenen-tzat, guztiz ezegokia.

Maiorira iristean bikotekideak eta biok elkarri begiratu eta hitzik esan gabe autobusetik jeitsi gara. Bost minutuz itsasoari begira egon gara, geldi, begirada ortzimugan. Azaleko kolorea berreskuratuta herria ezagutzera abiatu gara, hildakoak esnatzeko gai den caffè espresso baten bila. Xuhurrak dira baina Italia hegoaldeko zerbitzari hauek, hori da hori kikara ozta-ozta kafez zikintzea. Zurrutada nimiñoaren ostean, seinale batek gure arreta erakarri du, sentiero dei limoni. Itsasbazter honetan, fama handiko limoiak ekoizten dira eta bidexka jarraituz, limoiak lur malkar hauetan haztea nola arraio den posible ikusi ahal izan dugu. Bide batez, kostaldearen edertasunaz jabetzeko parada ezin hobea izan da. Oraingo honetan, gidari baten bolante kolpeak gure buruak kristalaren kontra birrindu gabe. Bidexkak Minori herrira eraman gaitu eta bertan, oraingoan bai, Amalfiraino doan autobusera igo gara.

Amalfin badago zer ikusi, baina batez ere turistak daude, turistak barra-barra. Pertsona garaia izanez gero edo lepoa dezente luzateko gaitasuna izanez gero, Sant' Andrea katedral ikusgarriaren fatxada ikusteko aukera izan dezakezu. Hori bai, jenderik gabeko argazki on bat egin nahi izanez gero, postal bat erostea da egokiena, norberaren nerbio sistema kaltetu nahi ez bada behin-tzat. Sentiero degli Dei izeneko beste ibilbide baten berri izan dugu. Jainkoen ibilbidea izena jarri zionak bazekien zeozer marketinari buruz, entzun bezain laster bertara joateko irrika piztu baizaigu.

Amildegiaren ertzean hamaika bihurgune itxi egin ostean, pozarren txistuka zihoan autobus gidaria altxatu eta -Sentiero degli Dei !! - oihukatu du, Zeus bera izutuko lukeen burrunba batean. Kondairak dio, jainko greziarrek ibilbide hauxe egin zutela, Ulises heroia Li Galli irlako sirenen kantu eztien saretik askatu ahal izateko. Guk ez ditugu kantu gozo horiek entzun, baina gozatu ederra hartu dugu ibilbide honen ikuspegiarekin. Maldan behera, laborariek urteetan zehar eginiko terrazak albo batean utziz, eta itsasoraino iristen den labarra bestean, aurrera egin dugu zoriontsu. Autobusetan igarotako komeriak atzean utzita, oraingoan gu gara, Mediterraneo itsasoari begira eta arnasa betean, O sole mio sta nfronte a te kantua abesten dugunak.