Lete poeta, Lete abeslaria, Lete antzerkigilea, Lete pentsalaria, Lete "traidorea"€ Horiek guztiak, eta hori baino askoz gehiago ere, izan zen Xabier Lete (Oiartzun, 1944 - Donostia, 2008). Urteak eman ditu Alex Gurrutxagak (Zarautz, Gipuzkoa, 1988) artistaren hamaika ertzak ikertzen, eta, bide batez, haren inguruan gogoetatzen. Leteren funtsa ikertu ondoren, eta haren obraren inguruko tesia aurkeztu ondotik, Xabier Lete. Aberriaren poeta kantaria (Alberdania, 2020) liburua aurkeztu du zarauztarrak.

Leteren funtsa ikertu zenuen, doktore tesia egin duzu ondoren eta orain liburua. Esan daiteke aditua zarela dagoeneko, zergatik Lete?

- Bi gauza daude Lete ikertzeko. Aurrena, behar da motibazio pertsonala hainbeste denbora pasatzeko autore batekin. Motibazio pertsonala Leteren kasuan, nik uste ez dela oso gauza partikularra nirea. Leterekiko estimazioa nik dudan bezala, dio euskaldun askok. Odolean inokulatua daukagula kezka eta pasio hori. Gero dago alderdi teknikoagoa da. Akademian ikerketa egiteko oso zapalduta ez dauden lurraldeak bilatzeko joera daukagu. Lete oso ezaguna da, baina Akademian ez da bereziki oso autore ikertua.

Liburua bera gonbita dela diozu, eta hainbeste talaiatik jardun zen Lete non gonbita ere gauza askotarakoa izan daiteke. Ze aukera ematen ditu liburuak?

- Lete da ertz asko dituen autorea, eta bere marka hain justu hori da. Literaturatik aparte, politikan ere sartu zen, adibidez. Eta iritzi intelektualak ematen zituen, orduan da pertsona konplexua. Liburuarekin nik nahi dudana da gonbidatu irakurlea hartzera denbora pixka bat Lete benetan ezagutzeko eta bere obraz pittin bat gehiago pentsa-tzeko.

Saiakera bat da, baina ez dago ohiko saiakeren tonuan idatzia. Arinagoa, koloretsuagoa, dela esan daiteke.

- Nik badaukat esparru bat mundu akademikoan, eta mundu akademikoan daude joera batzuk; esate baterako hizkeran eta idazkeran. Niri ez zait interesatzen euskararen eraginkortasunari begira azkeneko urteetan ikusten dudan akademiako idazkera oso ortopedikoa. Niri interesatzen zitzaidan saiakera testu bat euskaldunentzat eta plazer literarioari uko egin gabe. Alde horretatik, oreka bilatze hori ez da beti erraza izan. Ari gara eremu espezifiko bati buruz, eta ez nuen nahi ezta ere errazkerian aritu. Irakurleari nire ustez eman behar zaio zerbait, ezin da irakurlea tontotzat hartu. Leteren mundua eskaintzen ari baldin bazara sartu behar dituzu gai teknikoagoak, alor filosofikoak, sozialak, politikoak...

Egitura kronologikoa du liburuak hiru ataletan banatuta. Tonu horri eusteko tresna bat izan da?

- Bai, hori da puntu bat. Mantentzea egitura kronologikoa, aurrena; eta gero, pieza asko egitea. Irakurleari aukera ematen dio jakiteko etengabe non dagoen eta kokatzeko bere burua; eta gero piezaka joateak ematen du aukera piezak banaka irakurtzeko, baina baita ere nahi bazenu saltoka irakurtzeko eta saltseatzeko.

Izenburuari berari segika, aberria da Leteren ekarpenaren eta obraren ardatz eta oinarrietako bat. Zein zen Leteren aberria?

- Hor sartzen dira koska asko. Baina aurrena transmisioa, bazeukan kezka horiekin. Ez dezagun ahaztu Lete intelektual euskaldun bat zela, beti aberrigintzan ari zen figura bat izan zela. Alderdi askotan, baina beti kezka horrekin. Letek oso argi zuen bera aberrigintzan ari zela, baina ikuspegi oso kultural bat zuen aberriarena, oso integratzailea, oso irekia jende guztiari begira eta eraikitzen zena musikatik, kantagintzatik, bertsolaritzatik € hori zen bere lan eta bizipen esparrua. Gero, bereziki azken urteetan gainera, politikagintzari begira eta aldarrikapen politikoei begira, interesa erabat galdu zuen; are gehiago, nazkatu zen erabat.

Nazkatu, eta tarte batez kantagintza utzi zuen.

- Puntu bat dago liburuan: Nola da posible Lete bezalako figura batek 78an kantagintzan uztea? Nire ustez oraindik ere jarraitzen du izaten galdera, saiatu naiz eztabaidarako ildo batzuk ematen saiakeran, baina iruditzen zait hor gogoeta bide oso potente bat dagoela. Ez bakarrik Leteri begira, guk gure buruari begira, Euskal Herriari begira, egin beharreko gogoeta bat dela ustte dut. Ez zelako Lete bakarrik izan, adibidez, zer pasatzen da ere Lurdes Iriondo bezalako figura batek 78an kantagintza uzteko?

Hain zuzen, postfrankismo garaiak eta trantsizioko giroak eragina izan zuten horretan, eta baita Letek zuen aberriaren ikuspegi kulturalak.

- Bai, hor sartzen da intelektualarena. Lete bere kontraesan guztiekin fidel izan zitzaiola bere buruari, eta eduki zuen ausardia deserosoa izateko bere zale zirenekin. Lete barrutik ari zaigu. Lete da Oiartzungo euskaldun bat, gerra galdu zuen familia abertzale batekoa, sentsibilitate handikoa eta kulturgile eta intelektual euskaldun nabarmen bat. Esaten duenak dauka oihartzun berezi bat, ispilu efektu oso berezia egiten du guztiokin. Jakina, berak guregan zeukan bezala, Euskal Herriak beragan bazeukan eta ezin izan zion iskin egin, eta hori ere sufritu zuen.

Bere zaleen kontra egin zuela aipatu duzu, jendearen babesa galdu zuen postura honengatik inoiz?

- Lete oso argi posizionatzen da ETAren biolentziaren kontra. Posizionatzen da bera izanik euskal kulturgintzaren figuretako bat eta mundu abertzalearen erreferente nagusi bat. Orduan da barrutik egindako kritika bat, eta hori batzuek ez diote barkatzen. Horregatik, liburuan paradoxa horrekin jolasten da, erabiltzen dut traidore hitza, baina noski ez da i-rain bat, jende askok esan duen bezala: maitasunezko traizio horiekin zorretan gaude.