XI. mendeko Ozioko gazteluaren hondarren ondoan igaro dut gaua. Metro erdi lodierako harresi eroriek haize zakarretik pixka bat babesten banaute ere, kanpin dendaren XXI. mendeko oihal fina da benetan haizetik eta goizeko ihintzetik banantzen nauena. Hamar mendetako materialen garapena. Lau bat egun daramatzat bizikletaren gainean Euskal Herriko txokoak ezagutzen, Tolosatik irtenda, Sakanan barrena, Trebiñutik igaro eta Ozioko begiratoki natural honetara iritsi arte. Orain, eguzki alperrak bere lehen izpiak erakutsi dizkidan alderantz abiatuko naiz, Jugalez erreka alboko errepidean gora giharrak astiro-astiro berotuz.

Urizaharra izan da geldiarazi nauen lehen herria, neguko goiz hotz honetarako egokiena kafe bero bat dela iritzita. Taberna baten bila, hiribilduaren harresiko atari sendoarekin egin dut topo, bere iraganeko gotorleku izaera argi adierazten duena, etsaiari aurre egiteko prest. Gaur egun ordea, hiribilduko ateak parez pare daude irekiak, turista bakanei ongietorria emanez. Nekazal herri lasai honek, geziak eta harriak jaurti beharrean kanpotarrei, bere altxorrik preziatuenak, lur emankorra eta belaunaldiz-belaunaldi transmititutako nekazal ezagutzak, sarrera libreko museo etnografiko txukun bat erakusten ditu.

Herritik irten eta lehen bidegurutzean, telebistako albistegietan bere bidea egin nahi duen kazetari ororen neguko erromes lekuaren seinalea ikusi dut: Herrerako portua. Zer lirateke neguko albisteak kazetari gazte eta dardarti baten hitz hauek gabe: elurra iritsi da gurera eta Herrerako portuan kateak beharrezkoak dira.

NATURAN MURGILDUTA

Basoz noa inguratuta batzuetan, besteetan aldiz norbaitek (ez daukat arrastorik nork, inor ez baitut ikusten) irauli edo landatu berri dituen soroak dira nire begiraden mural mugikorrak. Arabako sakonean galdua nagoela pentsatzen ari naizela, Lagraneko GR 38 ibilbidearen interpretazio zentroarekin egin dut topo. Bertatik, izen ezin erakargarriagoa duen garai bateko ibilbide komertzial garrantzitsu bat igarotzen zela ikasi dut: ardoaren eta arrainaren ibilbidea.

Inoiz baino gehiago, bidaia honen benetako helburua helmuga zehatz bat baino, bidea bera denez, arinkeriaz erabakitzen ari naiz nondik jo. Jolas modura, erabaki dut bidegurutze bakoitzean, seinaleetako herrien izenek sortzen didaten erakargarritasunaren arabera erabakiko dudala nire hurrengo pausoa. Leku berean bueltaka pare bat aldiz agertu eta nekazari batek ea galdua nengoen oihukatu ostean, noizean behin mapari zeharka begiratzea erabaki dut.

Nire hautatutako noraeza honetan, Korres herrian agertu naiz, Izkiko natura parkean gordea dagoena. Izen bereko errekan behera, lurrazaletik alde egin nahian dabiltzan Soila eta Muela haitzen artetik igaro naiz, Antoñarara iritsi arte. Antso VI.a Jakitunak Nafarroako erresumaren defentsarako sortutako hiribildu honek, beste behin gogorarazi dit, azken mendean despopulatze prozesua jasaten ari diren eskualde hauek, historiako une garrantzitsuetako lehen lerroa izan zirela. Bertan igaro dut gaua, bere kale zaharretan historia arnasteko esperantzaz.

PATATA ESTRALURTARRAK

Maldan gora noa poliki-poliki, neguko haize hotza eta nire barneko beroaldiaren arteko oreka bilatuz. Geldituz gero, gorputzeko izerdia hoztu egingo zait eta gero hasiko dira eztulak eta eztarriko urratuak. Hala ere, ezin izan dut Iturrietako etxaldearen aurrean gelditzeari uko egin. 'Finca experimental-Ez sartu'. Kartel bitxi honek euskal 'Area-51' topatu dudanaren irudipena eman badit ere, gerora jakin dut patata haztegia hobetzeko aztertokia dela. Horregatik izango dute armairu atzean galdutako patatek estralurtar itxura hori.

Ameskoa eskualdetik, Urbasa eta Lokiz mendilerroez babestuta, atsedena eman didan maldan beheraz gozatu ahal izan dut. Lizarrara iritsi aurretik, iparralderantz biratu eta Eraul herrian dagoen artea zuhaitz monumentalaren alboan gaua igarotzea erabaki dut. Diotenez, Nafarroako zuhaitz zaharrenetakoa da eta hortaz, egun hauetan ikusi ditudan gaztelu eta hiribilduak borborka 'ikusi' zituen lekuko bakarrenetakoa.

Goizeko lanbroak dakarren alferkeria gainetik kendu ezinik, Nafarroan askotan gertatu ohi den bezala abizenetik abizenera ibili naiz (Irujo, Argiñano, Aizpun,...) Ollaranera iritsi arte. Iruñea ondoko lasaitasunez beteriko haran txiki hau, hiriburuko ur horniduraren adar garrantzitsuetako bat izan da XIX.mendetik, Aztazuleko ur-jauziko tanta oxigenatuak kaletarren eskura jarri zituztenetik. Ur botila betetzeko leku ezinhobea.

Irurtzunen, Plazaolako trenbide zaharraren arrastoan sartu naiz. Nafarroako eta Gipuzkoako hiriburuak lotzen zituen bide hau, nire bidaiaren azken etapa izango da. Orain dela urte dexente aldiz, nire aitona Jose Manuel eta amona Felixaren bizitza berriko bidaiaren lehen etapa izan zen, izan ere, eztei-bidaia tren hartan egin zuten. Leitzaranen barrena hasi zen istorio hark, urteen joan-etorriarekin orrialde honetako istorioa sorrarazi du.