Latzen-en hirugarrena
2025ean sartu-irten pare bat egin ondoren, heavy eta trash metal talde gipuzkoarra agertokietara itzuliko da bihar, Denboraren orbainak hirugarren diskoa aurkeztuz.
Latzen heavy metal talde gipuzkoarrak Denboraren orbainak disko berria aurkezteko birari ekingo dio gaur, larunbatarekin, Atarrabian (Nafarroa). 2008tik utzita zituen grabazio estudioetara eta zuzeneko kontzertuetara itzuli da taldea disko berri horrekin. Gipuzkoara otsailaren 7an etorriko dira, Azpeitiko Sanagustin Kulturunean, eta sarrerak agortuta daude dagoeneko.
Hirugarren bizialdi honetarako, Oñatiko laukoteak jatorrizko lau kideetako hirurekin ekingo dio ibilbideari, Aitor Uriarte (ahotsa eta gitarra), Joxemari Azpitarte (baxua) eta Gorka Lazkano (bateria); orain 17 urte burututako itzulerako biran parte hartu zuen Iker Martinez de Zuazoren ordez, Yerko Ortiz arituko da gitarra bakarlaritzat.
Denboraren orbainak izeneko hirugarren disko horrekin konposatzera ere itzuli dira berriro, beraien 1998ko Ardi Larruz argitaratu zutenetik 27 urte igaro direnean. Bigarren albuma izan zen hura, Heriotzari Deika (1995) maketaren eta Kontzientzia ala infernua (1996) iraupen luzeko estudioko lehen diskoaren ondoren.
Itzulera hau kantu berriekin ofizialdu aurretik, taldeak bi kontzertu eskaini zituen udan Bilboko Zorrotza gaztetxean eta Lakuntzako Hatortxu Rock jaialdian.
Itzulera hau formazioaren hirugarren etapa izango da; lehenengoa1993 eta 1999 bitartean bizi izan zuten, orduan argitaratu zituzten 30 urte betetzen dituen maketa eta Denboraren orbainak honetara arteko bi diskoak. Bigarrena etapa 2007an hasi zen Infernuko ateetan kontzertu-bira egiteko, eta hamabost kontzertu eskaini ondoren 2008an agurtu ziren bigarrenez, horiek editatu eta CD-an eta DVD-an Hellmuga zuzenekoa kaleratuta.
Albumaren promozio-orriak jasotzen duenez, diskoa oso baliagarria da "Latzen izan zena eta orain dena ulertzeko, bi aldi horien arteko konexio naturala eginez; izan ere, izaera berari eutsi arren, esperientzia handiagoa baitaukate orain abiadura mantsotzeko eta bizkortzeko; hain zuzen ere, diskoaren izenburuak berak aipatzen dituen denboraren orbainak bezalaxe, beti "aztarna uzteko prest".
Abesti berriekin generoaren esentziak uztartu dituzte, 10 kantuetan erritmo azkarrak, denbora ertainekoak eta baladak konbinatuz, pieza instrumental bat barne. Diskoa Iker Bengoarekin grabatu dute Gasteizko Silverstar Studios-en, eta azalaren diseinua Nestor Urdanpilletarena da.
Su ta Gar-ekin batera, 90eko hamarkadan heavy metal euskaldunaren aitzindari izan zen Latzen, lan berri bat grabatzear zeudela, eta erabat ustekabean 1999an taldea desegitea erabaki zuten arte.
Nafarroako Totem aretoan gaur hasiko den bira, Bilbon izango da urtarrilaren 10ean (Santana 27); Gasteizen (urtarrilak 17, Jimmy Jazz aretoa), otsailaren 7an Azpeitian (Sanagustin Kulturgunea), otsailaren 27an Madrilen (Revi Live), Biarritzen (martxoak 7, Atabal) eta ekainetik aurrera hainbat jaialditan (ekainak 12-13, Zamorako Z! Live); Sta. Coloma de Gramanet (BCN Rock Fest, uztailak 3-4); Cartagena (uztailak 5, Rock Imperium); eta Villenako Leyendas del Rock jaialdian abuztuaren 5etik 8ra.