Zinema jomugan, bestelako begiradetatik eta euskaraz egin diote tiro
Iratxe Fresnedak ‘Dena egiteke dago, zinema tirokatu’ liburua koordinatu du, Nosferatu Bildumaren 13. alea.
Zein ekarpen egin zinemaren corpus akademikoari orain arte egin ez denik? Hori izan zen, hein batean, Iratxe Fresneda zinemagile eta EHU irakasleak bere buruari egin zion galdera, Donostia Kultura eta Euskadiko Filmategiaren aldetik Nosferatu Bildumako 13. zenbakia koordinatzeko proposamena jaso zuenean. Horixe aitortu du gaur, asteazkenarekin, Tabakaleran egindako aurkezpenean. Mahaikide izan ditu, hurrenez hurren eta erakunde bakoitzaren izenean, Josemi Beltrán eta Joxean Fernández. Hirurek aurkeztu dute Dena egiteke dago, zinema tirokatu izenburua duen liburukia, Klasikoak, modernoak eta bitxiak. Zinemaren istorio feministak zikloari dagokion bigarren liburua -aurrekoa, gaztelaniaz Elisa McCausland eta Diego Salgadorena-. “Guztiz desberdina da Fresnedak koordinaturikoa”, eman du aditzera Beltranek. Biak sakonak izanik, guztiz ikuspuntu desberdinetik egin diote tiro gaiari.
Hain zuzen ere, metafora horrekin hasten du Fresnedak bere aitzinsolasa, 1962an Niki de Saint artistak gauzatutako performance-arekin. Errifle bat eskuan zuela, mihise baten gainean itsatsitako pinturaz betetako objektuak lehertu zituen, pigmentuak zabalduz. Tiroek normatibitatea jo zuten, Nosferatu Bildumaren azken aleak egin nahi izan duen bezala. Fresnedaz gain, Tania Arriagak, Aitor Arruzak, Maitane Hernandezek, Gentzane Martinez de Osabak, Olatz Ovejerok eta Elisa Villotak ere prest izan dituzte euren armak. “Idazketara hurbiltzeko oso modu ezberdinak izan dira”, kontatu du EHUko ikertzaileak.
Koordinatzaileak azaldu duenez, argitalpenak hiru ardatz nagusi ditu: sorkuntza, errepresentazioa eta bide berriak. Askatasun osoz lan egin dutela azaldu du Fresnedak: “Ez da batere ohikoa, bereziki Akademian ibiltzen garenon artean”. Izan ere, autoreek ihes egin nahi izan baitute, orain arte ohikoak izan diren bideetatik. Zinemara hurbilketa ezberdinak egin dituzte, hezkuntzaren bitartez, emakumezkoen ekoizpen exekutiboaren aldetik, “oso modan dagoen” ekozinemaren bidez, “emakume bakartien” inguruko saiakera eta abarrekin.
Testuak ez daude modu kronologikoan kontatuta, ez eta zinemako garaietara atxikirik ere. Guztiek badute, ordea, “lotura bat”: zer nolako garrantzia duen zazpigarren arteak gure bizitzan, zelako imajinarioak sortzen dituen eta zer nolako joera berriak sortzen ari diren mundua ulertzeko eta mundua kontatzeko. Gauzak horrela, diziplina honek streaming plataformen eta zine komertzialaren bitartez “kontakizunen autobideetatik” mugitzea baino“aukera gehiago” ematen dituela berretsi nahi izan dute egileek. “Horiei heldu nahi izan diegu. Gaur egungo sortzaile berriek planteatzen dituzten erronka berriei, betiere nondik gatozen ahaztu gabe, noski”, azpimarratu du Fresnedak.
Horren harira, eta istorio guztiak kontatuta egon arren, zineman oraindik “dena egiteke” dagoela uste du Fresnedak, bakoitzak bere begirada propiotik asma dezakeelako: “Norberak konta dezake berea, eta hor, sortzeko aukera handiak daude”.
Euskal zinema
“Naturaltasunez” hartu du euskal zinemak bere tokia 13. alean, Euskal Herriko aldirietako sortze eremutik ere gauza “interesgarriak” asmatu direlako. Beraz, tarteka agertzen dira euskal espresiobideak Dena egiteke dago, zinema tirokatu saiakeran. Esate baterako, Gentzane Martinez de Osabak idatzitako ‘Metropolis’ ikusi zuten ekoizleak. Ekoizpen-eredu exekutibo alternatiboak artikuluan, Euskal Herrian lanbide horretan dabiltzan emakumeen inguruan idatzi du, datuak aztertuz eta pelikulen atzean zer nolako profilak dauden identifikatuz. Amaierarako beste adibide bat jartzearren, Are gehiago, Olatz Ovejeroren ikerketan oinarriturik, Maria Luisa Elio idazle, aktore eta gidoilariaren bilakaera frustratua ere aztertzen da liburuan.
Temas
Más en Cultura
-
Elkanoren azken mundu-bira, Urdanetaren bidaiaren hasiera
-
Bad Bunny se corona como el artista más escuchado del mundo en 2025 en Spotify
-
Rozalén anuncia por sorpresa su retirada temporal: "Necesito apartarme. Siento mucho agotamiento"
-
Roy Ellis, JP Bimeni, Begoña Bang-Matu y Anna Dukke actuarán en el Mojo Workin' de 2026
