“Gabriel Arestirekin zor handia daukagu oraindik ere”
Abenduaren 4an, Euskararen Egunaren biharamunean, Bilboko BBK Aretoan, Joxan Goikoetxea hernaniarrak sortutako ‘Gabriel Aresti Mug(h)arri’ pieza eszenikoaren estreinaldia izango da.
Euskaltzaindiak eta Euskal Herriko Unibertsitateko Gabriel Aresti Katedrak eskatuta, Joxan Goikoetxea hernaniarrak Gabriel Aresti Mug(h)arri opera modernoa sortu du. Obra abenduaren 4an estreinatuko da Bilboko BBK Aretoan eta datorren urtean gainerako hiriburuetara iritsiko da. EusKamerata formazioarekin Beñat Egiarte (ahotsa), Amaia Azkue (ahotsa), Xabier de Felipe (biola) eta Xabi Paya (errezitatuak) arituko dira.
Nola sortu 'Gabriel Aresti Mug(h)arri' ikuskaria?
Enkargu bat da. Duela bi urte Euskal Herriko Unibertsitateak Gabriel Aresti katedra sortu zuen, eta segidan adostu zuen zer egitasmo mota bultzatuko zituen. Jakina, 2025ean Gabriel Arestiren heriotzaren 50. urteurrena ospatu da. Urtean zehar hainbat egitasmo antolatu dira eta niri pieza eszeniko bat egiteko proposamena egin zidaten, azkeneko urteotan Lete, Iparragirre eta Oteizarekin horrelakoak egitea suertatu zaidalako.
Azkar eman zenuen baiezkoa?
Esan behar dut denbora dezente pasatu nuela erantzuna ematerako. Egin izan ditudan beste ikuskariak hurbileko pertsonen inguruan egin nituen. Egia esatekotan, errespetu handia eman zidan Arestiren inguruko piezaren proposamenak.
Baina hurbiletik ere bazenuen Arestiren ezagutza?
Gure etxean aspaldidanik dago gordeta Jesus Mari Olanoren funtsa. Jesus Mari Olano Hernaniko kultur sustatzaile handia izan zen, 60. hamarkadan, batez ere gure herrian, kultur ekintzak antolatu zituena. Besteak beste, Ez Dok Amairuren lehendabiziko kontzertua antolatu zuen. Zentzu berean, Gabriel Arestiren hitzaldi bat antolatu zuen 1966. urtean, oso historikotzat gorde izan dena: Euskararen izen poetikoak. Hitzaldi horren transkripziotik antzerki lanak eta bestelako hainbat eduki sortu ziren. Grabaketa originala gure etxean dago.
Askotan entzun duzu?
Azken urte hauetan Arestirena behin eta berriz entzuten nuen eta horrelako zirrara bat sortzen zidan. Hitzaldi horretan liskar moduko bat sortu zen eta hori ere grabatuta dago. Oso ondo islatzen du herri honetan beti egon den haustura. 23 urteko Ramon Saizarbitoria gazteak aurkeztu zuen ekitaldia. Grabazio horrekin batera, eskuizkribu bat utzi zuen Arestik Hernanin eta hori ere gure etxean dago. Hainbeste aldiz entzun eta irakurrita, beti buruan izan dut horrekin zerbait egin behar nuela. Enkargua iritsi zitzaidanean ulertu nuen momentua iritsi zela.
Horregatik eman zenuen azkenean baiezkoa?
Urte eta erdi pasa enkargua jaso nuenetik. Aresti goitik behera irakurri dut, berrirakurri dut, interpretatu, berrinterpretatu, batekin eta bestearekin egon... Ia tesi bat egiteko adina ikertu dut. Hori da, hein batean, nire egiteko modua: buru belarri sartzen naiz bestearen estiloa ulertzeko. Arestiren idatzietatik hautaketa bat egin eta hortik gidoi moduko bat sortu dut. Gero musika etorri da, dramaturgia eta irudiekin, halako batean abenduaren 4an estreinatuko den pieza eszenikoa sortu arte.
Arestiren inguruan zerbait berririk ezagutu duzu?
Izugarrizko dimentsioa zuela. Jakin badakigu, baina nahiz eta jakin eta nahiz eta topikoak berrikusi, bere lana aztertzean pentsalari aparta zela berretsi dezakegu. Hamabi urterekin erabaki zuen bere kabuz, gerraosteko Bilbo horretan, euskaraz ikastea, kalean euskaraz ari ziren zenbait adineko emakume hizketan entzun ostean. Hamabi urterekin liburuxka klandestino batekin hasi eta hamaika urte geroago, jada, euskaltzain urgazle izendatu zuten. Horrek ederki erakusten du gizonak buruan zuen prozesadorea izugarrizkoa zela. Arestik zer egin zuen? Euskal literatura guztia goitik behera irakurri, irentsi eta prozesatu egin zuen. Eta zer sortu zuen? Bere poesiaz harago, gaur egungo euskara batuaren oinarriak jarri zituen. Euskara estandarrak nolakoa behar zuen izan eta nola gauzatu behar zen imajinatu zuen, jende askoren aurka jarri bazitzaion ere. Arestiren bidea ez zen bide erraza izan. Oraindik ere ez dakit, benetan, Arestiri aitortu ote zaion egin zuen lan guztia, bere figurak benetan merezi duen adinako errekonozimendurik jaso ote duen. Zinez esango nuke Gabriel Arestirekin zor izugarria daukagula oraindik ere.
Eta nola kitatu zor hori?
Hori gogoan izanda sortu dugu pieza eszenikoa. Zorrak ez dira bakarrik Gabrielekin kitatu behar, baita bere familiarekin ere. Bere alarguna oraindik bizi da eta baita bere hiru alabak ere. Haien ahotik zuzenean entzunda, asko sufritu duen familia izan da. Badaude Arestiri eskainitako kaleak, euskaltegiak, ikastolak, katedra... baina sekula ez da behar adinako aitortza izango. Egun da Santimamiñe eta Guk euskaraz, zuk zergatik abestien letrak Arestik egin zituela jakitea azaleko kontuak badira ere, haren dimentsioa beste maila batekoa da. 41 urterekin hil zen eta pentsa zer nolako ekarpena egin zuen horren denbora eskasean! Pentsa, gaur arte bizi izan balitz, zenbat gauza egingo ote zituen! Uste dut zor handia daukagula eta Euskal Herriko kultura eta estamentu intelektualen aldetik haren mailako aintzatespena egin behar zaiola.
Haren izena daraman katedra egotea ez al da nahikoa?
Pauso garrantzitsua izan da, noski, baina ikertzen jarraitu behar da, hark egindako lanean sakontzen eta hura berrinterpretatzen. Bere poema bakoitza mundu ikaragarri zabala da. Aresti ezagutu zuten belaunaldiek obligazio galanta daukate harekiko, bere ekarpen guztiak, ez bakarrik poesiaren alorrekoak, ezagutzera ematearena, hurrengo belaunaldien eskura jarri eta haiei eskaintzeko. Belaunaldi berriei agian irudituko zaie euskara orain den bezalakoa sortu zela, ezta? Ba niri iruditzen zait Arestik egin zuen proto-batuak sekulako meritua izan zuela.
Nolakoa da pieza eszenikoa?
Enkargu bat izan den heinean, sorkuntza eta fikzioa egiteko aukera izan dut. Beraz, Arestiren bidaiatxo bat irudikatu dut pieza eszenikoan zehar. Bere testuak hartu ditut, baita bere figuraren inguruko testuak ere, fikzioaren bidetik bere unibertso hori irudikatzen saiatzeko.
Eta nolakoa da musika?
Opera moderno baten modukoa dela esango nuke. 28 eszena diferente agertuko dira eta bakoitzean dekoratu desberdin bat, musika eta hitza. Egia da, ez dela batere erraza izango. Arestiren obran oinarrituta dagoenez, ezinbestekoa da dentsoa izatea. Berak bere poesian dioen bezala, hau ez da sutondoan amonak kontatuko duen ipuin polit bat. Gauza gogorrak entzungo dira bertan. Bere denborari aurrea hartu zion pertsona izan zen, askatasuna eta justizia soziala aldarrikatu zituena. Ezkerreko pentsamendua zuen gizona izan zen. Alderdi komunistan inoiz izena eman ez zuen komunista izan zen. "Nire bihoca/ezkerrean dago/eta bertako odola/gorria/da", idatzi zuen Arestik. Ezkerreko pentsamendu horretatik eratorri zitzaion justizia sozialaren defentsa, eta hori, oraindik ere, aktualitateko afera da bete betean. Horrelakoetan EusKamerataren formatua erabiltzeko hautua egiten dut, nahiz eta kideak aldatu. Kasu honetan, Beñat Egiarte bizkaitarrak eta Amaia Azkue hernaniarrak jarriko dute ahotsa. Xabier de Felipe, Natxo de Feliperen semeak biola joko du. Eta errezitatuekin Xabi Paya animatu da. Testu askotan Arestiren euskara bizkaitarra erabili behar da eta hori ez da batere lan erraza. Batzuetan badirudi, euskara batua aldarrikatzeagatik Arestik euskalkiak baztertzen zituela, eta erabat kontrara, horretan ere ikerketa eta ikaskuntza sakonak egin zituen.
Bilbon estreinatuko da Euskararen Egunaren biharamunean, baina baduzue biraren bat egiteko intentziorik?
Bai, horrela aurreikusi genuen. Estreinaldia nola joaten den ikusi, eta datorren urtean Euskal Herriko hiriburuetan eskaintzeko asmoa daukagu. Katedraren enkargua bada ere, Euskaltzaindiak interes berezia erakutsi du estreinaldia hiriburuetara eramateko.
Más en Cultura
-
¿Quién es Iñigo Lavado, el chef que ha ganado su primera estrella Michelin?
-
Una ilustración de la recientemente fallecida Mai Egurza será la imagen de dFERIA 2026
-
La historiadora Elena Barrena, Premio Ondare a título póstumo
-
Zach Bryan ofrecerá su único concierto en el Estado el 27 de mayo en Donostia
