Síguenos en redes sociales:

Miyazakiren ‘Totoro auzokidea’ euskaraz ikasleentzat, Zinemaldiaren eskutik

13.000 ikasle baino gehiagok animaziozko maisulana Belodromoko pantaila erraldoian ikusteko aukera izango dute.

Miyazakiren ‘Totoro auzokidea’ euskaraz ikasleentzat, Zinemaldiaren eskutikN.G.

Hayao Miyazaki Donostia SaridunarenTotoro auzokidea (1988) maisulana berreskuratu dute Zinemaldiak, Euskadiko Filmategiak eta Donostia International Physics Center-ek (DIPC) eta milaka ikasleei eskainiko diete euskaraz, Belodromoko pantaila erraldoian. Horixe eman du jakitera gaur, asteartearekin, Donostia Zinemaldiak, komunikabideei igorritako ohar baten bidez. Ikastetxeak Belodromoan sailean irailaren 19an eta 22tik 26ra bitartean haurrentzako zinemaren arloan programatu diren sei filmen berri eman du idatzi horretan. Guztira, 80 bat ikastetxetako 13.000 ikasletik gora izango dira parte hartzaile ekimen horretan.

Programazio horrek, zentzu ludiko eta zinematografikoaz harago, balio pedagogikoak zabaltzea du helburu. Horren harira aipatzen da, Totoro auzokidearen bitartez, gaztetxoak “basoko misterioetan barneratuko dira, hango biztanleek osatzen duten ekosistema ezagutarazteko, naturan oreka ekologikoa eta biodibertsitatea babestea zeinen garrantzitsua den nabarmenduz”.

Natura ezinbesteko ardatza baita Miyazakiren filmografia animatuan; haren pelikula guztietan pertsonaia bat bera ere badela aise esan genezake. Are gehiago, askotan naturaren zenbait alderdiren enkarnazio zoomorfo edo antropomorfikoak ere txertatu izan ditu bere gidoietan. Totoro berak –izatez troll hitzetik eratorritako izena da– basoaren zaindariaren papera egiten du film luze horretan.

Zinemagile japoniarraren beste obra batzuetan ere argi antzematen denez, badu 1988ko lan horrek kutsu autobiografikoa, hein batean. Miyazaki beraren amari gertatu bezala, pelikulako haur protagonisten –Satsuki eta Mei– amak, tuberkulosiarekin kutsatu, eta Japoniako landa eremuko ospitale batera bidaiatu beharko du tratamendua jasotzeko. Familia osoa bidelagun izango du bidaia horretan eta landetxe batean hartuko dute ostatu. Satsuki eta Meik inguruko basoetan ezagutuko dute Totoro eta, izaki horren laguntzarekin, itxaropena berreskuratuko dute.

Animaziozko zinema japoniar klasiko horren emanaldiak euskarazko azpitituluak ere izango ditu gorrentzat eta entzuteko zailtasunak dituzten pertsonentzat. Gainera, saioak aurkezpen oso originala eta beste hainbat ezusteko izango dituela adierazi du Zinemaldiak. “Basoaren bihotzera bidaiatuko dugu zuhaitzak, onddoak eta organismo ñimiñoak elkarrekin nola bizi diren eta elkarri nola laguntzen dioten deskubritzeko. Mikro mundu sinbiotiko horien eta lurpeko komunikazio-sareen aurkikuntzak basoa ia batere esploratu gabeko ekosistema gisa hautematera eramango gaituzte”, gaineratu dute.

Aurtengo ediziora gonbidatutako zientzialaria Neiker Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundeko Baso Zientzien departamenduko Nahia Gartzia Bengoetxea biologo ondarroarra izango da. Aurkezle lanetan, berriz, Ugaitz Alegria aktorea arituko da.

Haurrentzako zinema

Totoro auzokideaz harago, familientzako animaziozko beste sei pelikula aurkeztuko ditu Zinemaldiak aurtengo 73. edizioan. Jaialdiaren lehen asteburuan eta bigarren larunbatean, Haurrentzako Zinema saileko zinema emanaldiak Principe zinema-aretoan izango dira.

Sail honetan emango diren gainerako film luze guztiak ere euskaraz bikoiztuta eskainiko dira. Nocturna filmarekin Animazio Onenaren Goya saria irabazi ostean, Adriá Garcíak Barrakudaren altxorraren mundu mailako estreinaldia izango du Zinemaldian.

Aurrekoez gain, azken boladan areto komertzialetan emandako Ute von Münchwo-Pohlen Super Elfkinak pelikula programatu dute eta Waldemar Fastek sortutako Sari nagusia: ziztu bizian programatu dute, Tobias Schwarz eta Aizea Rocaren Heidi: Katamotzaren erreskatea, Karine Vézina eta André Kadiren Kaixo, Frida!, bai eta sari ugari jasotako Gints Zibalodis zuzendariaren Flow ere.