Tanttaka konpainiaren Badakizu plastikozko loreak ez direla inoiz bizi izan, ezta? antzezlana, gaur hasi eta ostegunera arte euskaraz eskainiko da Donostiako Antzoki Zaharrean. Ostiraletik igandera, berriz, gaztelaniazko emanaldiak eskainiko dira. Gabilondok zuzendu, idatzi eta antzezten duen obra horretan, gaur egunean moda-modan dauden bi antzezlek parte hartzen dute, Telmo Esnalek eta Aitziber Garmendiak.
Nondik sortu zitzaizun ‘Badakizu plastikozko loreak ez direla inoiz bizi izan, ezta?’ antzezlana idazteko ideia?
Aurretik, Tanttakan, Aitziber Garmendia eta Telmo Esnalekin beste lan batzuk eginak genituen. Sexberdinak da azkenekoa baina, aurretik, Telmorekin Streaptese ere egin genuen. Beraiekin lan egiteko gogotik etorri zitzaidan ikuskizun hau.
Zuk idatzi duzu obra.
Argi neukan nik idatzi nahi nuela, pertsonaiak zeintzuk izango ziren eta zer kontatu nahi nuen. Aitziberrek berak nortasun bikoitza duen emakume baten papera egiten du. Gorpuzten duen pertsonaia horietako bat, gure artean, askotan egin izan du eta hori agertokira eramateko gogoa ere banuen. Endredozko komedia bat egiteko, ordea, beste pertsonaia bat behar nuela ondorioztatu nuen.
Hiru aktore dira, baina lau pertsonaia...
Esan dudan bezala, Aitziberrek bi pertsonaia egiten ditu. Bata Luzia da, depresioagatik edo paralisi emozionala duen neska. Oso gaizki dago, ezin du etxetik atera... Orduan, bere buruan, beste pertsonaia bat sortzen zaio, Yoldi izenekoa, paralisi intelektuala duen beste emakume bat. Landareak zaintzen dituen emakumea da. Telmok, berriz, Jose Manuel izeneko garun paralisia duen psikologo oso arrakastatsu baten papera egiten du. Yoldik Jose Manuelen landareak zaintzen ditu. Badago hirugarren pertsonaia bat, Martina, paralisi metafisikoa duen emakumea da. Nik neuk egiten dut azken paper hori.
Osasun mentalaren gaia fokuaren azpian jarri duzu. Azken aldian, artea sakon dabil afera hori lantzen.
Gizartean ere, gero eta gehiago lantzen ari den zerbait da. Lehenago ez zen hainbeste hitz egiten gai horren inguruan. Esango nuke ikasi dugula psikologora joatea dentistarenera joatea bezala dela, premia dugunean egin beharreko zerbait. Estigma kendu dugula esango nuke. Hitz egin beharreko gai bat dela iruditzen zait.
Zeharka bada ere, Adimen Artifizialaren gaia ere agertzen da antzezlanean.
Jose Manuel adimen artifizial batekin bakarrik erlazionatzen da. Bere pazienteak aparte utziz gero, ez da harremanik beste inorekin, jendearen minekin ezin baitu gehiago. Horregatik erabakiko du adimen artifizial batekin harreman bat sortzea. Gizarte honetan gero eta gehiago hitz egiten dugu makinekin eta horiekin ere harremanak sor litezke.
Deshumanizatzen ari gara, agian.
Noski, eta bakardadeak beste harreman batzuekin pozik bizitzera ere bultza gaitzake.
Sortzaile zarenetik adimen artifizialaren hedapena mehatxutzat ikusten duzu?
Gehiegi ez, ez naizelako oso aditua gauza horiekin. Ez dut sare sozialik, ez ezer. Nahiko babestua sentitzen naiz nire buruarekin, horrelako kontuekin harreman askorik ez dudalako. Nik neuk nire burua ez du arrisku horretan ikusten baina egia da, gero eta gehiago, presente dauzkagula gure gizartean. Jende askorentzat, ziurrenik, ez da hain arrotza izango.
Badira adimen artifizialak testuak sortzeko erabiltzen dituztenak...
Horrela esaten da eta egia da. Jendearekin hitz egin eta erakutsi izan didate, adibidez, adimen artifizialarekin idatzitako eszena bat. Hobetu litekeela konturatzen zara, noski, baina oinarri bezala ez dago gaizki, lan potoloena egin dizulako. Horren erabilera noraino iritsiko den? Ziurrenik oso toki altuetara (barre egiten du). Halere, beti geratuko zaigu gure burua eta gure gaitasuna.
Antzezlanera itzuliz, endredozko obra bat dela diozu baina komedia bat da, drama bat, dramedia bat...?
Idazten dudanean, zuzentzen dudanean edo agertokira eramateko gogo horretan, estilo aldetik bide ertzean ibiltzea gustatzen zait. Gauza serio-serio baten ondoren, umore punttu batekin bukatzea gustatzen zait. Edo, alderantziz, umorean kokatzen den eszena batean kristoren berri potolo eta larria lehertzen da. Hortik nola erreakzionatzen dugun aztertzeak interesa sortzen dit. Kasu honetan, gauza gogorrak dituen komedia bezala definitu dut, hau da, komedia tragiko bat. Endredoei dagokionean, ikusleak berak izango du zer deskubritu.
Nolakoa da eszenografia?
Oso espazio hutsa daukagu. Paneltxo batzuk daude agertokiaren atzealdean eta bertan, eszenatik eszenara, edo eszena baten barruan, autoreak nahi duen informazioa emateko erabiltzen ditut. Esate baterako, eszena kokatzeko erabiltzen ditut: non gauden, goiza ala arratsaldea den, euria ari duen, pertsonaiak nola dauden... Gero, aulki luze bat erabiltzen dugu, kontsultan daudela dibana bailitzan erabiltzen dena eta etxeko giroan sofa bihurtzen dena. Aktoreek hutsunetik lan egiten dugu.
Centro Dramático Nacionalarekin egindako koprodukzioa da. Estatu mailan ere biran zaudete ‘Badakizu plastikozko loreak ez direla inoiz bizi izan, ezta?’ antzezlanarekin?
Maria Guerrero aretoan hasi ginen lanean, Madrilen. Han egin genituen entseguak eta hilabete eta erdiz egunero izan genituen emanaldiak. Jende asko hurbildu zen eta oso kritika politak jaso genituen. Otsailean Beasainen estreinatu genuen euskarazko emanaldia eta Euskal Herrian bira egiten ari gara. Hemendik kanpo ere baditugu hamar edo hamabi bat emanaldi itxita. Orain bi hizkuntzatan ari gara lanean.
Aldi berean obra bera bi hizkuntzatan egiteak zaildu egingo du aktoreen lana.
Beti ere, ohitu egin behar izaten dugu. Nolanahi ere, Euskal Herrian, gehienok, bi hizkuntzak erabiltzen ditugu eta, nolabait, ohituta gaude jada. Zailtasun nagusia entseguak egiteko momentuan etortzen da, batez ere. Lehenik hizkuntza batean egiten dugu. Gero, denboratxo bat uzten dugu, bigarren hizkuntzan ikasi eta hasi aurretik. Beste hilabete eta erdiz entseguekin jarraitu ohi dugu eta, gero, egunerokoan bi hizkuntzetan eskaintzen dugu. Nik beti esaten dut hizkuntza bat burmuineko toki batean gordetzen dela eta bestea, beste batean. Azkenean, hari batetik edo bestetik egin behar duzu tira. Beste kontu bat izaten da mingainak nola jarduten duen. Nire ustez, zenbat eta gehiagotan egin, orduan eta finago ibiltzen gara.
Garmendia eta Iruretaren ‘Sexberdinak’ aipatu duzu lehen. Biran jarraitzen duen obra arrakastatsua duzue.
Gutxi batzuk geratzen zaizkigu eta lau urte egingo ditu biran. Oraindik ere eskatzen digute eta hori oso pozgarria da. Esan nahi du, ikuskizunak gogoa astintzen duela eta oraindik ere interesarekin ikusten dela.