Lau urteko ibilbideari amaiera emango dio larunbatean Jon Maiak
Prozesu luzea izan dena Itzurun hondartzan itxiko du ‘Zumaia Harri eta Herri’ ekitaldiarekin
Jon Maiak urrun geratzen den 2021ean hasi zuen Kantu bat gara proiektuari larunbat honetan emango dio amaiera Zumaiako Itzurun hondartzan.Zumaia Harri eta Herri ekitaldia 21.00etan izango da, eta iluntzearekin batera, itsasbehera ere ordu horretan bertan etorriko da. Letragileak aipatu duenez, “Zumaiako itsaslabarra izango du ekitaldiak atzealdean, agertokia emanaldiaren oinarri bilakatuz”.
Lau urteko prozesua ixteko, Jon Maiak hainbat gonbidatu bilduko dituzu Zumaiako hondartzan, eta ekitaldi berezia izango denez, argi eta irudi muntai bereziak ere eskainiko ditu. Zumaiako Astindu elkartea, Eñaut Elorrieta, Kandido Uranga, Inpernupeko joaldunak, Zumaiako Adarjoleak, Zaria Koru Eskola, Gernikako Ross dantza eskola eta beste zenbait gonbidatu berezi izango dira bertan. Sarrera doakoa izango da eta edonork izango du bertaratzeko aukera.
Lehengo urtean ez bezala, ekitaldia ez da bertan behera geratuko eguraldiak lagunduko ez balu, hala gertatuz gero Aitzuri pilotalekuan eskainiko baita 22.00etan. Maiak argi du ekitaldiari “berezitasuna Itzurunen egiteak” ematen diola, baina kontziente da faktore askok “bat egin” behar dutela. Gainera, “kokalekua geoparkean dagoenez, baldintza asko zintzo betetzea eskatu digute, eta bertan behera uztekotan ez dakit noiz izango genukeen beste aukera bat”, gehitu du. “Horrelako antzoki bat ezin da munduko diru guztiarekin ere lortu”.
Eman dituen ia 100 kontzertuetan abesten dituen kantez gain, “lekuak erreferentzialtasun handia” hartuko du larunbateko ekitaldian. “Harrien atzean dagoen Zumaia eta Euskal Herria erakutsi nahi izan ditut lan honetan”, azaldu du Maiak, Zumaia Harri eta Herri izenburuari erreferentzia eginez. Maiaren esanetan, “musika, hitzak, dantza, irudiak eta argia uztartuko ditugu eta inpakturik handiena lekuak berak emango digu”.
Ibilbidea
2021ean eman zion hasiera Jon Maia bertsolari zumaiarrak Kantu bat gara proiektuari, eta larunbat honetakoa izango da hura ikusteko azken aukera: “Azken aldia izateak bereziagoa egiten du ekitaldia”. Letragile zumaiarrak “azken festa” bat bezala hartu du datorren hitzordua, lau urte hauetan zehar milaka pertsonak ikusi badute ere.
Letragile lanean emandako 30 urteko ibilbidea ospatzeko hasi zuenKantu bat gara proiektua, eta denboraren poderioz, egin duen “lan potenteena” bilakatu dela aitortu du zumaiarrak. “Oso pozik eta errealizatuta utziko dudan proiektua izango da, emozioen bitartez Euskal Herriaren inguruan nuen ikuspegia partekatu ahal izan dudalako”, dio. Eskaini dituen kontzertuetan zehar, gizarte kolektibo askori egin dio tokia eta bere helburua “mezu bat zabaltzea” izan omen da. Hala, helburuak “oso betetzat” eman ditu, identitatearen eta transmisio historikoaren inguruan hausnarketa bultzatu duelako.
“Oso pozik eta errealizatuta utziko dudan proiektua izango da, emozioen bitartez Euskal Herriaren inguruan nuen ikuspegia partekatu ahal izan dudalako”
Arrakasta
Lehen diskoak izan zuen arrakastak ezustean harrapatu zuen Maia, eta 2023an, lanaren jarraipen antzera argitaratu zuen Kantu berri bat gara. Lanen oinarria identitatea eta transmisioa izan dira, emozioaren eta edertasunaren bidez Euskal Herriaren bere ikuspegia azaleratzeko helburu nagusiarekin. “Lehenengo diskoaren helburua nire ibilbidearen 30. urteurrena ospatzea zein hein batean, baina harrera ikusita, bigarren bat ateratzea erabaki nuen”, adierazi du.
Lan ezberdinetan izan dituen laguntzaileek “konfiantza eman eta arrakasta hein batean bermatzen badute” ere, Maiaren ustetan “zabaldu dudan ikuspegiarekin jendea identifikatua sentitzeak egin du proiektua arrakastatsu”. Gorka Hermosa, Pello Ramirez, Nacho Soto eta Nerea Quincoces musikarien laguntza izan du, beste zenbait ilustratzaile eta irudi teknikariz gain. “Luxuzko” laguntzaileen artean, Silvio Rodriguez eta Xabier Amuriza izan ditu, besteak beste.
“Proiektu hau jauzi erraldoia izan da nire ibilbidean eta ez nuen inoiz pentsatuko nire izenarekin Kursaal, Victoria Eugenia edo Arriaga antzokiak beteko nituenik”, aitortu du. Honenbestez, larunbatean Kantu bat gara agurtzeko aukera izango dute zumaiarraren jarraitzaileek. Bere esanetan “artistikoki fantasia bat den ekitaldi errepikaezina” izango da. Hain zuzen ere, idatzi dituen abesti askoren sorleku omen da Itzurun hondartza.
Larunbatean, inoiz egin duen “proiektu potenteenari” agur esango dio Maiak, eta eguraldia alde izatea ezinbestekoa izango du, bere ustez Itzurunen egiteko aukera “bakarra” delako. Lanean adar ezberdinak uztartu ditu: “Nire bizitza pertsonala, bizi dugun Euskal Herria eta bizi dugun garaia”.
Etorkizunari begira, zumaiarrak musika alde batera utziko omen du tarte batez. Hurrengo bizpahiru urtetan ikus-entzunezkoetan arituko da: “Dokumental bat bukatzen ari naiz eta beste handiago bat hasiko dut laster”. Hala ere, “bertsotan aritzeari ez diot inoiz utziko”, argitu du.