Alkizako Sormenaren Kabiak beka berezia sortu du 18 eta 35 urte bitarteko artistentzat
Deialdia zabalik egongo da ekainaren 5era bitartean eta Elena Cajaraville, Txiki Agirre eta Zaloa Ipiña izango dira epaimahaian.
Abian da 2025eko Alkizako Sormenaren Kabia ekimena, berrikuntza nabarmen batekin. Alkizako Udalak atzo jakitera eman zuenez, 8. edizio honetan Sormenaren Kabian hautatutako bi proiektuetako bat, 18 eta 35 urte bitarteko gazte edo talentu berriei zuzendutakoa izango da. Udalak eta herriko eragileek bultzatzen duten egitasmo horrek, arte-sorkuntza landa eremura eramatea du xede nagusi. Urte luzetan, Koldobika Jauregi zenak gidatu izan zuen ekimena eta egoiliarrek berarekin eta Elena Cajaravillerekin egiten zuten egonaldia Ur Mara Museoan.
Deialdia ekainaren 5era bitartean egongo da zabalik, diziplina guztietako artistentzat. Arte plastikoak, bisualak edo eszenikoak lantzen dituztenak, edo, besteak beste, literatura, musika, zinema, arkitektura eta dantza jorratzen dituzten sortzaileak deitu ditu Sormenaren Kabiak. “Deialdia guztiz irekia da, bai eskarmentu handiko sortzaileentzat, bai lehen pausoak ematen ari direnentzat ere. Alkiza presta dago proposamen berriak jasotzeko eta artea naturarekin uztartzen jarraitzeko”, esan zuten argi asko ekimenaren antolatzaileek.
Jakitera eman zutenez, aurten ere bi proiektu hautatuko dira eta, gazteei zuzendutako bekari dagokionez “hasiberri diren sortzaileei beren proiektu artistikoak garatzeko aukera eta babesa” emateko sortu dutela aipatu zuten.
Artista bakoitzak 1.250 euroko diru-laguntza jasoko du eta Alkizan bertan hiru asteko egonaldia ordainduko zaie, 2025eko iraila eta azaroa bitartean, bakoitzak bere proiektuari dedikazio osoz heltzeko.
Ur Mara museoko Elena Cajaravilleren babesa eta aholkuak jasoko dituzte –proiektu bakoitzak hamar orduko aholkularitza– eta, gainera, Unai Sorarrain bideogile alkizarrak ikus-entzunezko pieza bana sortuko du lan bakoitzaren inguruan. Iazkoan, Uxue Juárez Gaztelu idazleak eta Ada Garrués Paularena margolariak jaso zuten Sormenaren Kabia Beka.
Aurten Cajaraville bera izango da epaimahaikidetako bat, Txiki Agirre Keixeta margolari eta eskultorea, eta Zaloa Ipiña Bidaurrazaga artista plastikoarekin batera. Proposatutako proiektuen kalitatea eta sormena, berrikuntza, ibilbidea, motibazioa, metodologia eta kronograma, jasangarritasuna eta Alkizari egiten zaion ekarpena kontuan hartuko ditu epaimahaiak bekak ebazterako garaian.
2018tik hona
Sormenaren Kabia Beka 2018. urtean sortu zuten Alkizako Udalak eta herriko zenbait eragilek, aurrez esan bezala, Jauregiren gidaritzapean. Ur Marak bere urteroko programazioan egiten duen legez, artistak, sormena eta natura uztartu nahi izan zituzten ekimen horrekin. “Naturagune paregabe batean” esperientziak partekatu, hausnartu, sortu eta esperimentatzeko helburuarekin jarri zuten martxan ekimena, hirietatik harago ere sortzeko aukerak badirela erakutsi asmoz.
Esan bezala, eragile publiko eta pribatuen arteko elkarlanak ahalbidetutakoa da Sormenaren Kabia Beka. Alkizako Udalaz gain babesle dira Gipuzkoako Foru Aldundia, Fagus Alkiza interpretazio-zentroa, Alkizako Herri Ostatua, Lete Apartamentuak, Inazio Urruzola Txakolindegia, Ekotalo eta, jakina, Ur Mara Museoa.