GATEPACeko Ipar Taldea. Inguruabar politikoak izenburuarekin kaleratu du EHUko Arkitektura Fakultateko irakasle eta ikerlari Lauren Etxeparek bere azken liburua. Agian, irakurleari, GATEPAC siglek ez diote ezer esango. Izatez, Grupo de Arquitectos y técnicos Españoles para el Progreso de la Arquitectura Contemporánea erakundea laburbiltzen duten siglak dira. Zaragozan jaio zen 1930ean eta zeresana eman zuen, bereziki Katalunian, baita Madrilen eta Euskal Herrian ere. Agian horrek ere ez dio gauza handirik esango, baina, agian, ezagutuko ditu haien legatu diren zenbait eraikin Donostian, Iruñean, Bilbon, Eibarren, Irunen edota Hondarribian. Horien artean legoke, esate baterako, Gipuzkoar hiriburuko Nautikoa. Esan beharra dago, Ipar Taldea izenarekin ezagutu den Euskal Herriko mugimendua ez zela behar bezala integratu. Zergatik? Hori da, hain zuzen ere, Etxeparek liburuan landu nahi izan duena, gai horri argi berri bat emateko borondatearekin. Tentsio politikoak, talde horren eta bere arkitekturaren zabalkuntzan oztopo izan zirela uste du ikertzaileak. Nautikoa diseinatu zuen Juan Manuel Aizpurua donostiarra, adibidez, Falange Españolako militante sutsua izan zen. Erbestean hil zen Tomas Bilbao arkitekto bilbotarra, aldiz, ANVko zinegotzia izan zen. Beste adibide bat: Joaquín Zarranz nafarra, EAJko afiliatua zen. Gauzak horrela, talka politikoak ekidinezinak izango zirela iruditzen zaio Etxepareri.
Zer izan zen GATEPAC?
Estatu mailako erakundea izan zen, CIRPAC erakundearen aterkitik eratorritakoa. CIRPAC nazioarte mailako erakundea izan zen, Arkitektura Modernoko Nazioarteko Biltzarrarekin (CIAM) erlazionaturikoa, eta Europako hainbat herrialdetan arkitektura modernoa zabaltzea helburu zuena. CIRPACetik, Estatuz Estatu eratorri ziren haien azpiko erakundeak. Espainiar Estatukoa GATEPAC izan zen.
GATEPACek Estatu mailan hiru talde izan zituen: Katalunian, Madrilen eta Hego Euskal Herrian. Zer nolako arkitektura bultzatu zuen?
1930. urteko urrian sortu zen. Arkitektura modernoa izango zena bultzatu zuen, hau da, XIX. mendeko eta I. Mundu Gerra aurreko arkitekturarekin hautsi nahi zuena. Lengoaia berri bat ere bultzatu zuen, ez bakarrik estetikaren aldetik, baita gizartearen behar berriei erantzuteko ere.
Nondik otu zaizu GATEPACeko Ipar Taldearen inguruan gai berri hau aztertu nahi izana?
Hutsune bat ikusten nuen talde horren historiografiaren inguruan: egiteko zegoen talde horren kronika politikoa. Ez naiz gauzak debalde politizatzearen aldekoa, baina izaera politiko handiko kontu bati buruz ari garenez, hori guztia ezkutatzea ere ez zait zilegi iruditzen. Asko zegoen horri buruz esateko, GATEPACeko Ipar Taldea oso politizatua zegoen taldea izan zelako.
Zein zentzutan?
Bere kideen artean denetariko jendea ibili zen, ANVko alkate orde bat, EAJko Napar Buru Batzarreko beste kide bat, Hondarribiko EAJko burukide izan zena, Falange Españolan hasiera-hasieratik parte hartu zuen lider bat... Nire galdera zen, erlaziorik ba al du horrek guztiak taldeak izan zituen zailtasunekin?
Zer nolako zailtasunez ari zara?
GATEPACeko Ipar Taldea ez zen talde integratua, bateratua edo osatua izatera ailegatu. Kataluniako taldeak, adibidez, batasun eta erabakitasun handiarekin funtzionatu zuen, baina euskal taldea erdibidean geratu zen. Eta hori gertatu izanaren arrazoia, nire ustez, garai konplikatu hartan taldearen barnean bizitako tentsio politikoa izan zen. 1933. urtetik aurrera, Errepublikaren bigarren biurtekoan, gauzak aldrebesten eta urak uhertzen hasi ziren.
2024an GATEPACeko Ipar Taldearen proiektuen bilduma argitaratu zenuenetik hona, bi proiektu berri topatu dituzue. Zeintzuk dira?
Matia kaleko gasolindegia, Aizpuruak egindakoa eta jada existitzen ez dena, eta apartamentu etxe bat Iruñean, Joaquín Zarranzek diseinatutakoa.
Aurrerantzean ere besterik agertuko dela uste duzu?
Oraingoz ez, baina topatu ahala gehituko ditugu.
GATEPACeko Ipar Taldeak hiru kide izan zituen hasieran: Luis Vallejo (Bilbao, 1901-Getxo, 1964), José Manuel Aizpurua (Donostia, 1904-1936) eta Joaquin Labayen (Tolosa, 1900-1905).
1930eko sortze bilera horretara Labayen eta Vallejo joan ziren, baina Aizpuruak berehala eman zuen izena. Horiek izan ziren aitzindariak. Aizpurua donostiarra zen, ikasle berezia eta hasieratik bertatik arkitektura modernoari heldu ziona. Donostian zabaldu zuen bere estudioa Labayenekin. Azken hori tolosarra zen jaiotzez. Beti Aizpuruaren alboan ibili zen eta haren ondoan distira egin zuen. Luis Vallejo ere oso pertsona interesgarria da. Bilbotarra jaiotzez, 1934rako utzi egin zuen arkitektura, baina lanean aritu zen bitartean oso ikuspegi modernoa eta aberatsa erakutsi zuen tipologiaren ikerketan, etxebizitzak eta apartamentuak eraikitzeko bide bereziak proposatuz. Hirurek Madrilgo eskolan ikasi zuten.
1929an Nautikoa egin zuten Labayenek eta Aizpuruak. Estiloaren aldetik GATEPACen barruan sartu genezake?
Estilo aldetik bada galdera, bai, dudarik gabe. Kronologiaren arabera izango balitz galdera, aldiz, ez guztiz, GATEPAC sortu aurretik egin zutelako; nolanahi ere, funtsean, mugimendu horretan koka daiteke.
Elite politikoek nola hartu zuten taldearen sorrera?
Diktadura baten azken hilabeteetan sortu zen eta, gero, indar handiagoa hartu zuen Errepublikaren garaian.
Zergatik?
Bereziki giro errepublikanoa nagusi zen herrialdeetan hartu zuelako indarra GATEPACek. Horregatik joan zen gurean hain motel. Hala nola, Katalunian batera etorri ziren Errepublika, Autonomia Estatutua eta Bartzelona Europa mailako hiriburua bihurtzea. Hemen poliki joan zen, gatazkatsua izan zelako II. Errepublika eta hemengo alderdi nazionalista nagusien arteko hurbilketa. 1935-1936ra arte ez zuten Errepublikarekin guztiz bat egin. Hori erabat lotuta dago Ipar Taldearen heldugabetasunarekin.
Bi garai nagusi izan zituen Ipar Taldeak, sortu eta 1934. Urtera arte eta hortik aurrera. Lehengo aroan, proiektu asko eraman zituzten aurrera?
Guztira, GATEPACek 61 proiektu eraman zituen aurrera –35 eraiki ziren eta besteak proiektu hutsean geratu ziren–. Lehenengo urte horietan hogeita bost bat izan ziren. Proiektu batzuk eraiki egin ziren eta, beste batzuk, lehiaketetara aurkeztutakoak dira. Garai horretan, Gobernu errepublikanoaren borondatea izan zen hornidura-eraikinak egiteko lehiaketak deitzea. Arkitekto moderno haiek guztiek lehiaketa horiek baliatu zituzten beraien saiakerak aurrera eramateko.
Zergatik zabaldu zen taldea 1933. urtetik aurrera?
Nire ustez bi aukera zituzten: zabaldu ala bertan behera geratu. Momentu batean, Kataluniatik, Torres Clavék Madrilgo taldea eta Ipar Taldea estutu egin zituen, gauzak ez zirelako ondo funtzionatzen ari. Gauzak horrela, Aizpuruak saiakera egin zuen taldekide berriak hurbildu zitezen. Ezagutzen zituen zenbaitengana jo zuen: Juan de Madariaga (Bilbo, 1901-1995), Joaquin Zarranz (Iruñea, 1905-1938), Tomás Bilbao (Bilbao, 1890-Ciudad de Méxioco, 1954), Luis Vallet (Irun, 1895-1982), José Antonio Ponte (Irun, 1905-1969), Eduardo Lagarde (Toledo, 1884-Donostia, 1959) Raimundo Alberdi (Azkoitia, 1899-??) eta José María Muñoz Baroja (Donostia, 1907-1978).
Zer nolako arkitektoak ziren?
Arkitektura modernoa egiten bazekiten ere, ez ziren doktrinarioak. Modernoa egiten zuten, gustatzen zitzaielako: etxe moderno bat egin zezaketen hemen eta, aldi berean, baserri bat han, inongo konplexurik gabe.
Aizpurua, Labayen eta Vallejo puristagoak ziren?
Baietz esan liteke. Hiru horiek Nazioarteko kongresuetara joaten ziren. Madariaga, Zarranz eta Bilbao ere arkitektura modernoarekin bat zeuden.
Arkitektura modernoa egiten zuen beste arkitektorik bazen Euskal Herrian?
Hauek ez ziren garaiko arkitekto moderno bakarrak. Bazeuden beste batzuk eta Ipar Taldeko kide batzuk baino ibilbide distiratsuagoa egindakorik ere bazegoen, ez ziren, ordea, GATEPACen sartu. Zergatik? Batek daki. Gipuzkoa zen herrialde sasoikoena, alma materra, Aizpurua Donostian zegoelako.
Garai horretan zer ari zen Europan egosten arkitekturari dagokionean?
Arkitektura asko garatu zen. Frantzian Le Corbusier zegoen; Alemanian, Gropius; Suitzarrak ere baziren... Modan zegoen arkitektura zen. 1932an Naziak Gobernura iritsitakoan, giroa gaiztotzen hasi zen, Bauhaus eskola itxi arazi zutenean. Estatu espainiarrean ere berdintsu, Errepublikaren bigarren biurtekoaren ostean gauzak tenkatzen hasi ziren.
Nolakoa zen GATEPACeko Ipar Taldeak egiten zuen arkitektura modernoa?
Esan bezala, bazeuden puristagoak zirenak, Aizpurua, esate baterako. Europan gertatzen ari zen guztiari oso adi egoten ziren. Aizpurua izugarria zen, bazuen gaitasun berezi bat berehala ulertzeko zer zen Europako modernoena. Nautikoa egin eta urtebetera, Le Corbusier Donostiara etorri zenean, txundituta geratu zen. Gero, arrazionalistak ere baziren taldekideen artean, ez bakarrik itxuran, programak ere asko aztertzen zituztenak baizik, Vallejo, esaterako. Madariaga eta Zarranzek, adibidez, Bilboko San Frantzisko eskola egiterako garaian, oso ondo aztertu zituzten eskolak: zertan ari ziren Suitzan, zeintzuk ziren irakaskuntza modu berriak, Montessori... GATEPAC ere baziren, inolako oinarri pragmatiko edo politikorik gabe, estetika arrazionalistari heldu ziotenak. Vallet eta Lagarde, adibidez, artista hutsak ziren, marrazkilari bikainak zirelako. Marrazkiarekin soilik gai ziren, estilo-eskakizunen arabera proiektu bat ebazteko.
1936an Gerra Zibila etorri zen.
Milizianoek fusilatu egin zuten Aizpurua; Zarranz, Napar Buru Batzarreko kidea, gudu zelaian hil zen; Vallet, errepublikanoa izanik, erbestera joan zen Hendaiara; Olazabal, nazionalista zelako, Puerto de Santa Marían eduki zuten preso hiruzpalau urtez; Vallejo atxilotu eta zigortu egin zuten; Madariagak eta Bilbaok Mexikon bukatu zuten erbestean; Lagardek gorriak pasa zituen kartzela errepublikanoetan... Gerraren eragina izugarria izan zen taldeko kideentzat.
Zer gertatu zen behin gerra bukatutakoan?
Taldea gerra hasi baino lehen hasi zen desegiten. 1936ko otsailean edo martxoan maldan behera zetorren, jada. Aizpurua, esate baterako, bete betean zegoen Falange Española-n militatzen, eta ez zion kasurik egiten taldeari. Behin gerra bukatutakoan, esan bezala, bi Mexikon zeuden, beste bat Granadan, beste bat Hendaian... eta haien artean ez zegoen inolako erlaziorik.
Esan liteke, taldearen barruan bizi izan zen tentsio politikoak oztopatu zuela arkitektura modernoaren zabalkuntza Euskal Herrian?
Giro tenkatu horretan, taldea ez zen betetasunera ailegatu eta, hortaz, ez zuen gizarte osora iristeko gaitasunik izan. Gainera, Autonomia Estatuturik gabe ez zegoen Jaurlaritza batek aurrera eraman zitzakeen proiekturik, Katalunian, aldiz, bazituzten bezala. Ez zegoen hiriburu bat eta bakarra, anbiziozko proiektuak aurrera eraman ahal izateko. Hemen ez zegoen Arkitektura Eskolarik, Madrilen eta Bartzelonan berriz, bai. Hemen politikoki ez ziren ideologia berekoak; Katalunian, aldiz, gehien-gehienak Esquerra Republicana-koak ziren.
Frankismoa nagusitu zenean, arkitektura modernoak aurrera egin zuen?
Espiritu hori galdu egin zen. Frankismoaren aldetik nabarmena zen arkitektura hura gaitzesteko borondate politikoa. Erregimenak beste estilo bat sustatu zuen, Escorial-ean eta arkitektura formalista eta apainduan inspiratutakoa. Egia da, halere, etxebizitza kolektiboak egiteko garaian, planoak eta etxeen antolaketak ikusita, badagoela arkitektura modernoaren zantzurik, ez ordea, itxuran eta konposizioan.
Zer geratzen da, gaur egun, Ipar Taldearen ondaretik?
Fisikoki haiek egindako eraikuntzak geratu zaizkigu, 35 guztira. Gehienak zutik daude, bai, baina haien kontakizuna egin behar da, gogora ekartzeko. Lehen ere, nolabaiteko errelatoa eginda zegoen, baina kontatu beharreko beste zenbait hari falta zitzaizkion. Eraikinak Donostian, Bilbon, Iruñean, Eibarren, Irunen eta Portugaleten daude. Ez zuten arabarrik erakartzea lortu. Zarranz, nafarra izanda, Madariagaren eskutik sartu zen taldean, lagunak baitziren, elkarrekin ikasitakoak.
Errelatoa zabaltze edo saretze aldera, liburuaz harago, erakusketarik baduzue buruan?
Poliki joan nahi dugu. 2030. urtean etorriko da GATEPACen mendeurrena. Urteurren hori baliatu nahi dugu gauzak behar bezala prestatzeko. Seguru nago Katalunian sekulakoa antolatuko dutela. Hemen ere gertu egon nahi dugu, material eta irakurketa berriak baditugulako eta gauzak prestatzen ere bagabiltzalako. Zergatik ez Katalunia, Madril eta Euskal Herriaren artean zerbait txukuna egin? Momentu gorena hemendik bost urtera izango dela jakinda, aurretik urratsak emateari ekingo diogu. Aurten, udazkenetik aurrera, erakusketa ibiltari bat inauguratuko dugu.