Síguenos en redes sociales:

Ereinek nazioarteko 'best-seller' izandakoak euskarara ekarriko ditu

Ereinek nazioarteko 'best-seller' izandakoak euskarara ekarriko dituIker Azurmendi

Alex Michaelides idazlearen Paziente isila nobela “erakargarri eta misteriotsua” ekarri du euskarara Erein argitaletxeak, Fernando Reyren itzulpen lanarekin. Ereingo editore Uxue Razquinek eta itzultzaileak berak aurkeztu dute gaur, astelehenarekin. Lan honekin, argitaletxeak “bide berri” bati ekingo dio: azken urteetan nazioarteko best-seller izandakoak euskarara ekarriko dituzte hemendik aurrera, eta lehena, Michaelidesen eleberri hau izan da, mundu osoan 6,5 milioi ale saldu dituena.

Ereinek osatutako best-selleren zerrendan lehen postuan zegoen Paziente isila. Thriller psikologikoa da, asko kontsumitzen den generoa. “Orohar nobela beltza izan ohi da gehien irakurtzen dena”, azaldu du Razquinek. Michaelidesen liburuaren argumentuak irakurle euskalduna “harrapatu ahal duela” uste du editoreak, eta ondorioz, “gustagarria egin dezakeela irakurketa”. “Oso ondo eraikitako” kontakizuna da Paziente isila. Kontakizunaren premisa honakoa da: alde batetik, bere senarrari bost tiro jo ondoren mutu geratu den margolari bat aurkezten dio nobelak irakurleari; eta, bestetik, kasuarekin obsesionatu eta misterioa argitu nahi duen psikoterapeutaren bizipenak ere kontatzen ditu. Razquinek aurreratu duenez, behin nobela irakurtzen hasten direnean, irakurleek orrialdeak aurrera pasa besterik ez dute nahi izango, berau irentsi arte.

Reyk ere, bere aldetik, ideia bertsuan erreparatu du: “Irakurtzen jarraitzeko gogoa pizten du”. Itzultzailearen ustez Michaelindesek modu paregabean uztartu du tragedia greko-erromatarraren tradizioa, Agatha Christieren tropoekin: “Testuak irakurlea modu aktiboan jartzen du” zer jazo den argitu nahian.

“Nire ustez nobela honek irakurleari beste ate edo leiho batzuk irekitzen dizkio”, esan du itzultzaileak, eta jarraian gaineratu nahi izan du berari “zein ate edo leiho” ireki dizkion. Hurrenez hurren, “isiltasunaren esanahia eta, indarra sufritzen dutenengan eta gizartean, haurtzaroko afektuen garrantzia”; osasun mentala eta gaitzaren arteko mugen lausotasuna: bai eta gizabanakoak zein itzal eta argi dituen ere.