Síguenos en redes sociales:

'Kutsidazu bidea, Ixabel' liburuaren 49. edizioa kaleratu da, 100.000 aletik gora saldu direla ospatzeko

'Kutsidazu bidea, Ixabel' liburuaren 49. edizioa kaleratu da, 100.000 aletik gora saldu direla ospatzekoJavier Colmenero

"Liburu honek ez du Nobel saririk irabaziko, baina lehen edizioa aise agortuko da". Horixe iragarri zion Inaxio Mujika Iraolak Jorge Giménez Bech zenari, 1994. urtearen bueltan. Urtebete lehenago Alberdania argitaletxea sortu zuten biek, testu-liburuak baino "aski literarioak" ziren nobelak argitaratzeko helburuarekin. Nobel saririk ez baina lehen alea agortuko zuen kontakizun hura, Joxean Sagastizabalen Kutsidazu bidea, Ixabel izan zen. Lehen edizioa bai, baita beste 47 ere agortu zituen komedia horrek. Orain, 100.000 aletik gora saldu dituela ospatzeko, Alberdaniak liburuaren 49. edizioa kaleratu berri du, bi berritasunekin: Jokin Mitxelenak marraztutako azal berria dakar, baita Inaxio Mujika Iraolak idatzitako aitzinsolas berria ere. Sagastizabal eta Mujika Iraola gaur, astelehenarekin, Donostiako Liburutegi Nagusian izan dira, Joxerra Garziarekin batera, edizio berria aurkezteko. Lehen aldiz argitaratu zenetik mende laurdena pasa den honetan, Kutsidazu bidea, Ixabel "ondo zahartu dela" esan omen diote Sagastizabali orain gutxi. Bere obra hori euskal literaturan "klasiko bat" bihurtu izana harrotasunez hartu du. Klasiko horrek, gainera, forma ugari hartu ditu. Liburuaren atzetik etorri zen antzezlana, eta horren segidan pelikula eta telesaila. Azken ezustekoa, 2020an taularatu zen antzerki-musikala izan zen, Max Sarietan Musikal onenaren saria eskuratu zuena, hain zuzen ere.

Ez da euskarazko literaturan komedia askorik, aitortu dute Mujika Iraolak eta Garziak. Baina euskal literatura, orokorrean, "dramatikoa" izanagatik, horrek ez du esan nahi luma zorrotzeko idazleek euren nobeletan ironia erabiltzen ez dutenik. Sagastizabalen komedia bestelakoa dela iritzi du Garziak, esplizituagoa, agian. Umore motak sailkatzerako garaian, komikigintzaren esparrura jo du Garziak. Komedia egiteko bi bide omen daude, Ibañezek Mortadelon erabiltzen zuena eta Quinok Mafaldan erabilitakoa. Intelektualismotik ihes eginez eta egunerokoak propio duen absurdoaren jakitun, Sagastizabalen obrak gehiago du Mortadelotik, Mafaldatik baino. "Euskal literaturaren eremu tristeari, Sagastizabalek komikien eta bestelako erreferentzia modernoagoak eta alternatiboagoak ekarri zituela" uste du Garziak.

Euskaldun oro, euskaldun berri

Literatura maila handiko lanak argitaratu nahi zituztela eta, hasiera batean ezezkoa eman zion Alberdaniak Kutsidazu bidea, Ixabel-i. Hori gogoan duela esan du Garziak, baina Mujika Iraolak azkar erantzun dio gauzak ez zirela horrela izan. Sagastizabal folio gutxi batzuekin agertu omen zen Alberdaniako editoreengana eta haiek zerbait txukunagoa zuenean itzultzeko esan zioten. Horixe egin zuen eta editoreek ez zioten ezezkorik eman; agian, haien erantzuna behar baino gehiago "luzatu zela" aitortu du Mujika Iraolak. Baiezkoaren zain zegoen bitartean, Sagastizabalek Garziari pasa zion eskuizkribua, eta hark, irakurtzean, ezin izan omen zion barreari eutsi. Garziak xaxatu zuen editorea, irakurri gabeko multzotik atera eta liburu hura irakur zezan. Mujika Iraolak, Garziak bezala, barreari emanda bukatu zuen irakurketa.

Eta zergatik hainbeste barre eta algara? Zergatik saldu da hainbeste? Umoreaz harago, argumentuaren benetakotasunarengatik izan dela iritzi dute Garziak eta Mujika Iraolak: "Giharren bat ukitu zuelako euskaldunen artean". Kutsidazu bidea, Ixabel, Alkiza eta Hernialderen artean kokatzen den baserri batean girotuta dago, 80ko hamarkadan. Sagastizabal beraren bizipenak oinarri hartuta, Gipuzkoaren bihotzera bidaia egiten duen euskaldun berri baten pasadizoak kontatzen dizkigu eleberriak. Hura bera beste askori gertatu zitzaiola esan du editoreak, alegia, euskara ondo menperatzen duzulakoan baserri batera joan "eta han ezertxo ere ulertu ez". Garziak, bere aldetik, gaineratu du, euskaldunak, orain gutxira arte, "denok izan gara, aldez edo moldez, euskaldun berri". "Guk erdaraz ikasi genuen eta hainbat eta hainbat alorretan euskaldundu egin behar izan dugu", gaineratu du Garzia. Zentzu horretan, Sagastizabalek "askorena zen bizipen bat sublimatzea" lortu zuela diote, horra hor, nobelaren "arrakastaren gakoa".

Santa Gertrudisen 49 mirari

Eleberriko protagonistak, Juan Martinek, noiz edo noiz dei egiten dio Santa Gertrudisi. Berak imajinatutako protagonistak bezala, Sagastizabalek dei egin dio gaur santuari. Jatorrian "mirari" bakarra eskatu ziola kontatu du, lehen edizioa agortzea, bigarrenean eleberriaren azaleko akats bat zuzentzeko esperantzarekin. Santa Gertrudisek mirari hori eta beste 48 bete dizkio sinesle profano horri. Ostera iritsi ziren pelikula, telesail eta antzezlanek ere badute jainkotiarretik zerbait. Azkeneko miraria datorren astean beteko dela iragarri du idazleak, Alkiza eta Hernialderen arteko kale bati Kutsidazu bidea izena jartzekotan direlako.