Hika Teatroa antzerki konpainiak irabazi du Donostia Antzerki Saria, zaintza eta maitasuna hizpide dituen Zorretan tragikomedia absurdoarekin. 25 urte bete dira Donostia Kulturak eta hiriburuko Euskara Zerbitzuak euskarazko antzerkigintza sustatzeko eta balioan jartzeko errekonozimendu hori sortu zutenetik. “Martxan jarritako ekimen horrek emaitzak eman dituela” aitortu du Jon Insausti Kultura zinegotziak, gaur asteartearekin, Victoria Eugenia antzokian eskainitako prentsaurrekoan. 2000. urtean, Donostia Antzerki Saria lehen aldiz eman zen urtean, zazpi baino ez ziren izan hiriko antzokietan eskaini ziren euskarazko antzezlanak. Emanaldiak hamahiru izan ziren eta 2.456 lagun bildu zituzten. Mende laurdena pasa den honetan, 2024an, datuak oso bestelakoak dira: euskarazko 20 antzezlan eskaini ziren, 40 emanaldi, eta bildutako ikusleak 11.000tik gora izan ziren. 20 antzezlan horietatik, 15ek betetzen zituzten lehiaketan parte hartu ahal izateko oinarriak, hots, konpainia profesional batek antzezlana lehendabiziko aldiz Donostian eskaintzea.
Agurtzane Intxaurragak idatzi eta zuzendutako antzezlana da Zorretan, 2022an Eusko Jaurlaritzak esleitutako diru-laguntza bati esker. Iaz, Hika konpainiaren 35. Urteurrena ospatzearekin batera estreinatu zuten eta, Intxaurragak berak adierazi duenez, berri onak besterik ez omen dizkie ekarri. “Zalantzak izan nituen, oso obra pertsonala da”, aitortu du konpainiaren zuzendariak.
Antzezlana oraindik ere “bizirik” dagoela gehitu nahi izan du: MAX sarietan sei hautagaitza lortu ditu, Susa argitaletxeak obraren gidoia liburu formatuan kaleratuko du laster eta, Mi deuda izenburuarekin, gaztelaniazko bertsioa dFerian estreinatuko da pare bat aste barru. Donostiako Udalak ematen duen saria oso garrantzitsutzat jo du Intxaurragak, are gehiago, kontuan izanik ez dela horrelako besterik Euskal Herria osoan. Hari horri tiraka kontatu du, Donostian ez bezala, EAEko beste zenbait hiriburu eta udalerrietan euskarazko antzerkia astean zehar programatu ohi dela. Horren aurka agertu da Hika konpainiako zuzendaria:“Bada ordua euskal antzerkigintza erdigunean jartzeko”.
Epaia
Zorretan antzezlanean, Miren Gaztañagak eta Jabi Barandiaranek bikote baten papera hezurmamitzen dute. Gaztañagak egunero hitz egiten du bere amarekin (Iñake Irastorza) eta telefono bidezko elkarrizketa horietako batean, haiekin bizitzera etortzeko gonbita luzatu diola ulertuko du Barandiaranek. Uste horrek bazterrak nahastuko ditu. Argumentu horrekin, antzezlanak “ama-alabaren arteko harremanei, zaintzari edo maitasunari buruz gizartean errotuta dagoen iritzia edo ikuspegia zalantzan jartzea” nabarmendu eta balioan jarri du epaimahaiak. Gainera, “tentsioa” bukaerara arte mantentzeko gaitasuna ere onartu dio.
Donostiako Antzerki Saria irabazita, Juan Ignazio Mendizabal Mendik diseinatutako eskultura eta 12.000 euro jasoko ditu Hika konpainiak. Horrez gain, Zorretan Victoria Eugenian antzeztuko da martxoaren 27an, Antzerkiaren Nazioarteko Egunean. Gonbidapenak, martxoaren 25etik aurrera egongo dira eskuragarri antzokiko leihatilan.