Urteak eman zituen Ulisesek itsasoan galduta, irlaz irla, bere Itaka maitean lehorreratu ezinik, Troiako gerran parte hartu eta gero Poseidon jainkoaren begizkoak jota. Odiseo bezala, hori baita Ulises latinezko moduaren grezierazko adiera, Homeroren Odiseak mendez mende, herrialdez herrialde eta hizkuntzaz hizkuntza bidaia egin du, berriro ere Peneloperen besoetan lokartzeko asmoarekin. Hemendik aurrera, euskaraz kantu egingo dio Itakako erreginak bere senarrari, behin Laertesen hil-oihala josteko lanak bukatuta. Balea Zuria argitaletxeak eta Matias Mujika itzultzaile iruindarrak grekotik euskarara ekarri dute, Iliadarekin batera, greziar literatura klasikoaren aitzindaritzat hartzen den Ulisesen bidaia. Ez da mito hau euskarara ekarri den lehen aldia: 1980. hamarkadan bizkaitarrez argitaratu zuen Santiago Onaindia elizgizonak eta, XXI. mendearekin batera, Juan Kruz Igerabideri zor zaio haurrentzat burututako prosazko bertsioa.

Balea Zuria argitaletxeko editore Aritz Gorrotxategik eta Mujikak berak aurkeztu dute gaur, astelehenarekin, Donostiako Liburutegi Nagusian kantu epiko horren euskarazko bertsioa. Odisea bat izan da, ziur, itzultzailearentzat, Odisea itzultzea. Aditzera eman duenez, bi urte aritu da buru-belarri lanean. Berau itzultzeko zenbait erabaki hartu behar izan ditu itzultzaileak, horien artean, irakurleari errimarik gabe baina neurtitzetan aurkeztea.

Gogora ekarri dute nola, ustez, K.a VIII. mendean konposatutako kantu epiko hori, ahoz aho transmititu izan zen, bost mende geroago eta lehen aldiz idatziz jaso zen arte. Momentu horretatik aurrera, “milaka aldiz, mila hizkuntzatan eta mila modutara” itzulia izan da.

Nola euskaratu da 'Odisea'?

Jatorrizko Odisea 12.000 hexametroko poema bakarra da, estrofarik gabekoa. 24 kantutan banatuta dago, baina, hori ere, idatziz jasotzerakoan hartutako erabakia izan zen. Euskarazko bertsiorako prosa alboratzea erabaki zuen Mujikak –askotan horrela itzuli izan da, adibidez, orain dela ez asko, Blackie Books argitaletxeak gaztelaniaz berrargitaratu du, prosazko bertsio bat gauzatuz–, jatorrizkoaren erritmo “hipnotikoa” mantentzeko helburuarekin.

Erritmoari tiraka, hain zuzen ere, euskarazko bertso tradizionalaren metrika erabili du: 15 silabakoa, 8 eta 7 silabako bi hemistikioz osatua. Ez du errimarik. Itzultzaileak azaldu duenez, metrikaren inguruan hartutako erabakiek euskarazko bertsioa jatorrizkoa baino laburragoa izatea ekarri dute: “Grekoz zegoena euskarara itzultzeko behar adina lerro erabili ditut”.

Azkenik, hor agertu zen hizkuntzaren beraren gaurkotasunaren afera. Buruhauste bat edo beste ekarri zizkiola aitortu du Mujikak. Ez du euskara estandarrik erabili, ezta euskara “arkaiko” bat ere. Erdibide bat lortzeko eta kontuan izanik 15 silabako neurtitzak erabili dituela, Ziburuko Joanes Etxeberrik idatzitako Manual Devotionezcoa-ra jo du, “eredu” eta “bidezidor” bila. Beraz, esan daiteke, Euskal Herriko kostaldean geldialdia egin ondoren itzuli dela Itakara Ulises; hori bai hori, odisea.