Goizeko 10.30etatik aurrera eta igandera arte, Landako Gunea beteko duten 274 erakusmahaiak atonduta daude 59. edizioak ekarriko dituen milaka euskal kulturazaleei ongietorria emateko. Eta ateak irekitzearekin 933 nobedade eskuragarri egongo dira, gaur Durangora etorriko diren familia, lagun-talde eta ikastetxe guztien zain. Izan ere, Durangoko Azoka Ikasle Goizarekin hasiko da eta 44 ikastetxeri zuzendutako tailerrak izango dira. Hala ere, azoka zabalik egongo da bisitari guztientzat.

Egitarauari dagokionez, euskal kulturaren plazan 200 ekitaldi inguru izango dira lau egunetan zehar. Horrela, Talaia, Ahotsenea, Irudienea, Kabia, Saguganbara eta Szenatokia guneetan hamaika jarduera antolatuko dira. Adibidez, Ahotsenean 50 liburu eta 34 musika lan aurkeztuko dira. Bertan, belaunaldi askotako sortzaileek transmisioaren katebegia gorpuztuko dute eta estreinaldiaren egunean, 6 disko aurkezpen (Birkit, Eneritz Furyak, Eider, Osaba Kimu...) eta beste 8 liburu aurkeztuko dira, hala nola Eneko Bidegainen Kepa Anabitarte, Asier Serranoren Euri gorria azpian edo Ane Ablanedoren Zapalduon pedagogia.

Irudienea edo euskarazko zinemagintzaren plazan 40 lan ere eskainiko dira. Izan ere, Durangoko Zugaza zinemetan kokatzen den gunean, hainbat lan primizian aurkeztuko dira. Ines Osinaga musikariak Xerra estudioarekin batera ekoitzi duten ikus-entzunezkoa, EITBren Irabazi arte telesailaren denboraldi berria edo Itoitzen Udako sesioak fikzio-dokumentala prentsaurreko bidez, esaterako.

Baina nola ez, gaurko eta biharko egunetan, gazteak izango dira protagonista nagusiak, Ikasle Goizarekin eta Gazte Eztandarekin, hurrenez hurren, eta, Kabian euskalgintza eremu digitalean zabaltzeko egitasmoak ezagutzeko aukera paregabea izango da, euren artean hitanoa erabiltzeko AppaHi! aplikazioa eta beste hainbat tailer, Gamer gela eta solasaldiak.

Haurrei begira, Saguganbarak 25 ekitaldi hartuko ditu eta ez dira faltako aurkezpenak, irakurketak, tailerrak… Berrikuntza bezala, gorren komunitatearen ohitura eta kultura ezagutzeko liburua aurkeztuko du Julian Rodriguezek.

Szenatokian, San Agustin Kultur Gunean, hamar konpainiak pieza laburrak eskainiko dituzte; gehienak antzerki lanak izango diren arren, dantza eta bakarrizketak ere izango dira. Nabarmentzekoa da proposamenetako hainbat sexualitatearekin eta genero gaiekin lotuta egongo direla eta gaurko egunean bi ekitaldi nagusi izango ditu. Alde batetik, Ikasle Goizaren baitan kokatu den Antzerki sorkuntza partekatzen inprobisazioaz izeneko tailerra eta, bestetik, arratsaldeko 19.00etan izango den inaugurazio ekitaldi ofiziala. Bertan, Miren Amurizak, Aner Peritzek eta Lumi musika taldeak parte hartuko dute.

LAU EGUN

Ikasle Goizarekin ekingo dio Durangoko Azokak aurtengo edizioari. Hala ere, azoka zabalik egongo da bisitari guztientzat. Ordutegiari dagokionez, iazko eredua mantenduko da, igandeko itxiera aurreratuta. Hortaz, azoka 10.30ean zabaldu eta 20.00etan itxiko da egunero, baina hilaren 8an 18.00etan izango da.

Aurreko edizioetan bezala, bisitariei garraio publikoa erabiltzea gomendatzen zaie, baina autoz datozenentzat doako autobus zerbitzua izango da, Iurretako autopista irteerako parkinetatik Landakora, bihartik aurrera 30 minuturo.