Barnera begirako bidaia “krudelaeta “bortitza” ondu du bere nobela berrian Asier Serrano bilbotarrak. Horrela definitu zuen Ereingo editore Uxue Razquinek Euri gorriaren azpian eleberria, astearte honetan Donostiako Liburutegi Nagusian eskainitako prentsaurrekoan. Kontakizun lohitsu eta latza bada ere, “sinbolismoz, “irudi metaforikoz” eta “poetikaz” beteriko estiloa erakutsi du bere narrazioan.

Estatu kolpea

Hiri ezezagun batean, orain 25 urte Estatu kolpe bat eman zuten egun berean ezagutu ziren bi protagonistak: emakume idazle bat eta gizon antzezle bat. Zazpi urteko diktadura eta 18 urteko “ustezko” demokraziaren ostean, emakumea hirira itzuliko da hilzorian dagoen gizonari agindutakoa betetzera. Hauxe da Euri gorriaren azpian idazlanaren argumentua. Autoreak berak ez zuen edukiaren inguruan askoz gehiago kontatu nahi izan, spoilerak ekiditeko.

Halere, bazuen bai, esateko bestelako gauza franko. Orain bost urte hasi omen zen idazketa prozesuarekin eta handik hona kontakizuna “orraztu” egin duela azaldu zuen. Bi kontzepturen gainean eraiki du Serranok bere azken nobela: autoreen idazteko pultsioaren inguruko hausnarketa, eta Erlojugileak eta Abisaliarekin hasitako ustezko trilogia bukatu beharra. “Gerra”, “boterea” eta “etika” ziren liburu bakoitzari egokitu nahi izan zizkion kontzeptu giltzarriak. “Pandemiaren ostean konturatu naiz botereaz hitz egiten dutela guztiek”, gaineratu zuen. Zentzu horretan, Euri gorriaren azpianek “sorkuntzaz” hitz egiten du, bai; baina, bereziki, autoritateari sormenetik aurre egiten dioten baztertutako pertsonak izango ditu hizpide nobela honek.