Tolosako Musikaldi eta Musikherria jaialdietan ospatuko dira datorren maiatzaren 25ean. Ia 3.000 musikari bilduko dira eta Musika emanaldiak izango dira goiz osoan etengabe udalerriko zortzi gunetan, baita Ibarran ere.

Musikherria kale musikaren jaialdiak hamargarren urteurrena ospatuko du aurten, eta 18 taldek hartuko dute parte. Bazkarirako txartelak ostiral honetan jarriko dira salgai. Jaialdi horrekin bat, aurten Musikaldi ere ospatuko da, Euskal Herriko Musika Eskolen Elkarteak bi urtean behin egiten duen topaketa, hain zuzen ere.

Musika Eskola

Tolosako Eduardo Mocoroa eta Ibarrako Loatzo Musika Eskolek antolatu dute aurtengo ekitaldia, bi herrietako udalen laguntzarekin. Musikaldirekin eta Musikherriarekin, maiatzaren 25ean Tolosak eta Ibarrak ia hiru mila musikari elkartzea espero dute.

Elkarteko ikastetxeetako kideak biltzea izaten da Musikaldi jaialdiaren helburua, elkar ezagutu eta kontzertuak elkarrekin landu ahal izateko. Horrexegatik aukeratu dute aurtengorako “Musikonexioa” leloa, musikak bi eskolak lotuko dituelako, bi herriak, eta gainerako euskal musika eskolak. Aurtengo jaiak 53 eskola bilduko baditu ere, parte-hartzaile gehienak jaialdia antolatzen duten bi eskoletakoak izango dira, Loatzo eta Tolosako Eduardo Mocoroa Musika Eskola.

Egun osoan zehar, 15 genero eta musika estiloko 200 taldek baino gehiagok elkarrekin joko dute. Behar bereziak dituzten 100 kide baino gehiagoko talde batek ere parte hartuko du. Guztira 2.700 lagun inguru bilduko dira, 500 bat lagun abesbatzetan, 450 trikitixa-taldeetan eta ia 400 pertsona musika-bandetan. Kontzertuak zortzi gunetan izango dira goiz osoan zehar.

Egitaraua

Gune nagusia, bi herrien elkargunea den Zumandiaundia izango da. Topaketa 10:00etan hasiko da, behar bereziak dituzten pertsonekin osatutako taldearen kontzertuarekin. Ondoren, Alurr eta Udaberri taldeek dantzatuko dute.

Euskorleans Saguesen Iker Azurmendi

Ekitaldi berean, pertsona edo talde batek Euskal Herriko Musika Eskolen Elkartearen ohorezko izendapena jasoko du, euskal kulturari egindako ekarpenagatik. 2026an Musikaldi antolatuko duen herriak ere hantxe jasoko du lekukoa.

Tolosan, emanaldiak Topicen izango dira, Alondegiaren eta Frontoiaren artean, baita Herrikiden eta Leidorren ere. Ibarran, Azkue plazan bilduko dira dantzariak eta txistulariak, Udaletxeko plazan hainbat banda eta soka orkestrak, eta Emeterio Arresen abesbatzak eta trikitixak. Horietaz gain, hainbat kalejira ere egingo dira kaleetan zehar, musika bandekin eta akordeoi, dultzaina eta trikitixa taldeekin.

Topic Ainara García

Arratsaldean jaiak Ibarrako kaleetan izango du jarraipena, Distopia elektrotxarangaren erritmoan. Musikherria 2024ri dagokionez, 18 taldek hartuko dute parte. 10.00etan hasita kalejira egingo da San Blas, Amarotz, Berazubi, Iurre-Iurreamendi, Izaskun, Arramele eta San Esteban auzoetan, eta ondoren, festa giroa Tolosako erdigunera pasako da.

Eguerdi parteko kontzertuak Lopez Mendizabalen eta Plaza Berrian izango dira. Herri bazkaria urtero bezala Zerkausian egingo da, Laskorain Ikastolako kideek prestatuko dute eta irabaziak Zutani elkartera bideratuko dira. Bazkarirako txartelak Orbela eta Xirimiri tabernetan egongo dira salgai ostiral honetatik aurrera, 15 eurotan helduentzat eta 10 eurotan 14 urte baino gazteagoentzat.

Arratsaldean, 18: 0etatik aurrera, Euskorleans taldeak New Orleanseko doinuak ekarriko ditu Tolosara, eta, egunari amaiera borobila emateko, gauean, Komando Funk eta Tapia eta Leturia arituko dira Plaza Berrian.