Ostiral honetan, apirilaren 12an ekingo dio bere bideari aurtengo Laburbirak. Bergaran hasiko ditu emanaldiak, eta maiatzaren 12an Markina-Xemeninera iristen denerako Euskal Herri osoko 35 herrietan 37 proiekzio eskainiko ditu. Gipuzkoari dagokionez, 17 emanaldi antolatu dira 16 herritan –Donostiako Altza auzoko Herrera kultur etxean bi izango baitira, maiatzaren 8an eta 10ean–. Bergara eta Donostiaz harago, Getarian, Usurbilen, Lazkaon, Antzuolan, Azpeitian, Elgoibarren, Ordizian, Errenterian, Irunen, Mendaron, Arrasaten, Hernanin, Aretxabaletan eta Andoainen ere ospatuko da Laburbira.

Euskaltzaleen Topaguneak urtero antolatzen duen zinemaldi ibiltariaren 21. edizioa izango da 2024koa. Programari dagokionean, gaur astelehenarekin ezagutzera eman dutenez, zortzi izango dira zirkuituko geldialdi bakoitzean eskainiko dituzten lanak, “horietako asko, dagoeneko ibilbide oparoa egindakoak mundu zabaleko zinema festibaletan”. Iaz ekoitzitako ikus-entzunezkoak dira eta “egungo euskal zinemagintzaren erakusgarri aparta osatzen dutela” esan dute. Emango diren lan horietariko pare bat, gainera, animaziozko film laburrak dira.

Bilduma osatzen duten film-laburren zuzendarietako batzuk, gainera, solasaldiak eskainiko dituzte bertaratutakoekin hainbat emanaldien ostean. Bestalde, antolakuntzak jakinarazi duenez, eta berrikuntza gisara, aurtengo edizioan ikusleek film-labur onena hautatzeko aukera ere izango dute.

Zortzi film-labur

Guillermo Ordásek zuzendutako Katalinaren zoria lana da, esate baterako, hainbat zinemalditan lehiatu den horietako bat. Malagako jaialdian, Santurtziko Santurzinen edo Bilboko Homeless Film Festival-ean izana da Iñaki Beraetxek eta Natalia Hostalotek antzeztu eta rotoscopia deituriko teknikaren bitartez animatutako lana.

Bildumak Ander Iruretagoiena zarauztarraren Babesa ere eskainiko du. Tentazioak ekoiztutako film-laburra da Babesa, eta bertan Iruretagoineak Aratzen istorioa kontatu du, ama gaixo izanagatik eta arazo ekonomikoak medio, prostituziora jotzen duen gaztea.

Jone Arriolaren Dena asmatuta dago Bilboko Zinebin eman zuten iazko azaroan. Xanti Agirrezabala eta Jon Ander Urresti dira rol nagusiak antzezten dituzten aktoreak. Arrosa koloreko bainugela batean kokatua dago istorioa. Bi pertsonaiak bainuontzian sartu dira, porro bat erre eta bizitzari buruz hausnartzeko.

Erron, aldiz, Amaia Lejarretak bodypainting-a eta dantza bertikala batu ditu. Ilune Diazek eta Jordi Nuetek, Ordasek egin bezala, animaziora jo dute Talkak pelikulan, bikote baten krisia erakusteko. Mikel Alvarez gipuzkoarrak, bere aldetik, proposamen post apokaliptiko batekin parte hartu du Laburbiran. Bermeoko Gorefest jaialdian estreinatu ondoren, Euskal Herrian zehar ibiliko dira zonbiek kosk egindako Loinazen abenturak eta buruhausteak, Mundu berri bat film laburrarekin. Beldurrezko generoan koka daitekeen Betizu buru ere programatu dute antolatzaileek. Kim Maiteny Munoak zuzendutako film-labur horrek ere, bikote baten krisi harremana du muinean, beti ere, slasher-aren ikuspuntutik.

Amaitzeko, zirkuituaren programazioa Ane Cuestaren Zirrara lanarekin osatu dute. Lan horretan, neskato gazte baten eta bere gorputzaren ezagutzaren ingurukoak kontatzen dira.