Nafarroako Bertsolari Txapelketaren 46. edizioko finala geroz eta gertuago dago. Bihar, Iruñeko Anaitasuna kiroldegian, oholtza gainean, zortzi betsolari lehiatuko dira: Saioa Alkaiza, Julio Soto, Joanes Illarregi, Xabat Illarregi, Eneko Lazkoz, Josu Sanjurjo, Saats Karasatorre eta Sarai Robles.

Final anikoitza izango dela aitortu dute antolatzaileek, izan ere, bertsolarien artean badago txapela janztea zer den badakienik eta finaleko oholtzara lehenengoz igoko denik ere. Bertso lehia 17.00etan abiatuko da, eta urte luzez Nafarroako Bertsozale Elkarteko lehendakari izandako Alaitz Rekondo izanen da irabazleari txapela jantziko diona.

Anaitasunan bertan atzo emandako finalaren aurkezpenean antolatzaileek argitu zuten moduan, bi atal izango ditu finalak. Lehen atala zortzi bertsolariek jokatuko dute. Bigarren atalera, aldiz, lehen atalean puntuaziorik altuena lortzen dutenak pasako dira, eta haiek jokatuko dute buruz burukoa. Bi atalak batuta puntuaziorik altuena lortzen duen bertsolariak jantziko du txapela. Finalerako sarrerak oraindik eskuratu daitezke bertsosarrerak.eus atarian, eta agortzen ez badira gaur bertan leihatilan jarriko dira salgai.

Finalisten artean, bi dira lehen aldiz final batean parte hartuko dutenak: Karasatorre eta Robles. Gainerakoak finalean arituak dira dagoeneko: Sotok hamaikagarren finala du, Lazkozek zortzigarrena, hirugarrena Joanes eta Xabat Illarregik, eta bigarrena Sanjurjok eta Alkaizak. Zortzi bertsolarien artean badira txapeldun izandakoak: Alkaiza da egungo txapelduna, orain bi urte, Anaitasunan bertan, irabazita. Sotok, berriz, bost txapela ditu irabazita. Finalak, beraz, era guztietako ibilbideak eta kantaerak bilduko ditu.