Orain arteko Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalik berdinduena izan zela atzematen zuten bertaratutakoek eta aurreikuspenak guztiz bete ziren. Julio Sotok (Iruñea, 1987) atera zen garaile Iruñeko Anaitasuna kiroldegian ospatutako final handian, bere seigarrena da, eta Eneko Lazkozek (Etxarri Aranatz, 1983) geratu zen zilarrezko dominarekin, hiru puntuko alde estuarekin. Xabat Illarregi final handiaren atarian gelditu zen, eta hirugarren egin zuen 635,5 punturekin. Haren atzetik gelditu ziren Joanes Illarregi, 601 punturekin; Saioa Alkaiza, 594,5 punturekin; Josu Sanjurjo, 569,5ekin; Saats Karasatorre, 556 punturekin; eta Sarai Robles, 550,5ekin. 

Puntuak puntu eta emaitzak emaitza, atzokoa nafar bertsogintzaren loraldiaren erakustaldi ezin hobea izan zen, eta neurri berean erantzun zuten ere Anaitasunako pista eta harmailak lepo bete zituzten 2350 bertsozaleek. Kiroldegiko ateak ireki orduko hasi ziren sartzen zaleak, saioa bertatik bertara jarraitzeko lekua hartzen. 

Arratsaldeko 17:00etan ekin zitzaion saioari, aurreikusita zegoen moduan, eta 20:00ak igaro zirenerako iragarri zuen Ainhoa Larretxeak buruz-burukora pasako ziren bertsolarien izenak. Anaitasunak eztanda egin zuen, iragarpenarekin bat. Ordura arte, izan ere, saioa oso berdinta zegoela argi zegoen, denak ala denak ongi aritu baitziren, irristadarik gabe eta maila mantenduz. Finala talde osoak irabazi behar bazuela zioten finala aurkeztu zenean, eta hala izan zen. 

Lazkoz eta Soto indartsu hasi ziren lehenengo ariketatik, baina Etxarri Aranazkoa izan zen saio osoan zehar gainontzekoak baino koxka bat gorago aritu zena saio puntuagarri osoan zehar. Zortziko txikian elkarrekin aritzea egokitu zitzaien eta hor erakutsi zuen Lazkozek bere hoberena. Pilota partidu baten ikusleen paperetik aritu ziren biak. Lazkoz, zalapartari, eta Julio lasai. Umorerako tarte ederra eskaini ohi duen ariketa horretarako baliatu zuten, publikoaren algara piztuz. Halaxe bota zion Sotok: “Pelotariak txuriz, ta punpaka bola, artekariak kantuz, zuk bero odola, aupa bi bata iepa, hala eta hola, ez dakit badakizun, hau ez da futbola”. Eta eran-tzuna borobila izan zen:“Baina etxeko sofa, ere ez da barka, nahiz ta zuk ez ulertu, nere zalaparta, iruditzen zait soilik, zaizkizula falta, palomita poltsa bat, ta gainean manta”. 

Zortzikoteko gazteena izanagatik, Xabat Illarregi beteranoenen pare aritu zen atzokoan. Finalera sailkapeneko puntu hoberenetako batekin iritsi zen eta bere lekua ongi irabazita daukala erakutsi zuen, berriz ere. Saioa Alkaizarekin batera ekin zion lehenego ariketari, zortziko nagusian. Adineko bi pertsonaren paperetik aritu ziren, telebista ikusi bitartean eskuin muturraren mezuen zabalpenaz kezkaturik. Saioko lehen bertsotik erakutsi zuen leitzarrak saio ona egitera zetorrela:“Besaulki baten bi adineko, hor-tzak zorrozturik zerraz, ikusten dugu nola mugitu, diren Madril eta Ferraz, gu lehen mugitzen ginen garaian, dena lotzen zuten gerraz, batzuoi dena zail utzi zaigu, ta beste batzuei erraz”.

Bakarkako ariketeran ere bertso ale onak utzi zituzten zortzi bertsolariek, baina bereziki nabarmen-tzekoak izan ziren lehenengo hiru sailkatuenak. Hare gehiago, epaimahiak ia puntuazio berdina eman zien Sotori eta Xabat Illarregiri, eta Lazkozenari puntu erdi bat gehiago. Hala, Lazkoz puntu alde koxka batekin iritsi zen buruz-burukora, une hartan horren kontziente ez bazen ere.  

Buruz-burukoan, Soto gainetik

Gorritiarrak buruz-burukoan bereganatu zuen txapela. Puntukako ariketan berdintsu aritu ziren biak, baina seiko motzean Lazkozek izan zuen irristada txiki batek desoreka eragin ziola nabarmendu zen. Etxarri Aranazkoari une horretan egin zion ihes saioak. Soto, aldiz, fin mantendu zen, oreka galdu gabe, azken ariketara arte. 

Iluntzeko bederatziak igaroak zirenean iragarri zuen Larretxeak irabazlearen izena, eta Anaitasunak enegarrenez egin zuen eztanda. Alaitz Rekondok jantzi zion Sotori txapela, bere seigarrena.

SAILKAPENA

Julio Soto 1.048

Eneko Lazkoz 1045

Xabat Illarregi 635,5

Joanes Illarregi 601

Saioa Alkaiza 594,5

Josu Sanjurjo 569,5

Saats Karasatorre 556

Sarai Robles 550,5