Lide Hernandok gidatzen duen Liher taldea Azpeitiko Sanagustin kulturunean jotzekoa da datorren larunbatean. Bira honetako azken kontzertua izango dute. Abendutik aurrera eskainiko dituztenei dagokionez, “Gero arte” esateko erabiliko dituzte, taldekideek zortzi urteko ibilbidearen ostean atsedenaldia hartzea erabaki dutelako. Bitartean, eta Durangoko Azokaren bueltan, bi abestiko maxi-single bat ere kaleratuko dute.
Orain aste batzuk iragarri zenuten Liher-ek etenaldia egingo duela martxotik aurrera. Itzulera datarik ez dago mahai gainean. Zortzi urteren ostean, ez dizu bertigorik ematen?
Bai, bertigo pixka bat ematen du. Batik bat ez garelako inoiz luzerako gelditu. Geldialdi motzak egin izan ditugu, hori bai. Gainera, desagertzeko beldurra ere, hor dago. Ez dugu bueltarako datarik finkatu nahi izan, eta musikaren zurrunbiloak aurrera jarraituko duela jakinda, Liher-en proiektua alde batera geldituko denaren beldur ere bagara. Bertigoa ematen du, baina beharra ere badugu.
Halere, ez duzue agur esan nahi.
Oraingoz, ez. Ateak zabalik utzi nahi ditugu. Denetik entzun dugu, adibidez, horrelako atsedenaldiak arriskutsuak direla, gerora bueltatzea kosta egingo zaigulako. Edota, erabat bestela, agian, hemendik urte pare batera sekulako gogoa daukagu proiektuarekin agertokietara itzultzeko. Atsedenaldi bat hartuko dugula esaten ari gara, itzultzeko asmoa dugulako, baina auskalo! Edozer gerta liteke.
Atentzioa ematen du kontsolidatutako proiektu batek -agian, gorenean dagoenean-, atsedenaldia hartzea.
Jendeak harrituta hartu du albistea. Halere, puntu batean logikoa ere bada atseden hartu nahi izatea. Gainbehera hasi arte itxaroteari ez diot zentzu gehiegirik ikusten. Nekatuta zaudenean hartu behar da atsedena. Aktibitate gehien dugun momentuan dator deskantsua. Proiektua gure bizitzaren erdigunean dago, gauza polit asko ematen dizkigu, baina ordu asko eta energia asko kentzen digu.
Iñigo Etxarrik, Liherreko gitarristak, eta zuk zeuk, halere, beste proiektu musikal bat sortu duzue, Bele.
Bele ez zen sortu Liher-en etenaldia egitea pentsatu genuenean. Lehenagotik datorren zerbait da, su baxuan sukaldatzen aritu gara. Bele ez balego ere, Liher-ekin atsedena berdin-berdin hartuko genukeela esango nuke. Argi nuen, halere, nik ez nuela musikan etenaldirik egingo, nire bizitzan oso zentrala delako. Proiektu musikalik gabeko bizitza oso arraroa litzateke niretzat. Gogoa nuen Bele-rekin estilo ezberdinak jorratzeko eta proiektu bat hutsetik hasteko, jakinda, orain bai, ur hauetan nola mugitu behar garen. Polita izaten ari da.
Liher-ekin rock-a landu izan duzue, Bele-rekin, aldiz, musika beltzera jo duzue.
Musikan hasi nintzenean estilo horrekin hasi nintzen. Oso nirea sentitzen dudan estiloa da. Horretara itzultzea polita izaten ari da.
Rock-a ez al duzu faltan botako?
Ez dakit. Oraingoz, ezetz esango nuke. Zortzi urtez rock-ean buru-belarri ibili ondoren, arnasa hartzeko, baita faltan botatzeko ere, etenaldi bat ondo etorriko zaidala uste dut.
Zortzi urte hauetako ibilbideari erreparatzen diozunean, zer ikusten duzu?
Lagun talde bat ikusten dut, musikaren munduan plazer hutsarengatik ibiltzen hasi eta, denborarekin, semi-profesionalizatu dena ikusten dut. Lan gogorra izan da, baina oso polita.
Halere, agur esan baino lehen, ‘Eta hutsa zen helmuga’ (2021) diskoarekin errepidean jarraitzen duzue. Birako azken geltokia, Azpeitiko Sanagustinen izango duzue larunbat honetan.
Azken hilabeteotako errepertorioarekin horixe izango da azken kontzertua, bai.
Segidan, Durangoko Azokara begira maxi-single bat kaleratuko duzue.
Aurten kaleratutako bi single-ak jasoko ditu. Binilo txiki eta polita egin dugu, alde bakoitzean abesti bana duena. Badakigu ez dela salmenta masibo baterako objektua, bai ordea, gure jarraitzaileentzako azken opari bat. Orain arte atera ditugun abesti guztiak formatu fisikoan publikatu ditugu eta aurten ateratako biak falta ziren.
2023ko abendutik 2024ko martxora lau kontzertu eskainiko dituzue, Atarrabian, Gasteizen, Bilbon eta Donostian.
Zortzi urte hauei begirada zabala ematen saiatuko gara. Egia da kontzertu bakoitzaren testuingurua ezberdina izango dela. Abenduaren 12an Atarrabian eskainiko duguna ez da gure kontzertu bat izango, Hatortxu Rock jaialdiaren baitan kokatzen baita. Kasu horretan haien esanetara gaude. Lekuaren arabera moldatuko badugu ere, ziur izan errepertorio aldetik bereziak izango direla.
Hilaren 27an salgai jarriko dituzue Donostian datorren martxoan joko duzuen azken kontzerturako sarrerak. Guztien gainetik, agian, horixe izango da emanaldirik bereziena, ezta?
Zeharo. Denetan bereziena izango da, logika hutsarengatik: azkena delako, gure etxean izango delako, eta guztien artean luzeena izango delako. Denbora izango dugu aspaldian jo gabeko abestiak berreskuratzeko.