Euskal kulturaren ezinbesteko hitzordua eta sortzaileen lanaren, dedikazioaren, ilusioaren, ametsaren eta fantasiaren erakusleihoan bihurtuko da Durangoko Azoka. Fantasia DA! izango da, hain zuzen, aurtengo leloa. “Dagoeneko 58 urte igaro dira hasierako bultzatzaileen ametsetik. Fantasia hura errealitate bihurtu zen, eta gaur egun euskal kulturaren egutegian ezinbesteko hitzordua da. Euskal kulturari bultzada emateko asmoz, Durangoko Azoka jendetsu eta aberatsa izatea, horixe da gure fantasia. Fantasia da sortzaile berrien ilusioa, liburuen usaina, diskoen kolorea, kulturzaleen irribarrea, bolondresen lan ezin hobea, aspaldi ikusi gabeko lagunekin topatzea, sormen bakoitzaren istorioan dagoen magia, jende alaiaren berbaroa, bizigogoa, kulturaren beroa”, adierazi zuen Nerea Mujika Gerediaga Elkarteko presidenteak atzoko lema eta kartelaren aurkezpen ekitaldian.

Bi hilabete besterik ez dira falta Landako Guneko ateak irekitzeko eta atzo goizean 58. Durangoko Azokaren lema eta kartela aurkezteko prentsaurrekoa eskaini zuten. “Denetarik egongo da. Hitzaldiak, musika, solasaldiak, proiekzioak, tailerrak, liburuak, diskoak, emozioak, grazia, poesia eta, nola ez, fantasia”, azaldu zuen Gerediagako presidenteak, aurtengo lemari erreferentzia eginez.

Hain zuzen ere, Durangoko Azokaren fantasiaren isla izan da Ximon Agirre artistaren irudiak transmititzen duena. Zentzu horretan, diseinatzaile herniarrak aitortu zuen “ilusio handiz” hartu zuela aurtengo kartela diseinatzeko proposamena eta fantasiaren gaia ardatz hartuta, “kartel honetakoa hiru dimentsioko irudi sakona da, errealitate birtualean landua eta ideia nagusia mundu propio bat sortzea izan da, azokaren ohiko elementuak; liburuak, musika, bideogintza, teknologia berriak… pertsonaia fantastikoekin uztartuz. 3Dn eginda dago eta errealitate birtualaren bidez modelatu nuen, kolore alai eta saturatuekin, Durangoko Azokaren festa izaera bistaratzeko helburarekin”, laburbildu zuen.

AZOKA PRESENTZIALA

Edizio honen nobedadeetako bat aurrez aurreko azokaren aldeko apustua izango da. 2020an pandemiak eragindako egoerak behartuta, online azoka ipini zen martxan eta hiru urtez azoka presentziala eta birtuala mantendu badira ere, azken edizioan, azoka presentziala indartu zen, eta erabiltzaileek ere aukera hori lehenetsi zuten. “Erabilera murritza izanda eta gure apustua aurrez aurreko azoka dela kontuan hartuta, online ereduaren leihoa itxiko dugu. Hala ere, pertsiana guztiz bota barik; izan ere, etorkizunean horren premia egonez gero, egoerara egokitzeko adi egongo gara”, esplikatu zuen Beñat Gaztelurrutia Gerediagako koordinatzaileak eta azokako arduradunak.

Atzo goizean Landakon eginiko prentsaurrekoan azokaren guneetako arduradunak ere izan ziren: Miren Narbaiza (Ahotsenea), Irati Agorria (Irudienea), Diana Franco (Kabia), Martxel Zubia (Saguganbara), Arantza Arrazola (Szenatokia) eta Oihane Agirre (Azoka Telebista). Baita, erakunde kolaboratzaile zein babesleen ordezkariak ere. Besteak beste, Mireia Elkoroiribe Durangoko alkatea, Isaac Amezaga Bizkaiko Euskara zuzendari nagusia, Andoni Iturbe Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordea, Maria Jose Telleria Gipuzkoako Kultura zuzendari nagusia, Jone Berriozabal Arabako Euskara, Berdintasun eta Gobernantza diputatua, Javier Arakama Nafarroako Euskarabideako zuzendaria, Koldo Bilbao (BBK), Josean Yela (Eroski), Eider Rodriguez (Euskaltel), eta Iñaki Nubla (Konfekoop).