Landarbaso abesbatza, Euskal Herriko Gazte Abesbatza eta Alfonso Gomez pianista gasteiztarra izango dira, besteak beste, larunbat honetan Cadenza Taldearekin hasiko diren Matinee denboraldiko gonbidatuen artean. Euskadiko Orkestraren programazioan hiru hamarkada luze daramatzan ziklo honen denboraldi berriak 16 musika-hitzordu izango ditu 2024ko ekainaren 8ra bitartean, goizaldeko formatuan eta euskal talde sinfonikoak Donostian duen egoitzan.

Euskal orkestrak atzo ohar batean azaldu zuenez, interpreteak Euskadiko Orkestrako kideak dira, eta hirukoteak, laukoteak eta bestelako taldeak osatu dituzte, barrokotik hasi eta egungo konposizioak ere bilduko dituen obren errepertorioa eskaintzeko.

Datorren larunbatean, Euskadiko Orkestrakoak ez diren soilik bi lagun dituen 15 musikariekin osatutako Cadenza Taldeak, Al campo errezitaldiarekin ekingo dio zikloari. Denboraldiari hasiera emango dioten piezak, Jermoe Naulais konpositore frantziarrak publikoa Frantziako landa-girora eramaten duen Les instruments en campagne eta Eleven Studies for Eleven Players, Ned Rorem estatubatuarraren lana izango dira.

Alfonso Gómez piano-jotzailea (Gasteiz, 1978) izango da abenduaren 16ko matinée-rako gonbidatua, eta Ravelen Pavana para una infanta difunta eta Sonatina (Olivier Me-ssiaen) piezak, eta Albenizen Iberia-ko piezen errezitaldia eskainiko du.

Esteban Urzelaik zuzenduta eta Amaia Zipitria pianoan lagun dutela, Euskal Herriko Gazte Abesbatzak Sorozabalen eta Lesbordesen obrak joko ditu apirilaren 13an; eta Landarbaso Abesbatzaren txanda otsailaren 10ean etorriko da, besteak beste, Pearsall, Pärt, Stivrina, Busto, Sarasola, Zubizarreta eta Guridiren obrak eskainiz. Enescu Ensemble soka-taldeak itxiko du denboraldia ekainaren 8an, George Enescu konpositore biolinista errumaniarraren zor-tzikotearekin.