Adituen ustez munduko onenetakoa omen den Anne-Sophie Mutter biolin jotzaile alemaniarra, Donostiako Musika Hamabostaldira itzuliko da bihar, Vivaldi, Bach, Previn eta Bologneren obrekin osatutako emanaldia eskaintzeko.

Gainera, bere izena daraman fundazioko akademiko eta bekadun ohiek osatutako Mutter 's Virtuosi orkestra izango du lagun Kursaal Jauregian Mutterrek. Beraz, lau Grammy sari irabazi dituen biolin jotzaile entzutetsua Donostiako jaialdira itzuliko da, 2021ean Lambert Orkis pianistarekin batera emanaldia eskaini ondoren.

Anne-Sophie Mutter biolinistarik garrantzitsuenetako bat da mundu mailan, eta musikaren goiztiartasun miresgarriaren kasu ezaguna, gainera. 1963an jaio zen Rheinfeldenen, Alemaniako Oihan Beltzean, eta sei urte zituela irabazi zuen lehen lehiaketa, biolina ikasten hasi eta hamabi hilabete eskasera.

“Adin horretan jabetu nintzen biolinista izatea besterik ez nuela nahi”, ekarri du gogora Mutterrek. 1976an hasi zuen bere nazioarteko bakarlari-ibilbidea Luzernako Jaialdian, eta handik urtebetera egin zuen debuta Salzburgoko Jaialdian.

Bere ibilbide oparoko mugarrien artean goraipatzekoa da, 14 urte besterik ez zituela, Herbert von Karajan austriar zuzendari handiak “Menuhin gazteaz geroztiko mirari musikal handiena” zela mundu osoari aldarrikatu izana.

Errepertorio kanonikoko obrarik garrantzitsuenak interpretatzeaz gain, instrumentista handi honek beti egin ohi du ahalegin berezia publikoari pieza berri eta berritzaileak eskaintzeko, eta ildo horri jarraiki, Unsuk Chin, Henri Dutilleux, Sofia Gubaidulina, Witold Lutoslawski edota Krzysztof Penderecki bezalako egileen lanak ere estreinatu izan ditu.

Donostian eskainiko duen emanaldian, Mutter 's Virtuosi taldea izango du lagun biolin-jotzaileak. Bere lidergo artistikoaren babespeko talde hori, Anne-Sophie Mutter Fundazioko egungo eta aurreko bekadunek osatzen dute.Kontzertuaren lehen zatia musika barrokoarekin hasiko da; lehenik eta behin, Antonio Vivaldiren eskutik, RV 551, hiru biolinentzako fa maiorreko Kon- tzertuarekin. Oso gutxitan interpretatu ohi den pieza da, hiru biolin bakarlari eskatzen dituelako.

Jarraian, artista alemaniarrak Johann Sebastian Bach, bere herrikide musikaririk ospetsuenari helduko dio, 1 zenbakidun la minorreko biolin kontzertuarekin.

Barroko garaiko bi egileri keinu egin ondoren, emanaldiaren lehen zatia XXI. mendeko sorkuntza batekin itxiko du, Andre Previn konpositore eta orkestra-zuzendari amerikarraren sokazko eta kontrabaxuzko bi laukoterentzako Nonetoarekin.

Egitarauaren bigarren zatian Bachen musikari helduko dio berriro, oraingoan bere orkestra-lanik ezagunenetako bat interpretatuz, Brandenburgoko sei Kontzertuetako hirugarrena.

Eta emanaldia amaitzeko, Mutterrek bakarlari papera hartuko du berriro, Joseph Bologneren La maiorreko Biolinerako Kontzertu bertutetsuari aurre eginez.