Mugak, Euskadiko Arkitekturaren Nazioarteko Biurtekoak, laugarren edizioa izango du urrian eta azaroan, eta Euskaditik kanpoko erakunde eta pertsona fisikoei aukera zabaldu die euren jarduerak Off Mugak izeneko deialdi berrian sar- tzeko.

Off Mugak programazio ofizialen barruko ekitaldi paraleloen lerro berri bat izango da eta bokazio “irekia” izango du, “gogoetara eragile gehiago batzeko” helburuarekin, beti ere, biurtekoaren laugarren edizio honen leloaren inguruan, “berreraiki, berbizi, birpentsatu”, antolatzaileek atzo ohar batean azaldu zutenez.

Deialdi berri hori uztailaren 10era arte egongo da zabalik, eta esparru teoriko horrekin bat datozen proiektu, ikerketa, tailer eta erakusketak erakarri nahi ditu.

Euren programazioa Bienaleko Off Mugak programan sartzeko interesa duten pertsona fisikoek zein erakundeek dagoeneko aurkeztu ditzakete beraien proposamenak. Proiektuak, ikerketak, hitzaldiak, tailerrak, bisitak, argitalpenak, erakusketak edota jendearentzat zabalik eta doakoak izango diren beste edozelako jarduerak izan daitezke. Euskadin burutu beharko dira, biurtekoaren epeetan, eta deialdira aurkeztuko diren erakundeek finantzatu, kudeatu eta ekoitzi beharko dituzte. Oinarri zehatzak Mugak-en webgunean kontsulta daitezke.

Mugak ekimenaren antolatzaileek nabarmendu dutenez, deialdi berri horrekin, 2023ko biurtekoaren helburua honako hau izango omen da: “herritarrekiko topagune bihurtzea, arkitekturak duen garrantzia nabarmenduz, bizitzeko ingurunearen kalitatea egituratzen duen elementua denez gero”. Aipatutako iturrien arabera, Off Mugak programak arreta handiz zainduko du, “hautatzen diren proposamen berriek zerikusia izan dezaten berreraikitzearekin, berbizitzearekin eta birpentsatzearekin, eta iritziak batu daitezen Biurtekoak planteatzen duen hausnarketari; kontuan izanik, joan den astean iragarri zituela laugarren edizio honetan diruz lagundu diren proiektuak”.