Juan Kruz Igerabide idazleak naturari begira eta harekin jolasean ondu duen “nolabaiteko autobiografia sentimentala” omen da 'Ura saltoka'. Ez hori bakarrik, aldi berean, “nolabaiteko kontakizun generazional bat “eta “historia natural bat” ere bada idazlearen azken lana. Igerabidek atzo goizean aurkeztu zuen Donostiako Liburutegi Nagusian Ura saltoka liburua, argitaletxearen Litenatura zigiluaren besopean kaleratutako lana –sail horretako hirugarren emaria da–. Litenatura, ohar baten bidez Alberdaniak gogora ekarri zuenez, “naturaren bizipenaren oihartzun askotarikoak” irakurleei ekartzeko asmoarekin sortu zuten.

Horixe da, hain zuzen, idazle adunarrak egin duena. “Ez nuen liburu hau egingo, pixka bat zirikatu ez banindute. Natura nire bizitzaren parte nola izan den adierazteak oso bizikizun pertsonaletara eraman nau”, esan zuen Igerabidek. Zentzu honetan, liburua “saiakera bital” baten moduan hartu du. Datuak ageri dira, noski; badira erreferentzia teorikoak ere, literarioak eta filosofikoak”, baina “batez ere naturaren eta kulturaren artean egindako bidaia pertsonalaren bizipenak ageri dira”.

Idazlea, halere, naturaren “lekuko” besterik ez da, zenbaitetan “protagonistaren” papera hartu arren. “Errekez, mendiez, harriez, animaliez, bizitza biologikoaren misterioez eta zuhaitzez” mintzo da Igerabide, baina bereziki, “gizakiez” eta haiek naturarekin duten “harreman kontraesankorrez”, gizakia bera “depredadore neurrigabeko” bihurtzen denean eta gizakiak “giza izatea bera galzorian jartzera” daraman atakan.