Síguenos en redes sociales:

Zarautz: Eten lelopean, Literaturia letren jaialdia ospatuko da

Zarautz: Eten lelopean, Literaturia letren jaialdia ospatuko daN.G.

Literaturia letren jaialdia maiatzaren 5etik 7ra bitartean egingo da Zarautzen, Eten lelopean. Ekitaldi gehienak, bat izan ezik, Modelo aretoan eta Lege Zaharren Enparantzan izango dira.

Literaturia maiatzaren 5ean, ostiralez, hasiko da, 20.00etan, Jon Benitoren manifestuarekin. Ondoren, berariaz Literaturiarako sortutako Azken oturuntza ikuskizuna izango da ikusgai, Aner Euzkitze, Leire Vargas, Oihana Arana eta Haizea Aranaren eskutik.

Hurrengo egunean, goizez, Lege Zaharren Enparantzako karpan liburu azoka zabalduko da, eta egunean zehar liburuen eta diskoen aurkezpenak izango dira. Gainera, irekiera ekitaldian aitortza egingo zaio Iruñeko Karrikiri elkarteari, Manu Urbieta zarauztar artistak sortutako oroigarria luzatuz, euskal literaturaren eta oro har euskal kulturaren alde egindako eta egiten segitzen duen lan guztia eskertzeko.

Modelo aretoko ekitaldiei dagokienez, larunbatean bi egingo dira bertan: 12.30ean, Erreteneko kronikak emanaldia izango da Lanartea Euskararen Profesionalen Elkarteko kideen eskutik. Loreak belaunetan dokumentalaren proiekzioa eta ondoren mahai-ingurua izango da, Amagoia Gurrutxaga, Koldo Izagirre, Eneritz Artetxe eta Ainara Azpiazu Axpiren eskutik. Arratsaldeko 18.00etan Hitz esana performance poetikoa eskainiko dute Ane Garciak eta Eider Perezek. Amaitzeko, larunbatean, 20.00etan, Kalakan musika taldeak kontzertua eskainiko du Modelo aretoan.

Haurrentzako Literattipia atalean, larunbatean, 11.00etan, Basoko sekretuak ipuin kontaketa musikatua eskainiko da, Amaia Elizagoien eta Irati Celestinoren eskutik, Etxezabala aretoan.

Maiatzaren 7an, 11.00etan, Mare errezitaldi musikatua Modelo aretoan. Jon Martin aurkezleak gidatuko du emanaldia, eta izen bereko liburuan parte hartu duten Iñigo Martinez, Ana Galarraga eta Udane Juaristiz gain, hainbat idazlek eta Zarauzko sei ikaslek beraien poemak irakurriko dituzte Idoia Asurmendi musikaria lagun dutela. Azkenik, 12.30ean, Literaturiari agur esateko unea iritsiko da, Bihurguneak eta bideak elkarrizketan izeneko emanaldiarekin.