Donostiako Euskal Itsas Museoak hainbat jarduera eskaintzen ditu helduentzat eta txikienentzat Aste Santu honetan; esaterako, larunbatean Donostiako portua bisitatzea portuko azpiegiturei buruzko Moilak erakusketan.
Gainera, museoak bisita dinamizatuak eskaintzen ditu. Portuetako zirrikituetatik erakusketa horretara, familientzat zein helduentzat egokituta, euskal portuen bilakaera “modu desberdin eta dibertigarrian, kontzeptuak testuingurutik ateraz eta erakusketako hitzak eta piezak erabiliz” ezagutzeko aukera emango dute, museoan azaldu dutenez.
Haurrentzako bisita bat izango da apirilaren 15ean, 12:00etan, haur bakoitzeko hiru euro ordainduta; helduak, berriz, apirilaren 12an (asteazkena), 17:00etan, 2,5 euro pertsonako.
Gainera, bihar bisita egingo da Donostiako portura. 10:30ean, Euskal Itsas Museoan, erakusketarako bisita hasiko da, Donostiako portutik jarraitu eta Kofradia Itsas Etxean dastatze txiki bat egingo da, 5,5 eurotan.
Azkenik, Baga y Boga familia tailerra eskainiko da apirilaren 12an. Bertan, familiek portuko ohitura eta lanbide zaharrak ezagutu eta berreskuratu ahal izango dituzte zentzumenen bidez.
12:00etan, 6 eta 12 urte bitarteko haurrentzat da. Jarduera guztiak egin aurretik izena eman behar da, nahitaez, museoaren web orriaren bidez, komunikazioa@itsas.eus helbidera idatziz edo 943 430 051 telefono-zenbakira deituta.