Aldez aurretik hitzordua eskatuta, Euskadiko Filmategiaren egoitzan bisitatu ahal izango da Antxon Eceiza zinemagile donostiarraren (1935-2011) funts dokumental, bibliografiko eta grafiko osoa. Bertan katalogatu eta bateratu dute, Errenteria, Pasaia, Hernani eta Andoaingo udalekin 2020an hitzarmena sinatu ondoren.

Udal horiek herentzian jaso zuten material hori guztia, Josefina Rubio zinemagilearen alargunaren hil zenean, eta 2020an Euskadiko Filmategian gordetzeko erabakia hartu zuten, atzo erakundetik ohar baten bidez jakinarazi zutenez.

Katalogazio eta kontserbazio prozesuan Zinemaldiak eta Elias Querejeta Zinema Eskolak hartu dute parte. Antxon Eceizaren artxiboan material bibliografikoa, zinematografikoa eta audio-zintak biltzen dira.

Alde batetik, funtsak 257 erregistro bibliografiko ditu, gehienak mekanografiatuak, bai eta eskuizkribu batzuk ere; tartean badira Eceizak berak idatzitako gidoiak, sinopsiak, testuak, gutunak eta zenbait artikulu. Horiez gain, egilearen gidoi, ohar eta ideia solte berriak ere jaso dira, baita haren filmografiarekin eta bizi-ibilbidearekin lotutako hainbat diploma eta argazki ere.

Bestalde, funts horretan badira Eresbilek (Musikaren Euskal Artxiboak) digitalizatutako audiozko 51 zinta magnetiko ere, gehienak Ikuska serierako egindako elkarrizketen audioak direlarik.

Euskal zinemaren historiari buruzko lehen mailako iturri horiek ikertzaileentzat eskuragarri jartzea zeinen garrantzitsua den azpimarratu zuen Joxean Fernandez Filmategiko presidenteak. “Euskal ondare zinematografikoa babesteko erakundeen arteko ezinbesteko lankidetzaren adibide ederra da”, esanez amaitu zuen Fernandezek.