Síguenos en redes sociales:

Manuela Camparen margolan baten donazioa jaso du San Telmok

'Patio de San Telmo' izeneko olio-pintura 1896koa ?da eta lehen aldiz aurkeztu ?zen Donostian

- San Telmo Museoak Manuela Campa artista donostiarraren Patio de San Telmo-San Telmoko patioa izenburua duen eta oihalean margoturiko olio lana jaso du, Museoen Nazioarteko Egunez San Telmoren Lagunen Elkarteak dohaintzan emanda.

Museoak atzo ohar batean jakinarazi zuenez, 29 x 42,8 zentimetroko artelana Donostiako Arte Ederren Jauregian 1896an egindako Pintura eta Eskulturako Lehen Erakusketan aurkeztu omen zen.

Aipatzeko da gainera, Donostiako museoak erakusketa horren katalogoa gordeta duela bere bilduman, eta bere artxibo digitalean kontsultatu eta deskargatzeko moduan eskaintzen duela.

Dohaintza ekitaldi batean egin zen atzo formalki, eta bertan izan ziren Carlos Rilova San Telmo Museoaren Lagunen Elkarteko presidentea, María Jesús Muñoz-Baroja eta Paco Esparza batzordekideak eta Susana Soto San Telmoko zuzendaria.

1876ko abuztuaren 23an Donostian jaioa, Dolores Echave eta Baldomero de la Camparen alaba zen Manuela Campa. 1860ko hamarkadaren amaieran hirira etorritako margolari dekoratzailea zuen aita, estofaduran eta urreztatzean espezializatua.

San Telmotik azaldu zutenez, "oso gutxi" ezagutzen omen da Manuela Campak pinturari eskainitako dedikazioari buruz, baina "logikoa litzateke pentsatzea, aitaren pausoak jarraitu zituzten XIX. mendeko hainbat artisten beste alaba batzuek bezala, aitaren eskutik jaso zituela lehen irakaspenak".

Margolari izatearen inguruko haren aipamen bakarra, 1896ko abuztuan Donostian egindako Lehen Pintura eta Eskultura Erakusketan parte hartu izanari lotuta dago, eta hiru olio-pintura aurkeztu zituen: Un lavadero, Marienea eta Patio de San Telmo.