Abeslari baten ametsa bere kantuen biziraupen ahalik eta luzeena baldin bada, transmisio horretan lagunduko duen bidaide egokia aurkitzea ezinbestekoa da. Mende laurdeneko ibilbidea ospatzeko aitzakiarekin, Mikel Urdangarinek bat egingo du aurten ehun urte bete dituen Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin. Egitasmo honen baitan zornotzako kantautorearen 13 abesti moldatu ditu Bingen Mendizabalek orkestrarako. Gainera, Koldo Uriartek eta Fernando Velázquezek beren-beregi sortu dituzten beste bi kantuk osatuko dute errepertorioa. Disko baten grabazioa izango da proiektuaren ardatz, eta hainbat kontzertu ere izango dira. Momentuz bi data daude: Bilbon, abuztuaren 20an, Aste Nagusian, eta Getxon, irailaren 4an.

Urdangarinek berak aitortu duen bezala, printzipioz ez zuten urteurrenik ospatzeko inongo asmorik. "Baina, kanpotik, baten batek gogoratu zigun 25 urte betetzera gindoazela eta, gainera, urteurren horrek orkestraren ehungarrenarekin kointziditzen zuela. Horrela jaio zen gonbitea", argitu du. Eskaintzak euren egutegia ere aldatu zuela azaldu du. Izan ere, bere 25 Tour: Estatu Batuetatik iritsi berri da eta beste bitan ere itzuliko da aurten, Londres edo Japonia ere helmuga duen itzulian. Bitartean, BOSekin abiatu duen proiektua burutzeko lanari duela urtebete ekin ziotela argitu du.

  • Mikel Urdangarin: "Duela 25 urteko Mikel eta oraingoaren artean bada gauza bat berdin mantentzen dena: amesten jarraitzen dugu"

"Esker on handia sentitzen dut ezohikoa delako orkestra batekin kantatzea. Artistikoki, batez ere, sekulako aukera da, oso apartekoa", onartu du Bazkalosteko kafea edo Non geratzen den denbora bezalako kantuen autoreak. "Ilusio eta anbizio horrekin ekin diogu egitasmo honi, sekulako esperientzia polita izaten ari da", gaineratu du Urdangarinek, orkestrazioak bere kantuek beste leku batera bidaiatzea ahalbidetu duela iritzi ostean. Moldaketaren ardura Bingen Mendizabalek hartu du, kantautorearen lagun handiak. "Nolabaiteko zirkulua ixten dudala sentitzen dut Bingenek hau egiterakoan, uste dut berak sinatu behar zuela", gaineratu du.Konpositore arabarrak "entzuteko erraza den musika" egiten saiatu direla adierazi du, Urdangarinek abestiak "asko" errespetatuz. "Bingenek oso barrura begiratzen du, sakralizazio begirada batekin. Emozioa oso presente ikusten dut", gaineratu du kantautoreak egokitzapenek sortu dizkioten inpresioei buruz. Errepertorioa zein izan den aurreratu ez duten arren, aukeraketa oso zaila izan dela aitortu du Urdangarinek. Izan ere, bere kantutegian ehun abestitik gora daude. "Batzuk argi neukan sartu behar nituela; beste batzuk fundamentu artistikoetan pentsatuz aukeratu ditut, beti orkestra bat egongo dela pentsatuz", adierazi du. Guztira, 15 abestik osatuko dute diskoa: horietatik 13 Mendizabalek orkestrarako moldatutakoak, eta, beste biak, Koldo Uriartek eta Fernando Velazquezek sortutakoak.