- Ordiziak, Tolosak eta Zarautzek Gipuzkoako Gazte Tour 2022rekin bat egin dutenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak musika eta arte eszenikoak ardatz dituen 16 eta 25 urte bitarteko gazteei zuzenduta antolatzen duen programa honetan parte hartuko duten herriak bederatzi izango dira.

Ekimena atzo aurkeztu zuten Isaac Palencia Gazteriako foru zuzendariak, Maider Lainez Andoaingo alkateak eta Adur Ezenarro Ordiziako alkateak, herri horietan izango baitira lehenengo kontzertuak.

2020ko geldialdiaren ondoren Gipuzkoan Gazte Tour 2021eko udazkenean itzuli zen. Sei udalerrik parte hartu zuten iazko edizio "arrakastatsuan; gazteek jarduera horiek berreskuratzeko gogoa zutelako ", adierazi zuen Palenciak, 1.700 gaztek baino gehiagok parte hartu zutela gehituz.

Herri berri hauek, aurreko edizioan parte hartu zuten sei udalerriei -Andoain, Arrasate, Eibar, Errenteria, Hondarribia eta Zumarraga- gehitu zaizkie. Gazte-musikaren erreferenteak eta herrietako bertako talentuak batzen dituen egitasmoa, hilaren 21ean hasiko da Andoaingo Bastero kulturgunean, Easy S-rekin.

Andoainen izango da, baita ere, izen artistikoa Laina duen 23 urteko Ainara Rodríguez rap-kantaria. Berarekin batera izango dira herriko DJ Ander & DJ Leinup.

Gipuzkoan Gazte Tourraren hurrengo hitzordua Ordizian izango da ekainaren 11n, Skakeitan taldeak Bustuntza auzoan eskainiko duen kontzertuarekin.

Programak Zarautzen jarraituko du ekainaren 16an; Eibarren irailaren 17an; Hondarribian irailaren 24an; Zumarragan urriaren 1ean; Tolosan azaroaren 5ean, eta Arrasateko zein Errenteriako datak oraindik zehazteke daude.