- Bihartik ekainaren 24ra bitartean, Tabakalerak atzera begirakoa eskainiko dio Claire Simon zinemagile frantziarrari, haren hamaika film proiektatuz. Zikloa osatzeko, klase magistral bat ere eskainiko du Simonek berak maiatzaren 28an, 1998ko Récréations dokumentalaren proiekzioaren ondoren, Donostiako kultura garaikideko zentroak atzo ohar baten bidez jakinarazi zuenez.

Simonek etnologia, arabiera eta bereberra ikasi zituen, baita muntaia ere Aljerreko Zinematekan. Bere gisara egin zituen 70eko hamarkadaren amaieran lehen film laburrak, eta, horretarako, funtsezkoa izan zen Varan tailerretan egindako egonaldia, hantxe ezagutu baitzuen Jean Rouch, Cinema Veritéren sortzaileetako bat.

Muntatzaile lanetan aritu ondoren jarri zen kameraren atzean. Bere lehen fikziozko lana, Sinon, oui, Cannesko Zinemaldiko errealizadoreen Hamabostaldi prestigio-tsuan parte hartzeko hautatu zuten. Sail paralelo horretako saria 2008an irabazi zuen Les bureaux de Dieu filmarekin.

Nazioarte mailako errekonozimendua Récréations filmarekin iritsi zitzaion; bertan, eskolako jolastoki batean gertatzen dena aztertu eta gizartea antolatzeko moduei buruz hausnartzera bultzatzen du ikuslea.

Simonen lan aipagarrien artean ezin aipatzeke utzi Géographie humaine eta Gare du nord. 2016an Veneziako zinema-jaialdian dokumental onenaren Venezia Classici saria irabazi zuen Le Concours filmarekin; zinta horretarako lortu zuen Parisko Zinema Eskola Nagusian, La Femisen, sartzeko probak estreinakoz grabatzea.

Eskola magistrala baino astebete lehenago, Katixa Agirre idazleak Mimi aurkeztuko du. 2002. urteko filma horretan Claire Simonen lagun Mimi Chiola da protagonista, eta oroitzapenen artean harekin batera zeharkatzen du Niza. "Saio horrek idazlearen eta Simonen zinemaren arteko harremana ezagu-tzeko aukera emango digu", adierazi zuten Tabakaleratik.

Zikloa ekainaren 25ean amaituko da Claire Simonek "karta zuritzat" hautatutako pelikularen proiekzioarekin: Johan van der Keukenen Amsterdam Global Village, Holandako hiria eta bertako jendea erretratatzen dituen ia lau orduko epopeia.