- Dekretu berri honen arabera, kultura-bonuaren onuradunentzako 400 euroko gehieneko banaketa argituta geratu da, eta dirua gastatzeko "diru-zorroa" izango du.

Joan den otsailean Kultura eta Kirol Ministerioaren webgunean argitaratutako testu horretan arau-tzen da 400 euroko bonua. 2022an 18 urte betetzen dituzten gazteek produktu, zerbitzu eta jarduera kulturalak erosi eta gozatu ahal izango dituzte. Bonua, eman eta hurrengo hamabi hilabeteetan izango da baliozkoa.

Bonu horrekin zuzeneko arteak, kultura-ondarea eta ikus-entzunezkoak lagundu nahi dira dirutan: arte eszenikoetarako sarrerak eta abonuak, zuzeneko musika, zinema, museoak, liburutegiak, erakusketak eta jaialdi eszenikoak, literarioak, musikalak edo ikus-entzunezkoak, onuradun bakoitzeko 200 euro gehienez.

Horiez gain, euskarri fisikoko kultura-produktuak ere diruz lagunduko dira: liburuak, aldizkariak, prentsa, edo aldizkako beste argitalpen batzuk; bideo-jokoak, musika-partiturak, diskoak, CDak, DVDak, baita Blu-Ray izenekoak ere, gehienez 100 euro onuradun bakoitzeko.

Bestalde, onuradun bakoitzak 100 euro bideratu ahal izango ditu kontsumo digitalerako edo online kontsumorako: musika, irakurketa edo audio-irakurketa eta ikus-entzunezko plataformetarako harpidetzak eta alokairuak; audioliburuak erostea, liburu digitalak erostea (ebook izenekoak), multimedia fitxategiak deskargatzeko harpidetza (podcastak), online bideo-jokoetarako harpidetzak, bai eta aldizkari, prentsa edota bestelako aldizkako argitalpenen harpidetza digitalak ere.

Aitzitik, Kulturak adierazi zuenez, ez dira diruz lagunduko paperezko produktuak erostea; curriculumeko testuliburuak, inprimatuak zein digitalak; informatika eta elektronikako ekipoak, softwarea, hardwarea eta kontsumigarriak; material artistikoa; musika-tresnak; kirol- eta zezen-ikuskizunak; moda eta gastronomia.