Sortzaileak behar dira euskarazko eduki berritzaileak izateko, baina hori ez da nahikoa. Izan ere, produktuak aurrera ateratzeko, sortzaileek espazioak, baliabide teknologikoak eta aholkularitza behar dituzte. Eta hori eskain-tzen du, hain zuzen ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatu eta Tabakalerak kudeatutako 2deo ikus-entzunezkoen laborategiak. Euskarazko edukien ekoizpena eta kontsumoa sustatzea, sormenerako testuinguru berriak sortzea, formatu berriekin esperimentatzea eta sektoreko eragileen arteko elkarlana sustatzea dira, besteak beste, 2deo laborategiaren erronkak.

Horretarako, ekimen ezberdinak bultzatzen ditu 2deok. Alde batetik, Tipi kolektiboaren eskutik, gazteen partaidetza sustatu eta beren interesen behatoki izateko asmoa duen Talde Esperimentala osatu da. Bestetik, talentua sortzeko programak bideratzen ditu (telesail sortzaileei zuzendutako 2deo Serieak proiektua, esaterako). Eta aipatzekoa da baita ere urte osoan zabalik dagoen 2deoren deialdi iraunkorra, euskarazko eduki digitalak sortzeko proiektu bat duen edozein gazterentzat zuzenduta dagoena. Hurrengo lerrootan, ordea, 2deon bertan lanean ari diren egoiliar kolektiboei jarriko diegu arreta.

Literatura eta LOL

Une honetan hiru egoiliar kolektibo daude laborategian: Sutan Bang, Barrexerka eta Klak! Gazte ahotsa. Guztiek euskarazko ikus-entzunezko edukiak ekoizten dituzte: podkastak, antzezlanak, webseriak, esketxak... Era askotako produktuak ari dira lantzen, denak euskaraz. "Euskarazko eduki digitalak sortzeko energia eta gogoa dago eta etorkizuna itxaropen-tsua dela uste dut. Hizkuntza batek bizirik irauteko testuinguru berrietara egokitu behar du halabeharrez", esan du Sutan Bang kolektiboko kide Garazi Rezabalek.

Sutan Bang kolektiboa ikus-entzunezko eduki alternatiboak eta anitzak sortzeko egonezina zuen gazte talde baten eskutik sortu zen, eta 2deon urtebete daramaten honetan, espazio bat izatearen garrantzia azpimarratzen dute: "Elkartzeko toki finko bat izateak sendotasuna ematen dio proiektu bati eta material teknikoa eskura izateak kalitatea ematen dio produktuari. 2deon egoteak espazioa eta materiala ahalbidetzen dizkigu, eta horrek gauza asko egiteko aukerak zabaltzen dizkigu", argitu du Sutan Bang taldeko Amalia Ibargutxik.

Horren emaitza da Esku Artean bideopodkasta. Umoreaz baliatuta, Amaliak eta Garazik gidatzen duten literatura-saioa da. "Kultuak edo jasoak izatea ez da gure asmoa; ondo pasatzea da gure xedea, beti ere, literaturaren inguruan hitz eginez, baina baita kezkatzen gaituzten beste gai askori buruz ere", hausnartu du Amaliak. Youtube, Spotify eta iVoox plataformetan podkasta eskuragarri egoteaz gainera, hori sare sozialekin uztartzea ezinbestekoa dela irizten dute Sutan Bang kolektiboko kideek: "Euskarazko eduki digitalak bultzatzeko ezinbestekoa da sare sozialetan aktibo izatea, ez bakarrik edukiak hedatzeko, baita euskaraz sortzeko gogoa dutenak animatzeko ere".

Sortzaileen ekosistema

Espazioa eta baliabide teknikoak alde batera utzita, sortzaileen ustez beste eginkizun garrantzitsu bat betetzen du 2deo laborategiak: sortzaileen ekosistema sortzea. Egoiliarren artean elkarlana eta sinergiak sor daitezen toki aproposa dela diote, eta horren adibide da Sutan Bang eta Barrexerka kolektiboen artean sortutako kolaborazioa Zertako? webseriea egiteko. "Gidoia idatzi ondoren, webserie itxura hartu genion, baina grabatzeko laguntza behar genuen. Sutan Bang kolektiboaren lana ezagutzen genuen, haiek ere 2deon ibiltzen direlako, eta berehala eskaini ziguten laguntza", adierazi du Maialen Sorzabalbere Barrexerka kolektiboko kideak. 5 minutuko iraupena duten 15 atal izango ditu webserieak, eta Nerea Arriola, Arrate Hernández eta Iñigo Serrulla aktoreak ditu protagonista. Produktua postprodukzio fasean dago eta udaberrian estreinatzeko asmoa dute.

Baina, horrez gain, hamaika saltsatan dabiltza 2deon Barrexerkako kideak. Umorezko antzezlanak sor-tzeko asmoarekin sortu zuten taldea 11 gaztek duela lau urte. Maialenek esandakoaren arabera, 2deo laborategiari esker, Barrexerkak era askotako edukiak ditu eskuartean. Polaina podcasta da esanguratsuenetako bat. Konfinamenduaren ondoren jaio zen eta lagunarteko elkarrizketaren tankera duen umorezko saioa da. "Inprobisazioaz eta umoreaz baliatzen gara gure artean hitz egiteko eta ondo pasatzeko", zehaztu du Maialenek. Audientziei erreparatzen ez dieten arren, etorkizun oparoa antzematen diote Polainari, zeina Spotify eta iVoox plataformetan dagoen eskuragarri. Izan ere, udaberrian hirugarren denboraldia estreinatuko baitute: "Lehen denboraldia egin genuenean, ez genuen uste oihartzun handirik izango genuenik, baina harrera hain ona izan zen bigarren bat etorri zela, eta laster hirugarrena...". Hori guztia gutxi balitz, martxoan Hor esketxa dago ikuskizuna estreinatu dute Gasteszenan, esketxak eta antzerkia uztartzen dituen antzezlana.

Eduki deserosoak

Play eman eta berehala, oharra: "Zikintzeko prest ez bazaude hau ez da zure podkasta". Klak! Gazte ahotsa proiektu komunikatiboaren Kabala podkasta da. Gazteen interesekoak diren gaiak ditu hizpide, beti ere euskaraz, eta kritikotasuna eta entretenimendua sustatzeko helburuarekin. Joan den irailetik daude egoiliar gisa 2deon eta esperientzia oso positibotzat jotzen du Aintzane Ariztegi Klak! proiektuko kideak. "2deok hain beharrezkoa dugun espazioa eskaintzen digu. Diru iturri masibo ez diren proiektuentzat oso gauza garrantzitsua da espazioaren buruhaustea arintzea. Baina ez hori bakarrik; bertan eskura ditugun baliabideei esker, gauza berriak sor-tzeko ateak irekitzen dizkigu", azaldu du. "Deserosoak diren edukiak zabaltzea erraza ez den arren", euskarazko eduki digitalen etorkizunari buruz, "mugak apurtzen" ari direla baieztatzen du Aintzanek: "Tantaka bada ere, oso proiektu politak eta anitzak ari dira ateratzen eta jaso dugun erantzuna oso ona izan da; argi dago gazteek horrelako euskarazko edukiak kontsumitzeko nahia daukatela". Gauza bat argi dago: sor-tzaile gazte eta gogotsu hauen eskutik etorkizun oparoa daukala euskarazko ikus-entzunezkoak.