Síguenos en redes sociales:

Guggenheim Museoak Jean Dubuffeten lanen erakusketa jarri du ikusgai

Guggenheim Museoak Jean Dubuffeten lanen erakusketa jarri du ikusgai

- 50 artelanetik gora bilduz Bilbora iritsita den Jean Dubuffeten lanen erakusketa New Yorkeko Guggenheim museoaren funts zabaletatik dator nagusiki - Dubuffet bizi zela hiru erakusketa eskaini zizkion -, eta Veneziako Guggenheimeko obrekin osatu dute. Izenburua, Ospakizun bizia, bere obra bitalista definitzen duen egilearen esaldi batetik dator: “Nire lana balio erdeinatuen berreskurapen gisa ikustea gustatuko litzaidake, ospakizun biziko obra gisa”.

Dubuffet (Le Havre, 1901) 17 urterekin hasi zen artea ikasten, baina eskola utzi egin zuen mundu errealetik urrun ikusten zuelako, arte munduarekin lotuta jarraitu bazuen ere. Urte horietan mirespen handia piztu zitzaion haurrek, gaixo mentalek eta espiritistek sortutako artearekiko; ondorengo bere obra nabarmen markatu zuten horiek guztiek, Art Brut edo arte marjinala deitu zielarik.

Halako batean, 41 urte zituela eta naziek okupatutako Parisen artista izatea erabaki zuenean, egunerokotasunaren aldeko apustua egiten duen eta edertasun klasikoaren, trebetasun teknikoaren eta estatus altuaren aurkakoa den artearen ikuspuntu hori argi islatu zen bere estreinako artelanetan, esate baterako 1946ko Miss Choleran edota Botere-Borondatean.

Giza irudien bi koadro horietan material sinpleak erabiltzen ditu, lastoa, zementua edo harea bezalako gehigarriekin olioa enpastatzeraino lodituz. Horiekin, kolore lurtar eta okreetan margotzen du, forma ezagun baina distortsionatuekin.

Filosofia hori bere esaldi ezagun batean islatzen da “jendea, eurek uste baino askoz ederragoa da. Bizitza luzea benetako aurpegiei”, eta berak egindako buru itxuragabeetan ager-tzen da, esate baterako Geominne soldaduaren erretratuan.

1961etik aurrera eta hirurogeita hamarreko hamarkadan sartutakoan egin zuen Dubufettek bere corpusik zabalena, Hourloupe zikloa; estilo aldaketa handia burutu zuen, gai naturalak eta kolore argiak alde batera utzita.

Orduan sortutako pinturak eta eskulturak sarritan kolore zuri, gorri eta urdinekoak izaten ziren, puzzleak diruditen marra paraleloekin eta elkarri lotutako gelaxkekin, Nunc Stanc erraldoia lekuko.

Kolorearen aldeko apustu horrek Parisko Zirkua serieko Une aproposa lanarekin jo zuen gailurra. Bertan, pailazo itxurako irudiak konposizio kezkagarri batean nahas-mahasean agertzen dira, kolore paleta elektriko oparoa lagun. “Arteak barrea eragin behar digu, baita apur bat beldurtu ere; aspertu sekula ez, ordea” zioen artistak. Bitartean, eta Eskuineko profila bezalako beste serie batzuetan, giza aurpegiaren adierazpen-gaitasuna ere landu zuen.

BBKk babestutako erakusketa, abuztuaren 21era arte egongo da ikusgai museo bilbotarrean.

Dubuffetek 41 urterekin erabaki zuen artista izatea, edertasun klasikoak ez bezala, egunerokotasunaren aldeko apustua eginez