- Ruper Ordorikaren azken laneko irudi eta soinuek Kubaraino eramaten dute entzulea. Duela 30 urte bisitatu zuen lehenengoz musikari oñatiarrak Karibeko irla eta ordutik maiz egon da bertan. Irlarekin hondu duen harreman luze horretatik abiatuta, baita Joseba Sarrionandia eta Eva Linazasororen letretan oinarrituta ere, hamaika kantuz osatutako disko berria plazaratu du berriki, Amour eta toujours izenburupean. Gaur, Arkaitz Miner (gitarra, biolina eta mandolina), Lutxo Neira (baxua), Hasier Oleaga (bateria), Eduardo Lazaga (perkusioak) eta Nando de la Casa (perkusioak eta teklatuak) musikariekin batera abiatuko du diskoan ezagutzera emateko bira, Donostiako Victoria Eugenia antzokiko eszenatokian.

Kubara garamatza zure lan berriak, dudarik gabe musikarekin lotzen dugun herrialde bat, erri-tmo eta soinu propioa duen herrialde bat.

-Musikari batentzat argi dago. Kuba da, seguru asko, musika molde bat, afrokubatarra inon baino hobeto atxiki duen lurraldea. Nire aurretik musikari pilo batek, haundi zein txiki, egin du bide hori. Nire kasuan erdi ustekabean gertatu da, prozesu luze baten ondoren. Duela 30 urte joan ginen hara lehendabizikoz hemengo musikari, idazle, artista talde bat. Nolabaiteko enbaxada moduko bat. Geroztik askotan egon naiz eta, gehienetan, hemen edo han, kontzertuak eskeini izan ditut. Baina beti nire musikarekin. Han bizi diren euskaldun batzuen bitartez, bereziki Matxitxa izeneko gure managerraren bidez, sortu da lotura hori. Berak beti esaten zidan hango musikariekin zerbait egin beharko nukeela. Baina denborarekin gauzatu da nire barruan bide hori, eta orain iritsi da emaitza.

Denbora luzez ondutako lan bat, modu naturalean azaleratu dena?

-Bai, denbora behar izan dut ni beste iturrietatik natorrelako. Bertako musika entzun eta, batez ere, horretarako idatzitako kantuak egin ditut bide horretan. Nire kantuen bertsioak egitea proposatu zidan baten batek baina nik ezetz pentsatu nuen, horretarako sortutako kantu berriak egin behar nituela. Hango begietatik egindako disko bat izan da, nolabait esateko, kubatar munduarekiko begirunez.

Pandemia tarteko, zaila izan da ekoizpen prozesua? Ulertua dudanez, Kubarako bidaia prest eta bertan behera utzi behar izan zenuen.

-Bai, hala izan zen. Ia-ia urtebete egon da Kuba itxita, eta billeteak eskuan genituela gelditu ginen joan gabe. Baina lehenago eginak nituen paseak bertan. Hauetan, talde berean uztartu nituen nirekin jada lan egin duen bateria ipar-amerikar bat, hango perkusionista bat eta nirekin dabilen gitarra jotzaile argentinarra... Baina gero ezin izan genuen grabaketa horrela gauzatu. Beraz, erabaki nuen Euskal Herrian grabatzea, baina hango musikariekin. Biran dabiltzanak edo dagoeneko Europan bizi diren musikariak dira. Honek lana nire alorrera ekartzeko aukera eman dit. Oreka baten bila ibili naiz eta uste dut hor dagoela, diskoan.

Osotasun bat bilatu duzula nabaritzen da bi bideen uztarketa horretan.

-Bai, nik sentsazio hori dut. Ez dakit bestela egin izan bagenu nolako izanen litzatekeen emaitza. Baina argi nuen ez nezakeela disko Buenavista (Buenavista Social Club kubatar mugimendu musikalaz ari da) bat egin, ez naizelako bertakoa. Hasieratik neukan argi bide horretan uztartu nahi nituela nire alorreko musikariak eta bertakoak. Niretzat sinesgarria izatea, hori izan da inportanteena.

Kubako musikari batzuk eta aspaldian alboan dituzun beste batzuk parte hartu dute grabaketan. Alde batetik, Yaroldy Abreu perkusionista, Chucho Valdés ospetsuarekin jo duen musikaria; Eddy de Armas tronpeta jotzailea; Lino Lores gitarra jotzailea eta konpositorea; Kenny Wollesen, besteak beste Tom Waits bezalako izen handiekin jo duen bateria jotzailea. Eta bestetik, Mugalariak-eko ohikoak, Nando de la Casa (teklatuak) eta Dani Perez (gitarrak). Nola bildu duzu talde oparo hau?

-Bai, hasieratik argi nuen bilatu nahi nuena. Kenny Wollesen, bibrafonoa jo duena abesti batzuetan, Jazzaldira etorri zen abangoardiako talde batekin. Momentu hori aprobetxatu nuen, Yaroldy ere hemendik zebilelako Chuchorekin (Valdés). Dani nirekin dabil aspaldi, Bartzelonan bizi den arren, baina sortzez Buenos Airesekoa da. Klabearen mundu hori Hego Ameriketatik Nueva Orleanseraino iristen da, Kuban gehiago atxiki den arren, eta horregatik pentsatu nuen Dani zela honetarako gitarrista egokiena. Aldez aurretik ezagutzen nituen musikariak kokatu nituen hor, en-tzun nahi nuenaren bila.

Zer nolakoa izan da elkartze eta elkarlan prozesua, denen artean?

-Nik banekien musikari kubatar hauen maila handia zela, eta diskoa grabatu ondoren areagotu egin da nire pertzepzio hori. Izugarrizko musikariak dira, eta haien tradizioa goitik behera ezagutzen duen jendea da. Bere burua batere serio hartzen ez duen jendea, baina aldi berean beren musika oso serio hartzen duena. Arauak ez daitezke alferrik aldatu. Oso garbi daukate hori, eta nahiz eta beti jolasten dabiltzan, eredua hor dago eta hori zaindu egin behar da. Benetan esperientzia handia izan da, asko ikasi dut eta gero eta gehiago miresten dudan jendea da.

Aipatu ditugun musikari hauetako batzuk jazzaren mundutik datozte, zuk ere aurretik landu izan duzun genero bat da... Zenbat du, alde horretatik, lan honek?

-Disko honetan alde melodikoa da gehien landu dudana, hori zaintzearen alde jokatu dut. Nola ez, baita alde erritmikoa ere. Erronka nagusia nire kantuak klabe kubatarrean sartzea izan da, erritmoa neurtzeko beraien modu horretan. Hori izan da lan handiena, nik beste joera bat dudalako erritmikoki. Horrek behartzen zaitu beste fraseo bat egitera kantuan sartu ahal izateko. Hori nola egin nire burua bortxatu gabe, hor egon da dena, armonia eta jazzaren alor horietaz aparte. Kenny edo Dani bezalako jazz musikari handiek badute hizkuntza, badute lengoaia, tresnak erabiltzeko izugarrizko gaitasuna. Horrek beti diskoaren alde jokatzen du.

Jazzak zerbait badu, lan-talderen kontzeptua da, ezta?

-Bai, musikari onak beti entzuten dio ondokoari, beti jotzen du kantuaren alde, ez bere burua erakusteko. Hori da irakaspen bat zenbat eta hobe ulertu, are eta gehiago nabaritzen dena kantuetan. Eta nik uste disko honek baduela oreka hori.

Bateratasun hori nabarmena bada ere, perkusioek garrantzia berezia daukate disko honetan, akaso musika kubatarrean ere hala delako...

-Erabat. Kubatarrentzat perkusioa lotua dago ere erlijioarekin, mundu afrokubarretik dator, hor dago lege guztia. Lege guztia perkusioaren gainean eraikita dago, beraiek daukaten "palo" guzti horietan. Perkusioaren eta perkusio tresnen inguruan dago dena. Gero, erabili dezakezu piano bat edo gitarra bat, baina perkusioa da oinarria. Eta horretan Yaroldi edo Eduardo Lazaga bezalako musikari handiak edukitzea... Beren mundua oso ongi ezagutzen duten musikariak dira.

Kantuak sortzerakoan ere hori izan duzu abiapuntu?

-Beno... Kantuak idazterakoan nire kaxa aritu naiz, Kubako iruditeria kontutan izanda. Baina musikalki konposatzerakoan guztiak eraldatu ditut. Eduardo Lazagarekin maketa bat egin nuen, perkusioekin, gainon-tzeko musikariek ikusteko eta froga-tzeko ea benetan ongi ari nintzen. Bide luze bat egin dugu horretan, baina baita polita ere. Bakarkako eta zuzeneko diskoak argitaratu ditudan bitartean, poliki-poliki hontzen joan naiz disko hau. Bere denbora behar izan du baina uste dut ondo gauzatu dela.

Letrek ere Kubara eramaten gaituzte, iruditeria zabal batera.

-Saiatu naiz hura ikuskatzen nire buruan, eta nire bizipenekin ahal bezain zehatza izaten. Ariketa bat ere izan da, benetan hango tradizioa ongi ezagutzen duten horiek irakur-tzen, maite dituzun piezak entzuten... Musikalki, mundu guajiro bat erakutsi nahi izan dut, ez orkestra handien Kuba hori. Barrualdeko taldeak izan ditut gehiago gogoan. Gitarra elektrikoa erabili dugun moduan erabiltzea berrikutza berri xamarra izan da hango munduan, bestalde. Beste estilo batzuetan egin izan da milaka aldiz izugarrizko arrakastarekin, ez dakit, Led Zeppelinetik hasi eta Santanaraino, Ry Cooderretik pasatuta... musikari askok egin izan dute. Baina son kubatarrean oso gutxitan erabili den modua da. Uste dut hor badagoela zerbait aurkikun-tzatik. Musikari kubatarrei diskoa gustatu zaie eta hori niretzako pozgarria da.

Zer da beraiek erran dizutena diskoaren inguruan?

-Disko on bat atera zaigula esaten dute. Batzuetan, hango egoeragatik, gogaituak ere egon daitezke beti eskatzen zaielako kubatartasun hori nolabait erakustea, eta musikariok bestelako interesak izan ditzakegu, musika askoz ere zabalagoa da. Baina kasu honetan, uste dut berehala ulertu zutela nondik nora gindoazen.

Zerbaiten imitazio bat egitearen arriskua sentitzen da halako disko bat egiten denean?

- Bai, disko turistiko bat egitearena, ezta? Hori saihestea oso gogoan eduki dut beti. Eta uste dut badagoela nire puska bat lan honetan. Disko guztiak dira esplikagaitzak baina, kasu honetan nola estereotipotan sartu gatiezkeen, azaldu beharra dago. Bestela, jendeak imaginatu dezake orkestra kubatar handi baten edo txaranga habanera baten an-tzeko zerbait. Entzun egin behar da jakiteko non kokatzen den.

Hain zuzen, estereotipoak aipatu dituzula, denok izan dezakegu burutan Kuba estereotipatu bat, ezta?

-Bai, inon baino gehiago ematen da hori. Halako disko bat egin eta jendeak galdetzen dizu zein den hango bizimoduaz daukazun iritzia. Grabatu izan ditut diskoak Ameriketako Estatu Batuetan, Frantzian, Inglaterran... Eta inoiz ez didate galdetu zer pentsatzen dudan Inglaterrako gobernuaz. Aldiz, Kubaz ari garenean, estereotipo guzti horiengatik, badirudi denek eduki behar dugula iritzi bat herrialdearen inguruan, ezagutu gabe ere.

Iruñean eskaini zenun kontzertu honek emanen zion hasiera birari, nahiz eta aurre-estreinaldiko bi kontzertu dagoeneko eman izan dituzun. Zer nolakoa izanen da?

-Seikote formatuan arituko gara. Azken urteetan laukote bezala aritu gara kontzertuetan, baina orain Eduardo Lazaga gehitu zaigu, perkusioetan; eta Nando de la Casa, teklatuan eta perkusioetan ere. Nire asmoa da kontzertuaren lehenengo partea disko honi zuzentzea. Ni kontent, nola ez, Iruñeara joatearekin.

"Musikari kubatarrak eta nirekin ibili ohi direnak talde berean uztartu eta disko sinesgarri bat egitea izan da nire helburua"

"Disko honetan parte hartu duten musikariak izugarrizkoak dira, beren tradizioa goitik behera ezagutzen duen jendea"