- Kantua zuei (Elkar) diskoaKantua zuei kaleratu du Oskarbik. Taldeak 55 urte bete ditu eta urtemuga horren harira Beasaingo Loinatz Abesbatzarekin elkarlanean egon da. Taldearen hamabigarren lan honek hamahiru abesti eskaintzen ditu, eta gehienak taldeak sortutakoak badira ere, euskal kantagintza tradizionaleko kantuak ere entzun daitezke bertan. Carlos Ruiz taldekideak 45 urte daramatza Oskarbin eta berak azaldu dizkio NOTICIAS DE GIPUZKOAri disko honen inguruko xehetasun guztiak.

Oskarbik 55 urte bete ditu eta beti euskal kantagintzari lotuta egon da. Zerk bultzatu zaituzte horri eustera?

-Nahiz denbora asko daramagun kantagintzan, gure erroak ez dira asko aldatu. Denboran zehar moldatu izan dira, baina lau ardatz nagusi beti mantendu izan ditugu. Lehenengoa euskaraz kantatzea izan da beti. Bigarrena, herri kantagintzako abesti batzuk bilatu, egokitu eta Oskarbiren estiloan plazara-tzea izan da, beti ere Azkue eta Aita Donostiaren kantutegitik hartuta. Hirugarren atala ahotsen polifonia izan da; hau da, denboran zehar instrumentalizazio handia izan dugu, eta guk beti ahotsen garrantzia mantendu nahi izan dugu. Eta azkenik, azken mendeko olerkariak erreferente izan dira guretzat. Hasieratik, Gandiagaren eta Joxean Artzeren lanak aintzat hartu ditugu, eta disko honetan guretzako berriak diren beste hiru olerkari ekarri ditugu. Horiez gain, gure kantu propioak ere egin ditugu.

'Kantua zuei' disko berria Durangoko Azokan jarri zenuten salgai. Nolako harrera izan zuen?

-Nahiz eta azken bi urteotan Durangoko Azoka oso berezia izan, produkzio batean murgilduta zabiltzanean, helburua Durangorako buka-tzea izaten da han aurkezteko, nahiz eta gu aurten fisikoki ez garen bertan izan. Gure editorialak aurkeztu zuen diskoa, eta salmenta fisikoak gaur egun talde gehienentzat eskasak izaten badira ere, guk jarraitzaile talde oso fidela daukagu. Urteetan zehar egon dira gure errezitaletan eta egoten jarraitzen dute, eta horiek dira nagusiki gure diskoak erosten dituztenak. Gaur egun, salmentak baino, diskoa Internet, komunikabide eta emanaldien bidez hedatzea da garrantzitsuagoa.

Abesti berriak eta zaharrak uztartu dituzte. Nolako diskoa dela esango zenuke?

-Nik, pertsonalki, beti pentsatzen dut azken diskoa dela borobilena. Kasu honetan, berrikuntza nagusia Beasaingo Loinatz Abesbatzarekin grabatzea izan da. Duela bost urte Errenteriako Musikasten esperien-tzia polita izan genuen Landarbaso abesbatzarekin eta han hiru kantu musikatu genituen beraiekin batera. Hiru kantu horiek beste abesba-tza batzuekin ere kantatu izan ditugu Gipuzkoako herrietan zehar. Kasu honetan, aurretik bagenuen lotura Beasaingo Loinatz Abesba-tzarekin, beraz, oso modu naturalean sortu zen elkarlana. Disko honetan, berezitasun horretaz gain, euskal kantagintza tradizionaleko pare bat abesti eta gure kantu berriak aurki daitezke.

Zergatik erabaki zenuten 'Kantua zuei' izenburua jartzea lan berriari?

-Lehen esan dudan moduan, guk jarraitzaile talde oso definitua dugu, eta ez da jende gaztea, bereziki, gure betiko jarraitzaileak direlako. Asko eta asko pertsonalki ere ezagutzen ditugu, eta izena bera eskaintza moduko bat da, kantu hauek zuei eskaintzen dizkizuegula esanez bezala.

Abesti berriei Artze, Juan García eta Otxopekoren poemak gehitu dizkiezue. Zergatik?

-Olerkigintzako gure erreferenteak izan dira beti Gandiaga eta Artze, eta gure kantu asko beraiek sortutako olerkietan oinarrituta daude. Orain aukeratu ditugunak ez dira oso gazteak, nahiz eta guretzat berriak izan. Juan García oso ezaguna da eta taldeko konposatzaile batek kantu hauek proposatu zituen gure laborategian. Horrela deitzen diogu, norbaitek hor ideia bat bota-tzen duenean taldearena izatera pasatzen delako, eta abestiak guztion artean moldatzen ditugulako.

Nolakoa izan da diskoaren sormen prozesua?

-Kasu honetan erantzuna oso argia da: luzea. Pandemiaren eraginez, grabazioa bi urtetan zehar luzatu da, Donostiako Elkarren estudioa ireki eta itxi egiten zuten, eta guretzat lan handia suposatu du proiektua aurrera eramateak. Sormen prozesua normala izan dela esan dezakegu, baina kantuak finkatzea lortu artekoa inoiz baino luzeagoa. Hala ere, horrek aukera eman digu, nolabait, gure lana hobetzeko eta kantuei beste ikuspegi bat emateko, eta horregatik diot nire ustez disko hau dela borobilena.

Taldekide berriak ere batu zaizkizue Oskarbira. Nolako ekarpena egin diote diskoari?

-Lehen aipatu bezala, gure xedeetako bat ahotsak ondo zaintzea da, izan ere, gaur egun talde gutxik kantatzen baitute lau ahotsetan guk kantatzen dugun moduan. Gero, denboraren poderioz, instrumentalizazioa ere aberastu egin dugu kantu guztietan, eta taldekide berri gehienek instrumentalki egin dute euren ekarpena: biolina eta pianoa, gehienbat. Nik akordeoia gero eta gehiago jo-tzen dut, eta flauta ere ia kantu guztietan sartzen da.

Eta Beasaingo Loinatz Abesbatzak paper garrantzitsua al du diskoan?

-Bai, lau abesti prestatu eta grabatu ditugu beraiekin. Egia da koruarekin grabatzeko prozesua ere oso luzea izan dela. Pentsatu, musukoarekin grabatzea ez dela batere erraza izan, ezta hainbeste jende estudioan biltzea ere. Baina bueno, beraiekin oso gustura aritu gara eta oso harreman naturala izan dugu.

Urtarrilaren 15ean omenaldia egingo diozue Artzeri Usurbilen. Zer suposatu du Artzek zuen kantagintzan?

-Hasteko, Artze Ez Dok Amairu mugimenduan ibili zen, eta bere olerkigintza erreferente izan da beti. Herri mailan oso ezagunak diren esaldien egilea izateaz gain (adibidez, Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakienak ikasten ez duelako, dakienak hitz egiten ez duelako baizik esaldia), oso pertsona berezia zen, eta oso idazle, pentsalari eta filosofo ona. Harreman estua zuen Mikel Laboa, Xabier Lete eta horiekin guztiekin, eta guretzat euskal olerkigin-tzako izen handi bat da.

Horrez gain, beste kontzertu ba-tzuk ere badituzue hitzartuta.

-Otsailean Lazkaon izango gara, martxoan Irunen eta uztailean Oiartzunen. Gainera, Lazkaon eta Irunen hango abesbatzekin eskainiko dugu kontzertua. Beraien papera prestatu dute, eta abesba-tzekin abestekoak diren lau kantu horiek elkarrekin plazaratuko ditugu. Gure asmoa herriz herri lau kanta horiek herrietako abesba-tzekin abestea da, eta deialdia luzatu nahiko genuke, nahi duen abesbatza gurekin harremanetan jar dadin.

Oskarbik oraindik etorkizun oparoa duela esan dezakegu beraz?

-Gure estiloa eta xedea manten-tzen baldin baditugu, indarra oraingoz badugu, eta beti ere helburuak finkatuz gero, bai. Garrantzi-tsuena helburu bat izatea da. Azken hiru urtetako helburua diskoa ateratzea izan da, eta orain kontzertuetako helburua herrietako abesbatzekin abestea da. Beraz, helburuak ematen digu jarraitzeko indarra eta aukera. Hala ere, kontuan izan Ez Dok Amairu mugimendutik Benito Lertxundi eta Oskarbi bakarrik geratzen garela, horrek esan nahi du, jarraipena ematekotan, ezinbestekoa dela jende berria taldean sartzea.

"Eskainiko ditugun kontzertuetako helburua herrietako abesbatzekin abestea da”