Mende erdia betetzea zer da?

-Denbora beti aurrera doa, beste kontu bat da gure begiekin ikustea... Ez dut esango denborak gutaz paso egiten duenik, denboraren nozioa norberak bizi baitu, baina bizitzak aurrera egiten du, eta garrantzitsuena gure begiekin ikustea da. Gaur arte zortea eduki dut, ikusteko eta bizitzeko zortea, eta urtebetetzearen bueltan pixka bat traszendente nengoen, baina beste umore batekin bagoaz mendearen bigarren zatiaren bila.

Musikari gisa oholtza gainera igo zinela 25 urte. 2022ak iritsi baino lehen uzten digun lehen oparia, 'Haitzetan' diskoaren bermasterizazioa. Zer bilatu duzu?

-Lehenik eta behin, berreskuratu. Autoekoizpen lana izan zen duela ia 25 urte, lehenbiziko urratsa izan zen, eta berreskuratu nahi nuen, desagertuta baitzegoen, eta Zart! kolektiboaren barruan bizitza berriz eman. Bermasterizaziorako ez zegoen margen handirik, modu oso finean eragiteko aukera izan dugu eta hori probestu nahi nuen soinua pixka bat ukitzeko, zabaltzeko. Oso nimiñoa da, baina arrazoirik handiena lan hori berriz ere plazara ekartzea. Jende askok ez duen lana da, orduko zaleek izango zuten, edo auskalo, erraz asko galdu daiteke. Nik neuk aspaldi galdu nuen eta ez dut Haitzetan hau! Bermasterizazioa edukiko dut, eta egia esan, pentsatzea desagertuta zegoela... Alain Urrutiaren diseinuarekin ekarri dugu, hori da arrazoi nagusiena.

Zergatik bermasterizazioa eta ez, adibidez, abesti kuttunen antologia?

-Urteurrena disko hurak egiten du, eta berreskuratzea nire orduko izate edo Mikel horri keinu egitea da. Mikel eferbeszente eta gaseoso horri, oinak lurrean baino metro eta erdira zituen Mikel horri. Ameslari hutsa zen Mikel horri keinu egitea da, eta musikalki zer ginen erakusten duen disko bat da. Hastapenetan nengoen, gitarrarekin erdi burrukan, baina sekulako fedea nuen egiten nuen horretan. Disko hura horren seinale da: orduko Mikel hori nolakoa zen eta mundu berri, ero eta zoragarri horretan barrena erreminta haiekin nola abiatu zen erakusten du.

Diskoari gehitu diozun 'Su nimiño bat' entzunda, eta garai hartan grabatutako beste letra batzuekin alderatuta, bizitzaren aurrean gaurko Mikel ausartagoa al da?

"Arriskatu behar da, sinistuz, ez arriskatzeagatik, pentsatuz gauzak ondo joango direla, nahiz eta gero edozer gauza atera daitekeen"

-Uste dut oraindik ere temerario samarra naizela eta arriskatzen jarraitzen dugula. Denetarik jasota gaude bizitzan, palo bat edo beste barne, baina ez da nahikoa izan amesteari uzteko. Horrek asko lasaitzen nau: kapazidade hori ez dugula galdu, garrantzitsua baita bizitzan arriskatzea, baina sinismenez, ez arriskatu arriskatzeagatik; pentsatuta gauzak ondo baino hobeto aterako direla, jakinda gero gauzak edozer modura atera daitezkeela. Fuerte nago, eta horregatik apustuak egiten ditugu. Horregatik jarraitzen dugu honetan, amesteari utzi ez diogulako. Ni neu asko aldatu naiz 25 urtetan, baina orduko Mikel eta oraingoaren artean bada gauza bat berdin mantentzen dena, amesten jarraitzen dugula, eta ilusio horri eusten diogula. Ofizio honekin zoriontsu izateko ametsari eusten diogula. Su nimiño bat kantua hori azpimarratzera dator, urte hauetan zehar iraunarazi gaituena. Ez hainbeste arrakasta handiak eta emandako sekulako kontzertuak, baizik eta denborarik gehienerako behar duzun energia txiki hori, su nimiño hori aurrean daukazun entzuteko prest dagoen jendea, 25 urtetan taulape horri eutsi diona€ Gauza asko dira. Ni ez nago bakarrik istorio honetan, nahiz eta batzuetan horrela sentitu.

Ehun abesti originaletik gora sortuak. Kuttunagorik ba al da?

-Bueno, ba seguraski zenbait kantu izango ditut, bai. Sekula ez dakizu zer gertatuko den abesti batekin. Pentsa dezakezu zer nolako harrera izango duen, baina ez duzu hori jakiterik zorionez. Horretarako dago musikaren mundu sorpresiboa. Batzutan kantu batek egiten du bidea, zure kontrolpetik aterata, zure erradio intimotik, besteen mundutara hegan. Hori da musikaren magia, eta hori gertatzen den bakoitzero abesti hori kuttun bilakatzen da. Zergatik? Zure eremu intimoa traspasatzen duelako, zeure etxeko itzal horretatik beste itzal batera jauzia egin duelako, bizitza propioa hasiz. Hori gertatzen denean, kantu kuttuna bilakatzen da nire kasuan. Badaude beste batzuk umezurtz geratu direnak, eremu hori pasa ez eta penatxoaz gelditzen zarela. Horiek horregatik dira kuttunak, akaso jaio ziren edo ekarri zuten arrazoi intimo potentea dagoelako atzetik. Hainbeste kanturekin zaila da abesti guztiekin atxikimendu hori edukitzea.

Itzal horiek pasa duen 'Haitzetan' diskoko abestietako bat, 'Bazkalosteko kafea'. Gaurko kafe horiek duela 25 urtekoak bezalakoak al dira?

-Ez dira hain basatiak, pixka bat zibilizatu gara! Esaten dut sarri parrandarako lehengo 18 urteak banitu bezala sentitzen naizela, baina biharamunetarako ez. Denbora ez doa aurrera alferrik, ez gara lehengoak, baina horretan hazten saiatu behar gara! Fisikoki zaila da, baina beste guztietan saiatu behar gara. Musikaren bidea ez bakarrik musikari gisa hazteko probestu dudala pentsatu nahi dut, baita pertsona gisa hazteko, ematen dituen baliabide horiek probestuz. Pentsatu nahiko nuke.

Zer da abeslari izatea Instagram, TikTok eta Tinder garai hauetan?

-Honi buruz pentsatu izan dut, baina oso analogikoa naiz. Nire lagunarteari galdetzen badiozu, esango dizu zer nolako analogikoa naizen! Ez naiz bizkarra emanda bizi, sareetan bainago, nahiz eta laguntza izan kudeatzeko, berezkoa ez baitut hori. Harri, egur eta altzairutik oso hurbil nago, eta ez hainbeste internetetik eta sareetatik. Gustatzen zait klasikotasun hori, nahiz eta guzti horri bizkarra emanda ez bizi. Era oso klasikoan bizi ditut artea eta musika. Modu oso klasikoan konposatzen dut, eta lagun teknologizatuez baliatzen naiz gabezi horiek estaltzeko. Guzti hau modu oso analogikoan bizi dut, XXI. mende honetara jauzi ez bagina bezala.

Publikoa aldatu denik sumatzen duzu?

-Noski, gu ere ez baikara berdinak! 25 urte... pentsa nola aldatu daitezkeen gauzak! Publiko ezberdina da, batez ere publiko gaztea dagoelako. Badago publiko bat Haitzetan diskoarekin batera 25 urte beteko dituena, adin bera duena, inkluso gazteagoa! Ni hasi nintzenean asmo sikiera ez ziren gazteak daude kontzertutan! Transmisio bat gertatu da, jabetzen naiz zorte hori dudala, nire adineko gurasoek zenbaitek behintzat musika transmititzen asmatu dutela, eta haien seme-alabek jaso dutela, edo auskalo non eman den prozesu hori, sareetan, hezkuntzan€ Transmisio horrek asko pozten nau.

Bermasterizazioaz aparte, 'Izurdeen lekua' birak darrai. Zer esan nahi du bira horri amaiera emateak garai zailotan?

-Oso bira berezia izaten ari da, diskoa egin dudan bereziena delako arrazoi emozional hutsengatik. Bestalde, bira oso beroa izaten ari da, harrera oso beroa jasoz. Berotasun horri uko egitea zaila egingo zaigu, musikariak penarekin daude bira bukatzeko, baina 2022an beste egitasmo potolo batzuk datoz eta lekua egin behar genien. Izurdeen lekua diskoa oso berezia da, eta merezi zuen hasiera eta amaiera. Disko honetatik zenbait kantuk bizirik jarraituko dutela gure errepertorioan sentitzen dut. Pena pixka batekin Victoria Eugenian (urtarrilak 28) agur esango diogu bira honi.

Zeharka bada ere kontzertuak mantentzeko aukera izan duzu, baina zer sentitzen du sortzaileak publikotik ohi baino urrunago?

"Azkeneko bi urtetara begiratzen diot eta batzutan sinesgaitza iruditzen zait, gaur ere bai: Oraindik ez al da bukatu amesgaizto hau?"

-Urte eta erdi luze hau, ia bi urte laister, ofizio askorentzat oso gogorra izan da, guretzat ere bai. Nik zortea eduki dut nire esparruan mantendu ahal izan dudalako kontzertu zenbaki duin samar bat kontuak aurrera ateratzen lagundu diguna, baina horrek ez du kentzen egoera zein terriblea izan den ikusteko. Azkeneko bi urtetara begiratzen diot eta batzutan sinesgaitza iruditzen zait, gaur ere bai. Oraindik ez al da bukatu amesgaizto hau?, galdetzen diot neure buruari. Gure buruak erraztasun hori gauza txarrak bidaltzeko, baina kostatzen ari zaigu egoera tematzen delako, birusa tematzen delako eta mediatikoki horrela gogoratzen digutelako modu batzuetan tematiegian ere bai. Horrek asko nekatu eta nekarazten du. Azokarekin berdin ibili gara, Durangoko Azoka bazetorren baina pentsatzen ez genuen era batean eta amorratzen zaitu horrelako hitzordu bat merezi duen moduan, normaltasunez, ez ospatzea. Abendu nahiko polita dugu kontzertuz, urtarrila ere bai, eta beldur pixka batekin ea modu normalean bukatu ahal izango dugun jakin gabe.

Eta 2022an, "proiektu potoloak".

-Bai, badugu bai zer landu! Orain egiten ari garen kontzertuak eta horiez gain, badira sei hilabete proiektu sinfoniko batekin Bilboko Orkestrarekin hasi ginela, eta bide erditan gaude. Lan-talde polita juntatu gara, baina bozetatzen ari gara, guztiz ez gara sartu ur horietan, baina horrek datorren urteko ardatzetako bat, nagusia ez bada, okupatuko du.

Estudioko disko asmorik?

-Egia esan, Sinfonikarekin disko berria etorriko da, eta kantu berriren bat edo beste sartuko dugu, nahiz eta errepertorio zaharraren berregokipen bat izan. Estudio disko batean pentsatzea urrunegi geratzen zait, baina gerta daiteke hemendik urte eta erdira hitz egiten dugula eta pilatu zaizkidala dozena bat kantu berri... Ganorazko zerbait dugula uste dugunean, diskoa ateratzen dugu. Horrela bizi gara. Batzuetan egitasmoak erabakitzen dituzu eta besteetan, prezipitatzen dira. Oso egunetik egunera bizi naiz aspalditik eta filosofia horrekin jarraitzen dut, agenda bat dagoela jakinda, baina biharko eguna etortzen denean helduko diogula eta ahal bada, gozatu.

Datorren etorkizun horri itxaropentsu heltzeko argudioak ditugu?

-Zalantzarik gabe! Askotan esaten dut taula gainean adin batera iritsi garenok bizitza zer den badakigula gutxi gora-behera. Bizitza haurtzarotik aurrera erori eta altxa etengabe bat da, azken erorikora arte. Erori eta altxa bakoitzaren artean zer egiten dugun horretaz arduratu behar gara. Erorketak denok biziko ditugu, eta altxatu ere segur aski denok altxatuko gara. Badut kantu bat, Edari gozoa, eta hor esaten dut mundura sufritzeko ez ginen jaio. Oso sinestuta idatzi nuen. Bene-benetan kantatzen dut. Ez ginen sufritzera etorri, ahal bada, zoriontsu izateko. Beti sentitu dut behar hori: musikak emango zidala zoriontsu izateko aukera pentsatuz naiz musikari. Horregatik utzi nuen Irakaskuntza eta horregatik bakarrik esango nuke hartu nuela musika. Nire pausu guztiak horri begira ematen ditut, sinistuidazu. Zoriona eta sentipen onak lortzeko heltzen diot horri, badakigu gero bizitzaren atzaparrak daudela, behazuna, baina asmoz behintzat, egunero ezberdin eta egunero aprobetxatu behar da zoriontsu izateko gertatzen diren aukera guztiak probestuz. Uste dut gehienok badakigula.

'Zuzenean' diskoko 'Hauskor' abestiaren sarreran aipatzen duzu bizitza errazagoa litzatekeela hauskorrak garela jabetuko bagina. Pandemiak konszienteago egin al gaitu?

"Oso argi daukat oso hauskorra naizena, baina aldi berean hortaz jabetzeak indarra ematen dizu"

-Ez nuen behar pandemiarik horretaz jabetzeko. Baten batek esaten zuen pandemiak gizarte hobeago bat utziko zuela, baina ez dut uste gertatuko denik. Uste dut proportzio berean gaudela jende ona eta gaiztoa. Uste dut pandemiak antzeko margo bat utziko digula pasatakoan, egunen batean pasako delako. Zenbait gauzek ez dute tarte handirik. Pandemiak askorentzat jende maitearen galera ekarri du batez ere, eta lezio horiek oso gogorrak, oso tajanteak izaten dira, interpretaziorako tarterik gabe. Agian bazekien, baina hori bizi izan duenak jakina badakiela bizitza zein hauskorra den! Hitzaurre horretan esaten dut hauskor izatea ez dagoela oso asimilatuta, gizarteak hezitzen gaituela beste norabide batean, kontrakoan, indartsu izan eta negarrari eusteko. Egunerokoa beste kode batzutan eratuta dago, eta hauskorrarena ez dago oso barneratuta. Horrek kalte handia egiten digula uste dut. Oso argi daukat oso hauskorra naizena, baina aldi berean hortaz jabetzeak indarra ematen dizu. Hauskortasunaren beste alde hori probesten saiatzen naiz.