- Gipuzkoako Foru Aldundiak irakurzaletasuna sustatzeko, baita, aldi berean, lurraldeko kultura-produktuen sare komertziala eta banatzailea indartzeko ere, kultura-bonuak aterako ditu bihartik aurrera. Gipuzkoarrek, beraz, bonu horiek erabili ahalko dituzte beste urte batzuetan bezala.

Aurten ere 2020ko abenduko kopuruari eutsiko zaionez, foru erakundeak 80.000 euro bideratuko ditu, 64 establezimendutan 8.700 bonu saltzeko; horietatik 2.700 euskarazko kultura-produktuetarako izango dira, eta gainerakoak, gaztelaniarako eta beste hizkuntzetarako.

Hobariak ere iazko berberak izango dira: laguntza berezia izango duten euskarazko produktuetan hamabi euro, 20 eurotik gorako erosketetan; eta zortzi euro gaztelaniazkoetan. Erosketa-aldia berriz, aldatu egin da; joan den ekitaldian kanpaina apirilaren 30era arte luzatu baitzen, eta aurten urtarrilaren 29an amaituko da.