- Euskadiko Orkestrak eta Garikoitz Mendizabal txistulariak bat egin dute Gutizia diskoan. Bertan ederki erakusten denez, txistuak badu “errepertorioa” eta “arrazoirik”, beste instrumentu bakarlari batzuek adina bai behin-tzat, “inolako mugarik gabe eta naturaltasunez” talde sinfoniko batekin agertokia partekatzeko.

Garikoitz Mendizabal (Zestoa, 1973) Bilboko txistulari bandako zuzendaria, ikono bihurtu da euskal instrumentu tradizional horren interpretazioan, eta gaur egungo hainbat autoreekin elkarlana sustatu du txistuarentzat lan berriak sortzeko.

Orpheus Classical zigiluak argitaratutako Gutizia obraren inguruan zera aipatu zuen atzo Mendizabalek: “Errusia zein Hego Koreako eszenatokiak bete, eta 2011n Bratislavako Orkestrarekin egindako Txistu Symphonic proiektuarekin hasitako ametsa bete dugu”.

Oriol Roch Euskadiko Orkestrako zuzendari nagusiaren esanetan, euskal musika sustatzeko eta zabaltzeko filosofian txertatzen da lan hau; kasu honetan, “Txistuaren birtuoso baten eskutik, Garikoitz Mendizabalen eskutik”.

Gutizia grabaketak bederatzi lan biltzen ditu bi diskotan. Pieza ba-tzuk grabazio honetarako espresuki idatziak izan dira, eta beste batzuk, aldiz, orkestratu dituzten konposizio tradizionalak edo lehendik bazeudenak.

Gutizia diskarako propio sortutakoak honako hiru hauek dira: Fernando Velázquez soinu-banden konpositorearen Reflexiones sobre la longitud del viento; Javier Martínez Camposek (1989) Kenyari eskaintzen dion Karibu peponi omenaldi txikia; eta Eduardo Morenoren Leyenda poema sinfonikoa (1977).

Grabazioan daude, baita ere, Naji Hakimen (1965) Txisturako kon-tzertua, Mendizabali eskainia eta 2019an Libanoko Orkestra filarmonikoarekin Beiruten estreinatu zuena; David Johnstoneren Symphony (1959); Luis Arambururen moldaketekin eta Pierre Weksteinen orkestrazioarekin egindako kantu tradizionalen Zaharra bilduma; bai eta, Mendizabalen irakasle izandako Kepa de Miguelek orkestraturiko Iruten ari nuzu eta Atzo ttun-ttun, autore ezezaguneko piezak ere daude lanan.

Bigarren diskoaren amaieran Hora Staccato obra dago. Grigoras Dinicuk idatzitako dantza errumaniar tradizional hori Iñaki Urkizuk egokitu du txistuarekin jotzeko, eta Birtuosismo erakustaldia omen da.

Mendizabalek aurrerapausoak ematearen alde egin du beti, orkestretako zuzendari, programatzaile eta kudeatzaileak “abonamenduko zein aparteko kontzertuetan txistuarekin egindako obrak programatzera ausartu daitezen. Gure instrumentu hori bakarlaritzat sendotu behar baita, akordeoiak edota gitarra espainiarrak egin duten bezalaxe”.

“Txistuak presentzia izatea nahi dut, eta bide horretan jarraituko dut. Ea denboraren poderioz lor-tzen dudan” esanez amaitu zuen txistularia.