Diasporan ahaztutako euskal musika II. Batura zikloak berreskuratu egingo du, nazioarte mailako artistek hilabete honetan hasi eta datorren urteko ekainera bitartean Euskadiko eta Estatuko beste hainbat lekutako agertokietan eskainiko dituzten hamabost kontzertutan.

Massimo Somenzi, Konstantin Soukhovestki edota Rafael Aguirre piano-jotzaile ospetsuek, Eresbilek berreskuratutako hiru euskal sor-tzaile horien obrak interpretatuko dituzte, baita emigratu eta euren lana Ameriketan garatu zuten beste ba-tzuenak ere, Guridi eta Usandizaga egile ezagunagoen lanekin batera, nazioarteko errepertorio klasikokoak ere lagun dituztela.

Batura zikloaren bigarren edizioa atzo aurkeztu zuen Josu Okiñena pianista donostiar eta Musikeneko irakasleak, Pello Leiñena Musikaren Euskal Artxiboko zuzendaria eta Miguel Martin ekimenean bidelagun duen Donostia Kulturako arduradunarekin batera.

Okiñenak aipatu zuenez, "publikoaren aldetik oso arrakastatsu" abiatu arren, pandemiaren eraginez hiru saio bertan behera utzi behar izan zituzten lehen edizioko zailtasunen ondoren, bigarren ziklo honek osasun-krisiari aurre egingo omen dio berriz ere, ia kontzertu eta agertoki kopuru bikoitza programatuz. Beti ere euskal sorkuntza eta nazioarteko errepertorio klasikoko konposizioak batzen dituen programa ardatz izanik, errezitaldi guztiak formatu txikikoak izango dira, bakarlarien edo gehienez lau instrumentistako ganbera-taldeen eskutik.

Zikloa igande honetan hasiko da Victoria Eugenia antzokiko Club aretoan. Bertan izango da Rafael Aguirre gitarrista, Okiñenak aitortu duenez, bere instrumentuarentzat Tomas Mugicak duen errepertorio handiarekin harrituta omen dagoena, konpositore tolosarraren lanari aintzatespena eginez. Baturan hainbat musikagileren konposizioak berreskuratuko dira: bere lanak Mexikon galdu ziren eta "nortasun handiko" sortzailea izandako Emiliana de Zubeldiarenak, bere ibilbide gehiena Argentinan garatu zuen Aita Madinarenak, bai eta apenas ezagu-tzen ditugun Lizarrako Olazaran eta Hector Tosarrenak ere.

Donostiako antzokian arituko dira, halaber, Massimo Somenzi pianista italiarra, azaroaren 27an; New Yorken bizi eta Julliard School of Music-en irakasle den Konstantin Soukhovestki errusiarra, otsailaren 6an; eta Gloria De Piante Vicin, martxoaren 8an.