mirarte

Gipuzkoan Gazte Tour kultura-zirkuitua programa aberatsarekin itzuliko da

La Basu, Anne Lukin, Dupla, Chica Sobresalto eta Anier artistek hartuko dute parte, beste askoren artean

28.09.2021 | 00:12
Anne Lukinek Gipuzkoan Gazte Tour programan parte hartuko du aurten. Argazkia: Oskar Montero

donostia – Pandemiaren ondorioz 2020an geldialdia egin ostean, bueltan da berriro ere Gipuzkoan Gazte Tour, 12 eta 25 urte bitarteko gazteei zuzendutako aisialdi aktibo eta parte-hartzailearen kultura-zirkuitua. Gipuzkoako Foru Aldundiaren "programa historikoa" da, lehen Gaztemania deitzen zena. Hainbat jarduera biltzen ditu hizkuntzaren eta arte eszenikoen inguruan eta aurtengo ekitaldiak sei herri desberdinetan egingo dira.

"Ekimen honen helburu nagusia, gure lurraldeko sei udalekin elkarlanean, Gipuzkoako gazteei programazio kulturala eskaintzea da", azaldu zuen Isaac Palencia Gazteriako foru zuzendariak atzoko prentsaurrekoan. Berarekin izan ziren Maria Ubarretxena Arrasateko alkatea eta Mikel Serrano Zumarragako alkatea ere.

Aurtengo programazioa urria eta abendua bitartean garatuko da Arrasaten, Zumarragan, Andoainen, Hondarribian, Eibarren eta Errenterian. "Kartela askotarikoa da eta lurraldeko gazteekin batera antolatu dugu, batez ere sare sozialen bidez", azaldu zuen Palenciak.

Ohikoa denez, edizio honetan ere "lehen mailako artistak" izango dira protagonista. Beste askoren artean, honakoek hartuko dute parte: Hard GZ, Anier, Foyone eta Delaossa raperoek; Sofia Gabanna, Anne Lukin, Chica Sobresalto eta Ainhoa Larrañaga abeslariek, eta Dupla taldeak.

"Gai desberdinak jorratuko dituzten masterclassak ere antolatu ditugu, gazteei asko gustatzen bai-tzaizkie. Besteak beste, hip-hopa, dantza, feminismoa, musika eta kaleko artea izango ditugu mintzagai", adierazi zuen Palenciak. Horrez gain, bertako artista gazteek ere euren talentua erakusteko aukera izango dute edizio honetan.

programa


Lehen bi hitzorduak urrian bertan izango dira Arrasaten eta Zumarragan. Azaroaren 13an eta 27an Andoainera eta Hondarribira iritsiko da Gipuzkoan Gazte Tour, eta abenduaren 11n eta 19an Eibarrera eta Errenteriara. Gainera, Andoainek eta Errenteriak estreinakoz hartuko dute parte programa honetan.

Lehenengo geldialdia Arrasaten izango da, urriaren 2an. Arratsaldeko 16.00etan masterclass bat eskainiko da Pablo Uranga kaleko herriko gaztegunean. Hip-hoparen munduan murgiltzeko hitzaldia eta rap tailerra izango dira La Basu raperoarekin. Masterclasserako izen ematea doakoa izango da edukiera bete arte, gaztetxokoetan, gazte bulegoan edo arrasate.eus webgunean.

Horren ostean, kontzertuak antolatu dituzte herriko plazan, giroak lagunduz gero; eguraldia txarrarekin, Amaia Antzokian egingo lirateke. Hasierako gonbidatuak Denso, Tatta eta Mutiko izango dira, eta 17.30tatik 18.00etara eskainiko dute euren ikuskizuna.

Jarraian, Shaolin Monkey-ren txanda izango da. Bartzelonako artista honek hainbat single kaleratu ditu bere ibilbidean zehar, eta 2019an Coto de Caza izeneko lana argitaratu zuen.

Ondoren, Anier igoko da oholtzara. Aitortu izan duenez, kasualitate hutsez iritsi omen zen hip-hoparen mundura; orain, ordea, nekez egingo dio hiri mugimendu nagusi horrek muzin Anier-i. Bartzelonako rap kantariak distira, biribiltasuna, azpikeria, ausardia, zarata eta amorrua ematen baitizkio.

Eta eguna amaitzeko Hard GZren kontzertuarekin gozatzeko aukera aparta. Pedro Ruibal rap kantari galiziarra Vigon jaio zen 1995ean. A Coruñan hazi eta hantxe egin zuen topo hip-hoparekin, Hard GZ bilakatuz.

Zumarragan berriz, urriaren 16an GKOk grafiti tailerra eskainiko du Zelai Aristi frontoian eguerdiko 12.00etan. Pintura-teknika desberdinak, diseinu bat hutsetik sortzearen nondik norakoak eta, azkenik, parte-hartzaileek beraiek sortuko dituzten bi horma-irudi garatzeko egin beharreko erremateak ere azalduko dira bertan. Masterclass hau irekia izango da.

Jarraian, 18.15etik aurrera, doako kontzertuen txanda iritsiko da Izazpi plazako aterpean. Lehendabiziko gonbidatuak Dj Beniz eta Aigory izango dira. Ander García de Albéniz Vidarte, musikaren munduan Dj Beniz izenez ezagun dena, Zumarragan jaio eta hamahiru urterekin hasi zen rap musika en-tzuten. Artilleria Pesada taldearekin eman zion bide bere zaletasunari, eta hura desegin zenean, Carhe taldekidearekin jarraitu zuen bere ibilbidea. Aigory aldiz, Altza auzoan jaiotakoa da eta bere bizipenak kantuen bidez azaltzen ditu zortzi urte zituenez geroztik.

Sofia Gabanna Bartzelonan bizi den artista argentinarraren ikuskizuna ere eskainiko da Zumarragan, eta azkenik, Foyoneren txanda izango da. Malagako raperoa 2011ean hasi zen #RapSinCorte sagarekin, eta horri esker azkar egin zuen bere lekutxoa hip-hoparen munduan.

noticias de noticiasdegipuzkoa