Zarautzko Modelo zineman hasiko da bihar Adarretatik musika jaialdia. Laugarren aldia izango da eta igandera arte luzatuko da. Azalpenak Mikel Unzurrunzaga, Makala, jaialdiaren antolatzaileak eman ditu.

Covid-19aren pandemiaren ondorioz eratorritako egoera honetan, antolatzaileek ez dute apropos ikusi, oraindik, aire librean kontzerturik eskaintzea. Horregatik, esku artean zituzten aukera guztien artean Modelorena gailendu zen bere egokitasunarengatik. Gaitzaren aurkako neurriak direla eta, aretoko eserlekuak, noski, mugatuak izango dira. Zehazki, 115 ikusle bertaratu ahal izango dira, edukieraren erdia. Beste aukera batzuk ere bazeuden, Lizardi pabiloia, esate baterako, edota iaz jaialdirako erabili zuten kiroldegia bera. Baina, bi aukera horiek ez zituzten apropos ikusi musika jaialdi baterako, oso akustika zaila dutelakoan. Horregatik, Zarauzko erdigunean dagoen eta akustika hobea duen kokaleku baten alde egin zuten, Modeloren alde.

Artista gonbidatuak, Adarretatik jaialdian

Adarretatik jaialdiak bere betiko ildoari jarraituko dio laugarren edizio honetan, hau da, munduko musikak -jazza, soula, funka, esaterako- euskal musikarekin uztartzea. Aurtengo beste berritasun bat ere komentatu du Makalak, izan ere, kanpotik etorritako taldeek Zarautz bertako musikariak izango baitituzte gonbidatu.

Bihar, funk, soul eta jazz estiloetan iaioa den Bilboko The Cherry Boppers zortzikoteak emango dio hasiera jaialdiko programari. The Cherry Boppers taldeak hamabost urte daramatza errepidean. Epe horretan dozena erdi bat disko kaleratu ditu eta nazioartean ere jardundakoak dira. Are gehiago, Donostiako Jazzaldian ere jo dute, Sly & the Family Stone talde estatubatuar talde klasikoaren atariko bezala: “Ibilbide oparo eta sendoa dute”. Lidia Insausti izango da Bilbokoen gonbidatua Modelo aretoan. Insausti, Makala bera bezalaxe, Arima Soul laukoteko kide da, konkretuki abeslaria. Lauzpabost kantu abestuko ditu kontzertuaren amaieran.

“Ostiralean Zarauzko talde emergente bat programatu dugu”, azaldu du antolatzaileak. Martín de Marte taldeaz ari da, Martin Muruak, Ion Ferrerak, Xabier Aramendik eta Nikolas Eizagirrek osatzen duten pop-rock taldeaz. “Esango nuke gaur egun Zarautzen daukagun talderik interesgarriena dela -dio ezbairik gabe Makalak-. Eta ez da soilik nire iritzi pertsonala, Kutxa Kultur Musika programan hautatuak izan baitira eta VillaSoundBilbao lehiaketan ere saritu egin dituzte”.

Larunbatean Zaragozatik etorritako Irregular Roots laukoteak joko du. Iaz Adarretatik jaialdian hondartzan jotzekoak ziren, baina pandemiak urtebetez atzeratu du haien bisita. 2010ean sortutako reggae taldea da, eta hamarkada bateko ibilbidearen ondoren, aurten, Estatu mailako reggae talde onenaren saria jaso dute. Irregular Rootsek ere izango du gonbidatu berezi bat euren kontzertuan: King Konsul reggae abeslari euskalduna.

Igandean amaituko da jaialdia eta egun horretan euskal kantagintzaren adierazle nagusienetako batek hartuko du mikrofonoa: Amaia Zubiriak -orain dela gutxi, hain zuzen ere, bere ibilbidearen aitortzako Adarra Saria jaso berri duena-. “Emakumezko ahots ederrenetarikoa da Zubiriarena”, dio Makalak. Artista donostiarrarekin batera, Karlos Gimenez, Gonzalo Tejada eta Luis Camino arituko dira.