- Euskadiko Filmategiak Donostia eta Getxoko jazzaldiekin elkarlanean antolatutako Jazzinema zikloak, Italiako zinemari keinu bat egingo dio estreinakoz bosgarren edizioan; guztira, zazpi film proiektatuko dira Tabakalera zentroan eta Bilboko Arte Ederren Museoan.

Egitaraua uztailaren 2an hasiko da Tabakaleran eta 3an Bilbon, Un día volveré filmarekin; Martin Rittek 1961ean zuzendu zuen Parisko jazz klubetan egindako bidaia hau, eta Miguel Martin Jazzaldiaren zuzendariak aurkeztuko du.

Claudia Cardinale, Totó, Vittorio Gassman eta Marcello Mastroianni protagonista dituen Mario Monicelliren Rufufú komediak jazza txertatu zuen Piero Umilianiri esker, eta hauxe izango da karteldegiko lehen film italiarra. Uztailaren 8an emango dute Donostian eta 10ean Bizkaiko hiriburuan.

Aukeratutako beste film italiarra La noche izango da. Michelangelo Antonioniren luzemetrai honetan, bere herrialdeko jazzaren izenik handienetako baten, Giorgio Gasliniren, soinu banda nabarmen-tzen da. Uztailaren 17an iritsiko da Bilbora eta 21ean Tabakalerara.

Gainera, Euskadiko Filmategiak martxoan hil zen Bertrand Tavernier omenduko du, Gauerdi inguruan filmarekin; bertan, errealizadore fran-tziarrak Dexter Gordon eta Herbie Hancocken musika erabili zuen.

Edizio honetan parte hartuko duen beste filmetako bat Jean-Pierre Melvilleren Círculo rojo izango da. Kopia zaharberritu berri bat ikusi ahal izango da eta, lan horretarako, Éric Demarsanek jazzetik oso hurbileko musika sortu zuen.

Londresko jazzaren gaueko munduan murgilduz Charles Mingus eta Dave Brubecken parte-hartzaile diren Basil Deardenen Noche de pesadilla filmak osatuko du egitaraua; eta bosgarren edizioa amai-tzeko Alexander Mackendrick-en lehen zinta amerikarra, Chantaje en Broadway, Elmer Bernsteinen soinu bandarekin.

Guztira, zazpi film proiektatuko dira Tabakalera zentroan eta Bilboko Arte Ederren Museoan