Amaia Zubiria abeslariak aurtengo Adarra saria jaso du gaur arratsaldean Donostiako Victoria Eugenia Antzokian. Marijose Recalde artista nafarrak sortutako eskultura Eneko Goia Donostiako alkateraren eskutik jaso du eta horren bidez, euskal kantagintza tradizionala gaurkotzen eta euskal zinemagintzan egin duen lana aitortu diote.
Amaia Zubiriak 1977an hasi zuen bere ibilbide profesionala euskal kantagintza tradizionalean eta gaur egunera arte, kantu ugari sortzen jarraitu du. Horrekin batera, belaunaldi berrietako euskal musikari askoren eredu ere bada.
Saria jaso ondoren, kontzertu bat eskaini du bere ibilbide musikalean bidelagun izan dituen hainbat musikari gonbidaturekin batera: Pascal Gaigne, Karlos Giménez, Ángel Unzu, Iñaki Salvador, Aitor Furundarena, Ritxi Salaberria, Gonzalo Tejada, Luis Camino eta Manu Gaigne.
- Amaia Zubiria: "Gauzak ondo egiten saiatuko naiz, baina, batez ere, maitatzen utziko naiz"
Era berean, Maider Ansa, Jaione Olazabal, Matixa Otero, Francisco Herrero eta Ainara Ortega, bere seme Edorta Amurua Zubiria eta Maialen Lujanbio eta Jon Maia artista eta bertsolariek ere hartu dute parte kontzertuan.
Donostiako Udalak eta Donostia Kulturak 2014an sortu zuten Adarra saria urtero euskal musikan garrantzi bereziko ibilbidea egin duten musikariak saritzeko. Gaur arte, saria jaso dutenak Mikel Laboa, Ruper Ordorika, Benito Lertxundi, Fermin Muguruza, Anari, Berri Txarrak eta Kepa Junkera izan dira.